Datuek agerian uzten dute beharrezkoa dela Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna
UPV/EHUk azpimarratzen du funtsezkoa dela zientzia eta teknologia arloetako profesionalak ikusaraztea, erreferente izan daitezen
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2024/02/08
2015eko abenduan, Nazio Batuetako Batzar Nagusiak erabaki zuen Zientzian eta Teknologian emakumeek eta neskek jokatzen duten rol kritikoa aitortu behar zela. Horretarako data bat ezarri zen: otsailak 11. Harrezkero, Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunaren garrantziak gora egin du.
Datorren igandean egun horren beste edizio bat egingo da, eta STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika, ingeleseko siglen arabera) ikasketek Euskal Herriko Unibertsitatean duten egoera aztertzeko aukera paregabea izango da. Are gehiago, Berdintasunerako Batzordeak Berdintasunerako IV. Planaren zirriborroa egin du. Une honetan plan hori gizarteratzen ari da, eta ardatz guztien zeharkako ildoetako bat STEAM bokazioak sustatzea izango da. Hori egiteko beharra plana burutzeko egin den aurretiazko diagnostiko-txostenetik ondorioztatzen diren hainbat datutan islatzen da.
Txosten horren arabera, Ingeniaritza eta Arkitektura arloa da emakumeen presentzia txikiena duena, % 30etik beherakoa aztertutako ikasturte guztietan. Alde handia dago UPV/EHUko ikasketa-arloen artean: Osasun Zientzien arloa oso feminizatuta dago (graduko ikasketetan emakumeak % 77,6 dira), eta, ondoren, Arteak eta Humanitateak (% 69,3) eta Gizarte eta Lege Zientziak ( % 60,6) daude. Zientzien arloan ere emakume gehiago dago, baina datu orokorrekin bat datorren portzentaje batean ( % 54). Emakumeen presentzia txikiena duen arloa Ingeniaritza eta Arkitektura da, non emakumeak ez diren % 30era iristen ( % 29,2). Emakumeen presentzia arlo guztietan hazi da Zientzietan izan ezik.
Doktorego-tesien datua itxaropentsuagoa da, gizonek eta emakumeek defendatutako tesien ehunekoak antzekoak baitira. Ingeniaritzan eta Arkitekturan, berriz, kontrakoa gertatzen da: graduko ikasleen % 29,2 emakumeak dira, eta emakumeek defendatzen dute tesien % 48,7.
Irakasle eta ikertzaileen kasuan, emakumeen ehunekoa oso desberdina da irakaskuntza arloaren arabera. Osasun Zientzietan, langileen % 59,1 emakumeak dira; Gizarte eta Lege Zientzietan, % 56,7; eta Arteetan eta Giza Zientzietan, % 50,6. Bestalde, Zientzietan, irakasle eta ikertzaileen % 44 emakumeak dira, eta Ingeniaritza eta Arkitekturan, % 35,6.
Beraz, diziplinen artean genero-arrakala dagoela berresten da: Osasunarekin, Hezkuntzarekin eta Gizarte Zientziekin zerikusia dutenetan, gehiengoa emakumeak dira. Zientziari, Teknologiari eta Ingeniaritzari lotutakoetan, gutxiengoa izaten jarraitzen dute. Hortaz, pertsona guztiek beren buruari galdetu behar diote zergatik gertatzen diren desberdintasun horiek. Oraindik ere beharrezkoa da Neskatoaren eta Emakumearen Eguna Zientzian ospatzea eta, batez ere, urte osoan lan egitea arrakala hori iraultzen joateko.
Hori dela eta, Eva Ferreirak, UPV/EHUko errektoreak eta Crue-Unibertsitateak erakundeko Berdintasunerako ordezkariak, honako hau adierazi du: “Ospakizun hau atentzio deia da, oztopoak eta estereotipoak hautsi nahi dituen aldarrikapen ekitaldia. Emakumeek zientzian duten zeregina azpimarratzeko aprobetxatu nahi dugu, estereotipoak hautsiz eta historian zehar ugariak izan diren emakumeen ekarpenak erakutsiz. Eta hori guztia, debekuak, zailtasunak eta ikusezintasunaren zigor erantsia bizi izan arren. Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzea, beraz, beharrezkoa da oraindik gure gizartean berdintasuna lortzeko”.
Rol kulturalak
"UPV/EHUn STEAM titulazioak ikasten ari diren emakumeen datuek, estatuko beste unibertsitate batzuetakoen antzekoak, agerian uzten dute genero-joera batzuk daudela, eta joera horiek femeninoari eta maskulinoari buruzko rol kulturaletan dute jatorria", azaldu du Elena Leiñena Unibertsitateko Berdintasunerako zuzendariak.
Genero-joeraren ebidentzia esanguratsu bat Informatikako edo Matematikako titulazioetan aurkitzen dugu. Espainian, joan den mendeko 80ko hamarkadan, titulazioa lizentziatura bat zenean, gizonek baino emakume gehiagok egiten zuten. Hala ere, 90eko hamarkadan, ingeniaritzak deitzen hasi zirenean, emakumeen ehunekoak behera egin zuen. Gaur egun, neskak % 16 baino ez dira. Ehuneko hori zertxobait handiagoa da UPV/EHUn, non ikasturte honetan % 19ra iristen den.
Antzeko zerbait gertatzen da matematiketan. Joan den mendeko 80ko hamarkadatik XXI. mendeko lehen urteetara, ikasle emakumeak gehiengo argia ziren ikasgeletan. Hala ere, urte horietatik aurrera, gizarte aintzatespenaz gain, eta merkatu teknologikoen eta adimen artifizialaren agerpen eta hedapenaren ondorioz, ikasle emakumeen ehunekoa nabarmen jaisten hasi zen: gaur egun Espainian % 35ekoa da. "Zorionez, euskal unibertsitate publikoaren kasuan, matematikarekin lotura zuzena duten titulazioetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua da", gehitu du Leiñenak.
Euskal unibertsitate publikoak jardunaldi honen inguruan antolatutako ekintzak otsailean zehar izango dira. Hala, alde batetik, zientzia- eta teknologia-arloetako emakume profesionalak ikusarazteko eta aintzatesteko jarduerak antolatu dira, gazteek erreferenteak izan ditzaten, hala nola "Emakume Zientzialariak atzo eta gaur". Jarduera horien helburua gure ikertzaileen ibilbide zientifikoa ezagutaraztea da, "Emakumeak Zientzian" ekitaldiaren barruan.
Eta, bestetik, tailer edo jarduera ugari egingo dira, neskei eta nerabeei diziplina horietara ohitzeko, gozatzeko eta trebetasunak zabaltzeko aukera emango dietenak. Era berean, ekainaren 4an “Generoa eta zientziaren komunikazioa” jardunaldiaren bigarren edizioa egingo da, Kultura Zientifikoko Katedraren eskutik. Helburua da genero-ikuspegia duen komunikazio zientifikoaren errealitatea ezagutu eta honetan sakontzea. Komunikazio inklusiboa lortzeko praktika eta tresna onenak ezagutzeko aukera emango duen ekitaldia da.