UPV/EHUri atxikitako Asier Gómez-Olivencia Ikerbasqueko ikertzailea eta Tel Aviveko Ono Academic Collegeko Ella Been doktorea buru dituen ikerketa-taldeak Kebara 2 deritzon gizabanakoaren torax fosil osoaren lehenengo berreraiketa birtuala egin dute. Emaitzek desberdintasun morfologiko adierazkorrak erakutsi dituzte, eta horien arabera, litekeena da Neandertalek arnas-mekanismo desberdina izatea oraingo gizakien aldean. Ikerlanak berretsi du neandertalek edukiera handiagoko birikak eta bizkarrezur egonkorrago zituztela dioen teoria. Emaitzak Nature Communications aldizkari ospetsuan argitaratu dira.
Neandertalen toraxaren berreraiketa baten arabera, espezie honek arnas-mekanika desberdina zuen
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2018/10/31
Neandertalen bizkarrezurra egungo gizakiena baino egonkorragoa zen. Era berean, beheko saihetsezurretan orientazio horizontalagoa zutela ikusirik, ikertzaileek uste dute haien arnasketa diafragmarekin lotuago zegoela Homo sapiensena baino, azken honen arnasketa arnasketa diafragmari nahiz kutxa torazikoaren hedapenari lotuta baitago. UPV/EHUri atxikitako Asier Gómez-Olivencia Ikerbasqueko ikertzailea eta Tel Aviveko Ono Academic Collegeko Ella Been ikertzailea buru eta Zientzia Naturalen Museo Nazionala (MNCN-CSIC) partaide duen ikerlan honetarako, Kebarako (Israel) aztarnategiko arrasto fosilak aztertu dituzte, Kebara 2 deritzon gizabanakoarenak, zehazkiago esanda.
Toraxaren modelo birtuala sortzeko, ikertzaileek, egun Tel Aviveko Unibertsitatean gordeta dagoen Kebara 2ren eskeletoaren behaketa zuzenekin batera, ondo kontuan hartu dituzte ornoei, saihetsezurrei eta hezur pelbikoei egindako eskanerrak (tomografia axial konputerizatua). Osagai anatomiko guztiak bilduta, berreraiketa birtuala egiteko, helburu honetarako propio diseinatutako 3D softwarea erabili da. “Hau zehaztasun handiz egindako lana izan da”, ziurtatu du Israelgo Bar Ilan Universityko Alon Barash-ek. “Orno eta saihetsezur-zati guzti-guztiak eskaneatu behar izan ditugu, gero birtualki 3Dan birkokatzeko”.
“Berreraiketa prozesurako, nahitaezkoa izan da itxuragabetuta zeuden hezur batzuk birtualkin ‘moztu’ eta berriro lerrokatzea, eta kontserbazio-egoerarik onenean zeuden saihetsezurren irudien laguntzaz, beste aldean egoera kaskarragoan zeudenak ordezkatu ahal izan ditugu”, adierazi du UPV/EHUn lanean diharduen Asier Gómez-Olivencia Ikerbasqueko ikertzaileak.
“Neandertalen eta egungo gizakien toraxen arteko desberdintasunak harritzeko modukoak dira”, ziurtatu du Markus Bastir ikerlanaren egilekideak. “Neandertalengan, bizkarrezurrak saihetsezurrekin duen finkapenak bizkarrezur egonkorragoa iradokitzen du. Horrekin batera, toraxa zabalagoa da beheko aldean”, gaineratu du Mikel Arlegik (UPV/EHU).
“Berreraiketan ikus daitekeenez, toraxa beheko aldean zabalagoa izateak eta saihetsezurrek duten orientazio horizontalagoak neandertalen arnasketa diafragmarekin lotuago zegoela iradokitzen dute”, azaldu du Ono Academic Collegeko Ella Been-ek. “Gure espeziearen arnasketa diafragmari nahiz kutxa torazikoaren hedapenari lotuta dago. Horren harira, arrasto fosilen azterketan teknologia eta metodologia berriak erabiltzeak desagertuta dauden espezieak ulertzen lagunduko digun informazio berria eskaintzen digu”.
Emaitza hauek bat datoz, lan honen egilekide diren Markus Bastir eta Daniel García-Martínez ikertzaileek (Madrilgo Historia Naturalaren Museo Nazionaleko Antropologia Birtualeko Laborategia), neandertalen biriken edukiera handiagoa frogatuz osatu berri duten lanarekin.
Washingtongo Unibertsitateko Patricia Kramer-ek laburbildu duenez, “lan honek bukaera eman dio neandertalen toraxari buruzko 15 urteko ikerketari, eta etorkizunean egingo diren azterketa genetikoetan, neandertalen arnas-fisiologiari buruzko argibide osagarriak lortzea espero dugu”.
Neandertalei buruzko ezagutzan aurrera eginez
Neandertalak deritzen ehiztari-biltzaileak 200 mila urte baino gehiagoz bizi izan ziren mendebaldeko Eurasian, aro glaziarretan nahiz glaziazio arteko aroetan, harik eta duela 40 mila urte inguru desagertu ziren arte. Desagertutako gizaki haien alde anatomiko batzuk nahiko ondo ezagutzen diren arren, erregistro fosilean horren ondo kontserbatu ez diren beste elementu hauskorrago batzuk (bizkarrezurra eta saihetsezurrak, kasu) dexente ezezagunagoak dira.
1983ean, duela 60 mila urte inguru hil zen gizonezko neandertal gazte baten (Moises izengoitiaz ezagutu baina ofizialki Kebara 2 deritzona) eskeleto partziala aurkitu zuten Kebarako aztarnategian (Karmelo Mendia, Israel). Eskeletoak ez du burezurrik, izan ere, seguru aski hileta-erritual baten ondorioz, gorputzetik baztertu baitzuten. Aldiz, orno eta saihetsezur guztiak kontserbatu ditu, baita pelbisa eta hioide hezurra (mihiaren gihar batzuei eusten dioten lepoko hezurra) bezalako beste alde anatomiko hauskor batzuk. Hortaz, hauxe da neandertalen erregistro fosilean toraxik osoena duen eskeletoa.
Azken 150 urteotan, neandertalen arrastoak berreskuratu dira Europako eta Asia mendebaldeko leku askotan (Ekialde Hurbilean ere bai), eta giza-espezie honen toraxaren forma eztabaidagai bihurtu da 1856an giza-talde honi dagozkion lehendabiziko saihetsezurrak aurkitu zirenez geroztik.
Azken hamarkadan, berreraiketa birtuala fosilen azterketan gero eta maizago erabiltzen den tresna bilakatu da. Metodologia hau oso baliagarria da toraxa osatzen duten ornoak eta saihetsezurrak bezalako arrasto fosil hauskorren kasuan.
Lan hau egin duen nazioarteko ikerketa-taldeko kideak honako erakunde hauetakoak dira: Ikerbasque, Euskal Herriko Unibertsitatea, Université de Bordeaux, Ono Academic College, Tel Aviv University, University of Washington, Bar Ilan University eta Madrilgo Zientzia Naturalen Museo Nazionala.Erreferentzia bibliografikoa
- 3D virtual reconstruction of the Kebara 2 Neandertal thorax
- Nature communications
- DOI: 10.1038/s41467-018-06803-z