euskaraespañol

Eguneko irudia

Garunaren atlas berriak haren patologiak ikertzeko bide alternatiboak ireki ditu

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/06

garunaren atlasa

Ikerketaren buru BioCrucesko Jesus M. Cortesek agerian utzi du zenbaterainoko mendekotasuna duten elkarrekin lotura estrukturalak eta lotura funtzionalen sareak

Garuna oso sistema dinamiko konplexua da. Alde batetik, substantzia grisa du —hor egoten dira neuronak, alderdi sentsorialetatik eta garuneko beste alderdi batzuetatik datorren informazioa prozesatzen—, eta, beste alde batetik, substantzia zuria, substantzia grisa duten alderdiak zuntzen bidez elkarrekin lotzen dituenak era efizientean komunikatzeko eta zeregin kognitibo konplexuetan laguntzeko (zuntzen mapa hau garuneko errepideen modukoa da). Funtsezkoa da alderdi horien interakzio funtzionala, garunak behar bezala funtziona dezan: diotenez, pertsona batek kontsumitzen duen energiaren %20 garunak erabiltzen du, lotura horiek ezartzeko eta mantentzeko.

Gaur arte, ikerketa asko izan dira garunak eta haren antolamendu estrukturalak nola funtzionatzen duten ulertzeko, baina asko dago ikasteko oraindik.

Jesus M. Cortes (Ikerbasqueko irakaslea Biocrucesko Ikerketa Sanitariorako Institutukoan eta UPV/EHUko Biologia Zelular eta Histologia Departamentuko laguntzaile akademikoa) buru izan duen azterketa berri batek argi pixka bat eman dio arazoari. Ikerlana Nature Scientific Reports ospe handiko aldizkarian argitaratu da eta liburuko lehen egilea Ibai Diez izan da, telekomunikazioko ingeniaria eta Biocruces Institutuko partaidea. Izan ere, ikerketan, hiru diziplinatako teknikak konbinatu dira: neurozientzia, irudien prozesamendua eta sareen teoria. Bereziki, garunaren datu estrukturalak (zuntzak) eta funtzionalak (garunaren jarduera funtzionala) elkartu dira eskala handian, nola antolatzen den analizatzeko. Analisiaren emaitzetan, garuna atlas batean zatikatzea lortu da, eta ikusi da eredu funtzional eta estruktural berari jarraitzen diola. Lehen aldia da, horrelako garun-atlasa eratzen dena datu estrukturalak eta funtzionalak konbinatuta; orain arte, erabat estrukturalak (anatomikoak) ziren erabilitako atlasak edo erabat funtzionalak.

Garunaren zatikatze berri honekin, lehen aldiz jartzen da ebidentzian zer-nolako mendekotasun indartsua dagoen lotura estrukturalaren eta lotura funtzionalen sareen artean. Atlasa sendoa da, eta banako askoren eredu gisa balio du (datuak beste subjektu batzuekin eta beste erresonantzia magnetikoko makinekin balidatu dira).

Patologia neurologiko askok eragiten diote nerbio-sistema zentralari. Patologia horietako askok jatorri estrukturala izaten dute; esaterako, garuneko eta entzefaloko traumatismoak eta alzheimer eta parkinson gaixotasun neurodegeneratiboak (zuntz-galera handia gertatzean agertzen dira). Beste batzuek jatorri funtzionala izan dezakete; buruko min soila, migraina eta baita krisi epileptikoa ere. Jakina da min estruktural batek alterazio funtzionala eragiten duela (alzheimerretako zuntz-galerak memoria-galera eragiten du, eta abar). eta alderantziz; eraso epileptiko askoren ondoren pertsonek galera neuronalak izaten dituzte zenbait alderditan. Hala, estrukturak eta funtzioak elkarrekin estu lotuta daude; izan ere, bateko alterazioek bestean eragiten dute, eta alderantziz.

Atlas berria subjektu osasuntsuen datuetatik lortu da. Orain, eskualde bakoitzeko alterazioak aztertzen ari dira zahartzean eta garuneko eta entzefaloko traumatismo moderatu-larria duten pazienteengan. Hemendik aurrera, atlaseko eskualdeetako alterazioak aztertuta, bide alternatiboak zabal daitezke, patologiak ulertzeko lagungarri; izan ere, atlaseko eskualdeetako anomaliek oreka-galera adierazten dute aldi berean garunaren funtzioan eta/edo estrukturan.

Ikerketan honako hauek hartu dute parte: Neuroimagen Computacional taldeak eta BioCruces Biomedicina Cuantitativa del Instituto de Investigación Sanitaria plataformak. Institutuak erakusten zer-nolako apustua egin duen herrialdeak osasunaren zientzien alde, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean eta Espezializazio Inteligenterako Estrategian, biak ere Osakidetzaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta BIOEF fundazioaren bitartez landuak. Nazioarteko elitean kokatzen du gure ikerkuntza ekimen honek, ikerketak erakutsi duen bezala; hain zuzen, bertan aritu dira lanean Granadako, Bariko (Italia) eta Tel Aviveko (Israel) unibertsitateak.

Aipamen bibliografikoa
I. Diez, P. Bonifazi, I. Escudero, B. Mateos, M.A. Munoz, S. Stramaglia and J.M. Cortes A novel brain partition highlights the modular skeleton shared by structure and function Nature Scientific Reports (2015). doi: 10.1038/srep10532