euskaraespañol

Eguneko irudia

In memoriam: Víctor Urrutia

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/30

Víctor Urrutia aitzindari izan zen Euskadin eta Euskaditik eginiko Soziologian: Zientzia Politiko eta Soziologiako doktorea Deustuko Unibertsitatean (1984), Master of Arts Nueva Yorkeko New School for Social Research-en (1983) eta UPV/EHUko Hiri Soziologiako katedraduna. Soziologiarekin eta hiri politikekin lotutako ikasketetan espezializatu zen (plangintza, hirietako gizarte mugimenduak, elkartegintza). Hainbat liburu eta artikulu idatzi zituen gai horiei buruz, eta ezin konta ahala ponentzia, komunikazio eta hitzaldi eman zituen.

Esan genezake Víctorren lan akademikoak benetako eskola sortu zuela. Asko badira ere haren klaseetatik igaro eta haren zuzendaritzapean doktore tesiak egin dituzten ikasleak, askoz gehiago gara geure ibilbide profesionalean aurrera egiteko inoiz haren laguntza eta inspirazio bila jo dugun soziologoak eta politologoak. Unibertsitateko irakasle eta ikerlari gisa, Víctor erreferentzia sendo izan zen beti soziologiaren bidean hasi edo aurrera egin nahi zutenentzat. Euskal Soziologia eta Zientzia Politikoaren Elkartean egin zuen lan eskerga –lehendakari gisa, besteak beste– gizon honen konpromisoaren beste erakusgarri bat besterik ez da.

Ikerketa eta topaketa zientifikoko sareak eta egiturak sortzeko ipini zuen kemena, jakintza gizartera transferitzeari eman zion garrantzia eta ezin konta ahala doktoregoko epaimahaitan izan zuen parte hartzea –epaimahaiburu gisa, gehienetan– haren prestasunaren adibide gutxi batzuk baino ez dira. Ez alferrik, prest egon zen beti gogotsu laguntzeko ibilbide akademiko eta profesionalak ezaugarritzen dituzten fase guztietan.

2016ko uztailean, Espainiako Soziologia Federazioak Víctorren ibilbide akademikoa aitortu zuen, eta bere Ohorezko Kideen talde selektoan sartu zuen.

Víctor Urrutia, gainera, eredu izan da Soziologia Publikoa deritzonaren jardunean. Zehazki, ikuspegi honetatik: “ezagutza haren inspiratzaileei itzultzen saiatzea, publikoak eginez arazo pribatuei dagozkien auziak, soziologiaren zerizan morala eraberrituz era horretan” (M. Burawoy). Víctorrek, jakina denez, euskal gizartearentzat funtsezkoak izan diren eztabaida ugaritan parte hartu zuen. Gaur egungo gizarte prozesuen analista zorrotz gisa –baina baita prozesu horiek sortzen dituzten arazoekin konprometitutako herritar gisa ere–, era guztietako foroetan parte hartu zuen, gure gizartearen orainari eta etorkizunari buruz gogoeta eginez, eta arreta berezia jarriz bizikidetzari eta pluraltasunari lotutako auzietan, gizarte kohesioan, balioetan, berdintasunean, etab. Zintzotasunaren eta elkarrizketaren alde zuen jarrerari esker, arrazoian oinarritutako ikuspegi bat eransten zien beti eztabaida horiei, adostasunak bilatzeari begira.

Eguneroko egoeratan adierazitako konpromiso publiko horrek (hitzaldiak, mintegiak, hedabideetako elkarrizketak, etab.) isla izan zuen ere erakunde publikoetan egin zuen ibilbide oparo eta luzean: Espainiako Gobernuko Erlijio Gaietarako zuzendari nagusia (1994-1996), Eusko Legebiltzarrak izendatutako senataria (2005-2009), Euskal Estatistika Institutuko zuzendari nagusia (EUSTAT) eta Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko zuzendaria (2009-2012). Guztiok dakigu zer zailtasun dituen funtzio publikoan aritzeak, eta zer zaila den ere zeregin horren ondoren aurreko lan jarduerara itzultzea. Víctor Urrutia, horretan ere, adibide izan da, erakunde publikoetan eginiko lanaren normalizazioaren adibidea: nork bere ingurune profesional eta sozialarekiko harremana inoiz ez galtzea, zerbitzu bokazioz aritzea soil-soilik, eta jakitun izatea zeregin horiek denboran izan behar duten mugaz.

Euskal gizartearekin izan zuen konpromisoaren erakusgarri, nabarmentzekoa da ere Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean egin zuen gestio jarduera emankorra, bereziki aipatzekoa izanik, garrantziagatik eta konplexutasunagatik, 2000 eta 2004 urteen artean Irakasleen arloko errektoreorde gisa egin zuen lana.

Gaur Victorren galera deitoratzen dugu. Izan bedi haren eredua akuilu lanean jarrai dezagun horren eskuzabalki landu zituen alor guztietan.

 

Imanol Zubero

Soziologia eta Gizarte Langintza Saila

CIVERSITY ikertaldea