Bilbon ospatu den Zinema Ikusezina Nazioarteko Jaialdiaren 9. edizioan euskarazko lanik onenaren saria Iratxe Fresneda UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea saileko irakaslearen filmak jaso du.
Zinema Ikusezina Nazioarteko Jaialdian Iratxe Fresnedaren filmak jaso du euskarazko lanik onenaren saria
‘Irrintziaren Oihartzunak' filmak Mirentxu Loyarte nafar zinemagilearen figura aitortu du
Lehenengo argitaratze data: 2017/10/30
Filmak Mirentxu Loyarte nafar zinemagilearen figura aitortu du, eta UPV/EHU, Euskal Herriko Filmategia eta Emakunderekin arteko elkarlana da. "Irrintziaren oihartzunak (2016) Mirentxu Loyarteren (Iruñea, 1938) sorkuntza-erbestearen erretratua da. Loyarte anonimotasunean dirauten Europako zinemako emakumezko aitzindari ausartenetako bat da; burutugabeko proiektuak gorabehera, Loyartek ez dio inoiz zinemagilea izateari utzi", azaldu du Iratxe Fresnedak.
Irrintziaren Oihartzunak honako zinemaldietan hautatua izan da: Donostiako Zinemaldian, Nanteseko 27. Espainiako Zinemaldian, 48 Nyon Doc Outlook International Market Nazioarteko Zinemaldian, Bartzelonako 25 Mostra Internacional Films de Dones Zinemaldian, 5 Sao Pauloko Move Cinema Arte Nazioarteko jaialdian, Bilboko IX. Zinema Ikusezina jaialdian edo Guangzhou Nazioarteko Zinema Dokumentaleko Jaialdian (Txina), besteak beste. Hainbat kultur gune eta filmateketan proiektatu da bestalde; hala nola, Kataluniako Filmategian, Nafarroako Filmategian, Tabakaleran eta abar.