UPV/EHUko Giza Eskubideak eta Botere Publikoak Katedrak eta heriotza zigorraren aurkako "Pablo Ibar" Elkarteak jardunaldi bat egin dute, UPV/EHUren Bizkaiko Campusean, Ibarren abokatu Benjamin Waxmanekin eta UPV/EHUko Zuzenbide Prozesaleko katedradun Patxi Etxeberriarekin.
"Floridan eta AEBetan Heriotza zigorra indargabetzea nahiko genuke"
Lehenengo argitaratze data: 2017/10/30
Waxman abokatua, hain zuzen ere, Ibar kasuaren apelazio prozesuaz arduratu da 2006tik 2016ra bitartean. 2016ko otsailaren 4an, Floridako Auzitegi Gorenak amaitutzat eman zuen prozesua, eta Pablo Ibarren heriotza zigorra baliogabetu eta beste epaiketa bat egitea agindu zuen.
Hitzaldian, Waxmanek Pablo Ibarren prozesu judizialaren nondik norakoak azaldu ditu; lehenengo aldiz 1994an epaitu zuten Ibar, Floridan, hilketa hirukoitza egin izana leporatuta, baina Floridako epaimahaiak ez zuen ahobatezko erabakirik hartu, eta, horrenbestez, epaiketa baliogabetzat jo zuen.
2000. urtean berriro egin zen epaiketa, eta, orduan, Ibar erruduntzat jo eta heriotza zigorrera kondenatu zuten. Frogen oinarri gisa, funtsean, hilketak gertatu ziren etxeko kamera ezkutu batek grabaturiko bideo bat aurkeztu zuten. Epaimahaiaren ustetan, bideoan agertzen ziren pertsonetako bat Pablo Ibar zen.
Epaia apelatu ondoren, 2006an Floridako Auzitegi Gorenak heriotza zigorra berretsi zion euskal jatorriko estatubatuarrari. Epaimahaiak ikusi zuen hutsak gertatu zirela prozesuan, baina huts horiek "kaltegabeak" ziren eta ez zioten "epaiari eragin", Waxmanen arabera.
Ordutik 2016ra arte, hainbat apelazio errekurtso aurkeztu ziren, prozesua berrikus zedin, frogak balora zitezen eta gertaturiko hutsak detekta zitezen. Besteak beste, defentsak erabaki zuen beharrezkoa zela grabazioaren materiala baloratuko zuen aditu batek parte hartzea: "gure adituak irudiak konparatu zituen, eta ikusi zuen Ibarren aurpegiaren eta bideoko pertsonaren aurpegiaren artean alde handiak zeudela", dio Waxmanek.
Bestalde, oso zalantzan jarri zen Ibarren ofiziozko abokatuak lehenengo epaiketan egin zuen lana; izan ere, frogen hutsuneek eta prozesuaren irregulartasunek bide eman zioten heriotza zigorrari.
Sistema akastuna
Waxmanek adierazi du sistema akastuna dela frogak biltzeko orduan. Haren hitzetan, "metodo zientifikoekin lan egin behar dugu, eta hainbat prozedura erabili, poliziak ez dezan egin kasu honetan egin duena: ez zuen behar beste ikertu; arrasto bat ikusi zuen eta kasua eraiki zuen, benetako bi susmagarriak identifikatzeko arrastoen bila jarraitu beharrean".
Orain, Waxmanek nabarmendu du aurreneko defentsa haren hutsak identifikatu direla eta frogatu dela defentsa ez zela eraginkorra izan. Dioenez, "defentsa taldea osatzen dugun hiru abokatuok zentraturik gaude, hau guztia absoluzio epai batekin amai dadin".
Ibarrek errugabetzat jo zuen bere burua hasiera-hasieratik, eta poliziaren ikerketan esku hartu zuen "ez zeukalako ezkutatzeko ezer eta ez zeukalako zerikusirik krimenarekin", adierazi du Waxmanek.
AEBetan heriotza zigorrari buruz duten iritziaz galdetuta, Waxmanek erantzun du batzuek esaten dutela zigorra berraztertu beharra dagoela eta Talioiaren legea ez dela aplikatu behar. Dena dela, gogorarazi du bera heriotza zigorraren kontrako lantalde batetik datorrela baina hori ez dela ohikoa AEBetako beste jurisprudentzia batzuetan.
Bigarren hitzaldia UPV/EHUko Zuzenbide Prozesaleko katedradun Patxi Etxeberriak eman du. Etxeberriak Espainiako antolamendu juridikoan oinarrituta aztertu du Ibar kasua, eta azpimarratu du bi kultura juridiko desberdin direla, "are gehiago zigor prozesuen kasuan, alde handiak baitaude bi sistemen artean".
Bizkaiko Campuseko errektoreorde Patxi Juaristik inauguratu du jardunaldia, eta aurkezpenean izan dira, halaber, Enara Garro, UPV/EHUko Giza Eskubideak eta Botere Publikoak Katedrakoa, eta Andrés Krakenberger, heriotza zigorraren aurkako "Pablo Ibar" Elkarteko bozeramailea.