euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk eta Ukrainiako unibertsitateak kotutoretzaz egindako lehenengo tesia

Vasyl Shvalyak material ferroelektrikoen ezaugarri termikoak ikertu ditu.

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/26

Vasyl Shvalya. Argazkia: UPV/EHU.

Vasyl Shvalya ikasleak bere doktorego tesia defendatu du joan den urriaren 6an, UPV/EHUk eta Uzhgorodeko Unibertsitate Nazionalak (Ukrainian) sinatutako nazioarteko kotutoretzako hitzarmenaren arabera egindakoa; era horretan, Shavlyak bi herrialdeetan lortu du doktore titulua. Ukrainiako unibertsitate batean kotutoretzaz defendatutako lehen tesia da. Tesia 2005ean hasitako bi unibertsitateen arteko lankidetzaren fruitua da, eta orain jarraitu egiten du nazioarteko kotutoretza erregimenean dagoen bigarren ukraniar ikasle batekin; aurreikusi da 2019an defendatuko duela haren tesia.

Vasyl Shvalyaren tesia "Influence of Isovalent Dopants on Critical Behavior and Dynamic Thermal Properties of Sn(Pb)2P2S(Se)6 Ferroelectric Crystals" deitzen da, eta zuzendari izan ditu Alberto Oleaga, UPV/EHUko Fisika Aplikatua I Saileko zuzendaria, eta Yulian Vysochanskii, Uzhgorodeko Unibertsitate Nazionaleko Erdieroaleen Saileko zuzendaria.

Kotutoretza erregimenaz egindako doktorego tesien helburua da UPV/EHUko eta atzerriko unibertsitateetako ikertaldeen arteko lankidetza zientifikoa bultzatzea eta doktoregaien mugikortasuna erraztea. Egiteko, beharrezkoa da UPV/EHUk eta beste Unibertsitateak lehenago hitzarmen berezi bat edukitzea.

Horrelako hitzarmenak onuragarriak dira, bai doktoregaientzat, bai sinatzen dituzten unibertsitateentzat. "Lehendabiziko onuraduna ikaslea da; izan ere, hitzarmen horri esker, doktorego tesi bat egiten du bi laborategi desberdinetan egonaldi luzetan lan eginez eta bi herrialdeetako talde banatik ikasiz, horrek dakarren aberastasun guztiarekin", Alberto Oleagak adierazi duenez.

Kasu honetan, Vasyl Shvalyak bere lana ingelesez eta ukranieraz ondu du eta, bi ikasturtetan, Fisika Aplikatua I Saileko Teknika Fototermikoen Taldean integratuta egon da Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Erasmus Mundus ACTIVE Europako programak finantzatuta. Gainerako ikerketa Uzhgorodeko Institute for Solid State Physics and Chemistryn egin du.

Ikaslearentzako beste onuretako bat da bi doktorego titulu jaso dituela: bat unibertsitate bakoitzeko. "Horrek guztiak erraztu egingo dio beste unibertsitate batean doktorego ondoko ikertzaile kontratu bat eskuratzea, bere ibilbide zientifikoan beste urrats bat eman dezan", Alberto Oleagak azaldu duenez.

"Gainera, bi ikertaldeak ateratzen gara irabazten: tesi hauen aurretik, ari ginen jada elkarri laguntzen, baina lankidetzaren maila eta intentsitatea nabarmen areagotu dira doktoregoko ikasle bat partekatzean", Alberto Oleagak azaldu duenez. "UPV/EHU oso interesatuta dago horrelako nazioarteko ikerkuntza lankidetzak sustatzeaz, puntako edozein unibertsitatek egiten duen bezala bestalde", gehitu du Oleagak.

Tesiaren garrantzia

Vasyl Shvalyaren tesiak Sn(Pb)2P2S(Se)6 material ferroelektrikoen familiak 30-350 K tenperatura bitartean dituen ezaugarri termikoak aztertu ditu. Oleagak azaldu duenez, "ikerlanaren garrantzia da, lehenik eta behin, Sn(Pb)2P2S(Se)6 familia orokorrean osaera ugari eta askotarikoak aztertu direla, eta ondo ezagutzera ere heldu garela ion bakoitzak materialeko ezaugarri ferroelektrikoetan nolako funtzioa betetzen duen; gainera, frogatuta geratu da materiala "tuneatu" daitekeela eroankortasun termikoko balio oso apalak lortu ahal izateko, eta hori interesgarria da bero fluxua kontrolatzea beharrezkoa denean (gailu mikroelektroniko, energia biltegiratzeko gailu edo energia bihurketarako gailuetan)".

Tesi honetarako egindako ikerlanaren fruitu, zortzi artikulu argitaratu dira Journal Citation Indexeko nazioarteko aldizkarietan, eta bost ekarpen aurkeztu dira hainbat nazioarteko biltzarretan.

Vasyl Shvalyak ikertzaile kontratu bat du Uzhgorodeko Unibertsitatean, eta bere asmoa da Europar Batasuneko herrialderen batean doktorego ondoko bat egitea, bere prestakuntza osatu ahal izateko, Ukrainiako unibertsitate batean postu egonkor batera hautagai aurkeztu aurretik.

Kotutoretzaz egindako tesiei buruzko argibideak:

https://www.ehu.eus/eu/web/doktorego-eskola/doktorego-tesiak-kotutoretzan