euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko Letraz taldeak diseinu grafikoaren Anuaria 2017 sari nazionala irabazi du

«Diseño de cubiertas de libros» liburuaren diseinuak eta Diseinu Grafikoko I. Kongresuaren akten liburuaren diseinuak hiru Anuaria 2017 sari irabazi dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/24

María Pérez, Leire Fernández eta Eduardo Herrera, Letraz taldeko kideak

UPV/EHUko Letraz - Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldearen bi lanek, «Diseño de cubiertas de libros» liburuak eta Diseinu Grafikoaren I. Kongresuaren akten liburuak, hiru sari lortu dituzte diseinu grafikoaren Anuaria 2017 sariketan. Zehazki, «Diseño de cubiertas de libros» lanak diseinu editorial onenaren Urrezko Anuaria Saria eta azal onenaren Anuaria Saria irabazi ditu. «Diseño de cubiertas de libros» liburua Síntesis argitaletxeak atera du, eta argitalpen diseinuaren nazioarteko panorama profesionaletik hautatutako 650 liburu azal baino gehiago jasotzen ditu.

Azalok horietan aipatzen diren aztertutako 75 figura erretorikoen arabera multzokatuta aurkezten dira. Bestalde, «Primer Congreso de Diseño Gráfico. Marcas gráficas de identidad corporativa» akta liburuari argitalpen baten diseinurik onenaren kategoriako Anuaria saria eman diote. Akta liburu hori UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu du, eta 2016an UPV/EHUren Uda Ikastaroen barruan Donostian egindako kongresuan aurkeztu ziren ahozko komunikazioak biltzen ditu. Komunikazio horiek, zientzia batzorde batek hautatu ondoren, marka grafikoen esparruarekin lotutako askotariko espazio tematikoetan banatu dira: marka grafikoaren sintaxia; marka grafikoei buruzko kasuen azterketa; ikonografia, marka grafikoak eta ideologia… Nabarmentzekoa da errealitate areagotuaren teknologia erabiltzea proposatzen dela argitalpenen diseinu tradizionalean beste aukera batzuk zabaltzeko.

Letraz - Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldeko kide dira Eduardo Herrera Fernández eta Leire Fernández Iñurritegui irakasleak eta María Pérez Mena doktorego ondoko ikertzailea, denak ere UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Irudigintza Sailekoak. Ikertalde horrek Arte Ederren Fakultatean lan egiten du, gizakiek hautematen duten munduan ezagutza sortzeko eta erabat komunikatiboak izango diren adierazpideak lortzeko asmoz. Horrela, gure inguruneko kultura bisuala berritu nahi dute, ingurune horrek lanaren, irakaskuntzaren edo gizartearen aldetik egiten duen eskariaren arabera. Irakasle eta ikertzaile gisa egiten duten lanaren helburua da, besteak beste, diseinu grafikoaren dimentsio sozial eta kulturala eta diseinu grafikoak aukera artistikoekin duen lotura defendatzea, soilik teknologikoak eta/edo komertzialak diren interesen kontra.

Anuaria sariak 1994az geroztik ematen dira, diseinu elkarte eta zentro profesional gehienen babesarekin. Espainian onarpen handiena duten diseinu grafikoko sariak dira, baita sektorearen babes handiena dutenak ere (ez ditu administrazioak finantzatzen). Hori dela eta, oihartzun handiena duten sariak dira, eta erreferentea dira lanbide horren kalitateari dagokionez. Sariak azaroaren 9an banatuko dira, Bartzelonan.