In memoriam: M. Pilar Areso Goiricelaya
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2017/09/21
Joan den uztailaren 31n gure lankide M. Pilar Areso Goirizelaiak utzi gintuen, gaixotasunaren aurka gogor borrokatu ondoren. Tamalez, oraingoan ezin izan zen lanera itzuli, hark nahiko lukeen eta azken bederatzi urteetan hainbestetan gertatu zen moduan.
Lankide batzuek ondo dakite zeinen borrokalaria zen, eta esaten dute espero zutela oraindik ere harekin topo egitea korridoreetan, beste ikasturte batez eskolak ematera joaten. Horixe diogu, batez ere, orain 34 urte ezagutu genuenok; karrerako azken mailan iritsi zen Farmakologia Sailera, ikertzaile ibilbideari ekiteko gogotsu.
Sail horretan egin zituen tesina eta doktorego tesia, J. García-Sevilla irakaslearen zuzendaritzapean. Lan beteko eta baliabide urriko urteak izan ziren, eta agerian gelditu zen lanerako zenbateko gaitasuna zeukan. Harekin batera bidaiatu genuen bere lehen zientzia kongresuetara, eta harekin batera partekatu genituen emaitzak aurkeztu aurreko estutasunak, baina baita barre eta anekdota ugari ere.
Doktoregoa bukatzean, Estatu Batuetara joan zen hiru urterako; lehenik Chicagora eta ondoren Filadelfiara, tratamendu farmakologikoen ondorengo hartzaile adrenergikoen modulazioari buruz ikasten jarraitzera. 90eko urteen hasieran Sailera bueltatu zenean, bere ikerlerroa garatzen hasi zen, hainbat doktorego tesi zuzenduz. Sasoi hartan, laborategian teknika berriak aplikatzeko eta egunero esperimentatzeko, egun mordoa behar zen, 12 ordu baino askoz ere gehiago, baina beti agertu zen lanerako prest. 2000. urtean irakasle titularraren plaza lortu zuen. Orduz geroztik, Farmakologiako graduaurrekoa eta graduondokoa irakasten zituen garai hartako Medikuntza eta Odontologia Fakultatean; horrez gain, ikerketan jarduten zuen UPV/EHUko beste talde batzuekin batera, eta Saila kudeatzeko lanak ere egiten zituen.
Gaixotasunak ezusteko latza ekarri zion, baina, halere, lanean segitu zuen, amaierara arte betebeharrei erantzunez eta bizitzako borrokaldi gogor horretan sekulako kemena erakutsiz. Zoritxarrez, ezin izan du beteta ikusi bere desirarik handiena: bizitzaren ibilbidean bere alaba Iratiren alboan egotea.
Pilar, zure adiskidetasunaz eta laguntasunaz gozatu ahal izan dugunok eskerrak eman nahi dizkizugu behar genuen guztietan eman zenigun babesagatik.
Goian bego
Zure lagunak