UPV/EHUko Administrazio Zuzenbidea, Konstituzio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Sailean egindako ikerketa batek ondorioztatu duenez, Europar Batasunaren material biologikoaren babeserako legeria ez da nahikoa, eta bioteknologia-enpresa handiak indartzen ditu.
Europako legeriak ez ditu bermatzen baliabide biologikoen kontserbazioa
UPV/EHUren ikerketa batek ondorioztatzen du bioteknologia-enpresa handiak indartzen dituela
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2017/09/15
Europar Batasuneko legerian jasotzen den helburu bat da aniztasun biologikoa kontserbatzea eta modu jasangarrian erabiltzea, aplikazio bioteknologikoen aurrean. EBn alor horietan aplika daitekeen zuzenbidea aztertu du Ricardo Ignacio Bachmann Fuentes ikertzaileak, hipotesi batetik abiatuta, alegia, "Europar Batasunean babes-estandar altua zegoela. Bada, hipotesi hori gezurtatu egin dut. Zalantza asko azaldu ditut, batez ere biosegurtasuneko arrisku-analisiei dagokienez; izan ere, badirudi alor horretan Europa mailan eta nazioartean dagoen zuzenbidearen zati handi bat bioteknologia-enpresa transnazionalen neurrira egina dela", azaldu du. Hau da, ikerketa honen egilearen arabera, "ez dago baliabideen kontserbazioa eta erabilera jasangarria lantzen dituen legeria egokirik".
Beste alde batetik, jabetza intelektualaren eskubideen bidez baliabide biologikoak eskuratzea aztertu du. "Adibidez, bioteknologia-enpresa batek intsektu baten gene bat gehitzen dio arto-barietate bati, eta patentatu egiten du, bai eta babestu ere, eskuratzaile-eskubideez baliatuz. Hala, eskubide horien bitartez, enpresak baliabide genetikoa eta hari lotutako jakintza tradizionala bereganatzen ditu", esan du Ricardo Ignacio Bachmannek. Horren guztiaren ondorioa da "planetako aniztasun biologikoa galtzea eta ingurumena eta biztanleen elikadura-segurtasuna arriskuan jartzea, aniztasun biologikoa gero eta txikiagoa baita", gehitu du.
Norabide-aldaketa
Ikertzaileak zenbait proposamen egiten ditu, gaur egungo politiken norabidea aldatu eta egoerari buelta emateko. "Nire proposamena da, nagusiki, biosegurtasunaren printzipio batzuk gehitzea jabetza intelektualaren eskubideari, zuhurtasun-printzipioa, esaterako". Dioenez, berrikuntza bioteknologiko bati babesa eman aurretik, aniztasun biologikorako arriskuen azterketa bat egin behar da, "hau da, arto-barietate bat patentatu nahi bada, interesatuak frogatu egin behar du, aldez aurretik, arto-barietate horrek ez duela eragin negatiborik izango aniztasun biologikoan".
Horrez gainera, berrikuntza bioteknologikoen babeserako sistema aldatu eta gaur egungoa baino babes txikiagoa ezartzea proposatzen du, "gaur egungoa gehiegizko babesa baita; nekazari eta abeltzain tradizionalen erabilera-eskubideak mugatzen ditu. Nekazari batek hazi tradizionalak baditu, ezin ditu erabili, jabe bat baitago; jabe horri kanon bat ordaindu behar zaio jabetza intelektualaren eskubideengatik. Horrek guztiak higatu egin du Europar Batasuneko aniztasun genetikoa", azaldu du Bachmannek.
Azkenik, parte hartzeko eta informaziorako mekanismo lotesleen baliozkotasuna azpimarratu du. Mekanismo horietan nekazari, abeltzain, ekologista eta alor guztietako adituek parte hartzea proposatzen du, hortik direktiba bat sortzeko. "Hala, prozesu horren ondoriozko zuzenbidea demokrazia deliberatibo baten emaitza izan dadin".
Informazio osagarria
Lan hau Ricardo Ignacio Bachmann Fuentes (Txile, 1975) ikertzailearen doktoretza-tesiaren barruan egin da. Derecho de la biotecnología de la Unión Europea. Nuevas perspectivas jurídicas sobre conservación y utilización sostenible de la diversidad biológica y sus componentes izenburua du tesiak, eta Iñigo Urrutia Libarona UPV/EHUko Administrazio Zuzenbidea, Konstituzio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Saileko Administrazio Zuzenbideko irakasle elkartua izan du zuzendari.