euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHU 25 herrialdetako 200 adituren buru da, astrofisika eta kosmologiako ikerketa batean

Europar lankidetza-proiektuak azaldu nahi du zergatik unibertsoak ez duen jokatzen Einsteinen grabitatearen teoriaren arabera espero zitekeen bezala

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/30

Ruth Lazkoz (Argazkia: Laura López. UPV/EHU)

Ruth Lazkoz UPV/EHUko Grabitazioa eta Kosmologia Ikerketa Taldeko irakaslea da CANTATA sarearen presidentea (Cosmology and Astrophysics Network for Theoretical Advances and Training Actions). CANTATA lau urteko ikerketa-proiektua da, eta COST europar programak finantzatzen du. Proiektuaren helburua da lankidetzaren bidez eta jakintza-alor askotatik ikertzea nola zabaldu daitekeen Einsteinen erlatibitate orokorraren teoria orain arte frogatzerik izan ez den eskaletara.

Unibertsoa zabalduz doa; gero eta azkarrago, gainera. Zientzialariek, ordea, ez dakite azaltzen nola eta zergatik gertatzen den hori. Azken urteotan egindako behaketek agerian utzi dute unibertsoak ez duela jokatzen Einsteinen grabitatearen teoriaren arabera espero zitekeen bezala. "Guk ezagutzen dugun grabitatea erakarpenezkoa da; baina unibertsoaren hedapena azeleratzeko, nahitaezkoa da aldarapenezko grabitate bat izatea. Esate baterako, Einsteinen erlatibitatearen arabera, ezin uler dezakegu erabat bi planetek elkar aldaratzea elkar erakarri beharrean, gure intuizioak esaten baitigu grabitateak erakargarria izan behar duela", azaldu du Ruth Lazkoz UPV/EHUko doktoreak. Hala, UPV/EHUko Grabitazioa eta Kosmologia Ikerketa Taldeko ikertzaileak adierazi duenez, "oso garrantzitsua da grabitate-teoria berriak eta haien inplikazioak aztertzea, esku artean ditugun behaketa-datuak behar bezala interpretatu ahal izateko".

Ruth Lazkozek gidatzen duen CANTATA proiektuan, zeina COST europar ikerketa-programak finantzatzen baitu, fisika teorikoaren, kosmologiaren eta astrofisikaren alderdi osagarriak hartzen dira kontuan. Proiektuak lau urteko iraupena du, eta 25 herrialdetako fisika grabitazionaleko eta kosmologiako 200 adituk baino gehiagok hainbat jakintza-alorretan egiten duten lana koordinatzen du, Einsteinen teoriak huts egiten duen eskaletan erlatibitate orokorretik harago joateko aukera aztertzen duen ikerketa bat aurrera eramateko. "CANTATA proiektuak, funtsean, ikertu behar du ba ote den modurik jakiteko (eskura ditugun datu astrofisikoekin) ea Einsteinen teorietatik harago joan beharra daukagun, azaltzeko, adibidez, zergatik aldentzen diren galaxiak elkarrengandik era azeleratu batean eta zergatik ez duten elkar frenatzen edo, beste era batera esanda, zergatik gertatzen den unibertsoaren hedapen azeleratua", azaldu du Lazkozek.

Lankidetza, mugikortasuna eta balioak

CANTATA proiektuaren helburuetako bat da zenbait herrialdetako ikerketa-taldeen artean lehendik zegoen lankidetza hobetzea eta, alor horretan, Europako ikerketa-sare indartsuagoa eratzea. Proiektuari esker, sarea osatzen duten jakintza-alor anitzeko taldeek norabide berean egiten dute lan, ideiak trukatuz, eta ikertzaileek beste herrialde batzuetan egonaldiak egiteko aukera eta mugikortasuna sustatzen dira. Proiektuak urtebete du dagoeneko, eta Lazkozek "oso balorazio positiboa egiten du; izan ere, aukera eman du lehen oso modu independentean jarduten zuten ikerketa-talde ugariren lana agerian jartzeko. Proiektuak entitate-izaera eman digu guztioi". Baina lankidetzazko ikerketaz gainera eta aditu eta alor guztien artean sinergiak sortzeaz gainera, proiektuak balio handia ematen die ikerketa-munduaren beste alderdi sozialago batzuei, COST europar proiektuaren finantziazioari esker.

Proiektuak aukera handiak ematen dizkie ikertzaile gazteei aurrera egiteko, trebatzeko eta gora egiteko, eta garrantzi handia ematen dio haiek ikusgai egiteari. Bestalde, sareko ikertzaile seniorren eta ikertzaile gazteen arteko elkarrekintzak bideratzen ditu, mintegien, topaketen eta workshopen bidez. Halaber, proiektuan, arreta berezia jartzen da orain arte ikerketa-gaietan oihartzun handirik izan ez duten herrialdeak proiektuan sartzeko. Genero-berdintasuna sustatzen da, garrantzi handia ematen baitzaio emakumezko zientzialarien ahalduntzeari.

Lazkozek azaldu duenez, "unibertsoa eta haren historia osoa hobeto ulertzen saiatzen gara, Big Bangetik hasita, gaur egun arte: hasierako hedapen azeleratuaren etapa nola izan zen; nola sortu zen gaur egun ezagutzen dugun egitura; nola ari den zabaltzen... Ikaragarri zaila da grabitatearen deskribapen bat aurkitu ahal izatea, ebazteko geratzen diren problemak gero eta zailagoak baitira". Ikertzaileak adierazi du proiektua etorkizuneko kolaborazioen hazia izatea gustatuko litzaiekeela.

Informazio osagarria

CANTATA proiektuaren lehendakari Ruth Lazkoz UPV/EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Saileko Grabitazioa eta Kosmologia Ikerketa Taldeko irakaslea da.


Campusaren azaleko argazki-oina: CANTATA proiektuaren ikertzaileen helburua da unibertsoa hobeto ulertzea, bere historia osoan (Wikilmages / PIXABAY ).