euskaraespañol

Eguneko irudia

EE.BB.etako Merkataritza Sailak 1.260.000 $ eman dio UPV/EHUko proiektu bati

Proiektu sarituak larrialdietako zerbitzuen komunikazioa hobetuko duela nabarmendu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/23

Tradizionalki, larrialdietako taldeek, hau da, suhiltzaileek, poliziek, medikuek eta anbulantziek, walkie-talkie ezagunak erabili izan dituzte segurtasunez hitz egiteko. Alabaina, teknologia horrek ez ditu edozein sakelako telefonok gaur egun izan ohi dituen gaitasunak, hala nola abiadura handiko Interneterako sarbidea eta argazkiak edo bideoak bidaltzeko gaitasuna. Eta elementu horiek guztiak ezinbestekoak izan daitezke larrialdietan lehen erantzuna emateko. Desabantaila horri aurre egiteko, duela gutxi erabaki dute komunikazio sistema horiek aldatzea eta lehentasuna ematea sakelako telefonoen sareak erabiltzeko MCPTT estandarrari (Mission Critical Push-To-Talk).

Estatu Batuetako administrazioaren mendeko Estatu Batuetako Estandarren Institutuak berak adierazi duen moduan, UPV/EHUko Komunikazioen Ingeniaritza Saileko NQaS ikerketa taldeak (Networking Quality and Security) eta haren bazkideek (TCCA, Bittium y Expway) jasotako 1.259.142 dolarreko laguntzari esker, belaunaldi berriko larrialdietako komunikazioa aldatzen lan egin ahal izango dute. Garatutako sistemak gobernuaren laborategietan probatuko dira, Boulder-en (Colorado), han probatzen baitira munduko mota honetako komunikazio sare handieneko teknologiak.

"MCPTT bezalako sistema bat izatea benetako jauzi kualitatiboa izango da larrialdietako taldeentzat. Izan ere, teknologia hobetzeaz gain, kostuak ere murriztu egingo dira, sistema hasiera-hasieratik irekia eta estandarra izango delako: ez da hornitzaile bakar baten mende egongo, eta ziurtatuko da larrialdietako taldeak berehala konektatu ahal izango direla beste leku edo herrialde batzuetara joandako edozein polizia, suhiltzaile edo medikurekin", adierazi du Fidel Liberalek, MCOP proiektuaren koordinatzaileak eta UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak.

"Gure proposamenari esker, aurrera egingo dugu izaera ireki horretan, eta komunitate osoaren eskura jarriko ditugu MCPTT sistema erabiltzen duten aplikazio berritzaileak garatzeko tresnak. Horrela, fabrikatzaile handiek ez ezik, enpresa txikiek eta larrialdietako taldeek berek ere beren kasa diseinatu ahal izango dituzte buruan dituzten eta behar dituzten komunikazio tresnak. Gainera, gero, tresna horiek probatzean ziur egongo dira komunikazioek behar bezala funtzionatuko dutela egoera larrietan", gaineratu du Liberalek.

Azken batean, UPV/EHUren proposamenaren helburua da gaur egun merkataritzako eta larrialdietako komunikazioen artean dagoen arrakala murriztea eta, horri esker, honako hauek izango dituzten multimedia terminalak izatea: Interneterako sarbidea, larrialdien argazkiak eta bideoak egiteko kamera, lokalizazio sistema eta "horien bitartez komunikabide berriak garatzeko gaitasuna".

Esperientzia zabala

NQaS ikerketa taldeak esperientzia zabala du larrialdietako komunikazioen arloan. Berez, duela zenbait urte hasi zen GERYON proiektuaren bitartez (UPV/EHU da horren burua ere), Europako Batzordeak emandako 2,5 milioi euroko finantzaketari esker. "Garai hartan, erabat disruptiboa zen larrialdietako zerbitzuak emateko merkataritzako teknologia mugikorrak erabiltzea. Sei urte geroago, ikuspegi hau errealitate bihurtu da; estandar bat badago, eta UPV/EHU munduko abangoardian dago berriro ere, eta ez ikerketan soilik, baita larrialdietako komunikazio sistemen garapenean ere".

 

Irudian, NQaS ikerketa taldeko kide batzuk: Andoni Izurza, Fidel Liberal, Mikel Ramos eta Eduardo Zarate.