euskaraespañol

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak aurtengo aurrekontua onartu du

Aurrekontua 405,5 miloi eurotik gorakoa da, eta %0,69 hazi da aurreko urtekoarekin alderatuta

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/15

Gaur egindako bileran, aurtengo aurrekontu proiektua onartu du UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak: 20 boto izan dira aldekoak, 2 kontrakoak eta 8 abstentzio. Aurrekontuaren zenbatekoa 405.535.937 eurokoa izan da. 2016an onartutakoa, berriz, 402.757.095 eurokoa. Beraz, % 0,69ko igoera izan da iazko aurrekontuarekin alderatuta.

Diru kopuru horretatik, 303.979.937 euro Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretatik datoz, kontzeptu horri zenbateko osoaren %74,96 dagokiolarik. Aurrekontu orokorretatik datorren diru partida horretaz gainera, bada beste kontzeptu bat, "Zuzenbide publikoko edo pribatuko sarrerak" deritzona, hain zuzen ere. Kontzeptu horretan sartzen dira tasa akademikoak eta administrazio tasak, administrazio emakidak, kanpo kontratuak eta ikerketa proiektuetarako diru laguntzak, etab. Guztira, 101.220.000,00 euro dira. Sarrera horiek proiektuaren %24,96 dira. Bestalde, UPV/EHUk 336.000 euro jasotzen ditu Gizarte Kontseiluarentzat.

Gastuei dagokienez, badira langileen gastuak: 312.502.965 € (aurrekontu osoaren %77,06). Gainerakoa, hau da, %22,94a, ikerketa, irakaskuntza eta eleaniztasun programetan banatutako gastuak dira; funtzionamendu orokorra; errektoretza, ikastegi eta sailen jarduera; ekipoetako inbertsioak.

2017ko aurrekontuaren proiektua prestatzean, kontuan hartu dira austeritate helburuak gastuen exekuzioan, efizientzia baliabideen  kontsumoan eta iraunkortasuna erabaki ekonomikoak hartzerakoan. Aurrekontua onartuta, gobernu taldeak badu tresna bat bere gain hartutako konpromisoak betetzen joateko, besteak beste, kudeaketa efizientea eta arduratsua erdiestea, enplegua mantentzeari eta, ahal dela, enplegua sortzeari eustea dira egungo gobernu taldearen gako diren helburu estrategikoak.

Gobernu Kontseiluak errektorego taldea egiten ari den gestioarekiko konfiantza adierazi badu ere, oso kritiko agertu da erakundeak Euskal Herriko Unibertsitatearen alde egiten ari diren ahaleginei dagokienez.

Nekane Balluerka errektorearen iritziz: "Gaur, kontseiluan, aurrekontuari buruz izandako eztabaidan argi eta garbi gelditu denez, hori ez da, inolaz ere, UPV/EHUk behar duen aurrekontua; hala ere, jarduera akademikoari eutsiko diogu, arlo guztietan, berme osoz gauzatu dadin. Edonola ere, hobe da onartutako aurrekontu batez baliatzea, behin-behineko luzapen bat jasatea baino. Lanean jarraituko dugu egoera hau datozen ekitaldietan nabarmen hobetu dadin, bestela, hala gertatu ezean, ezin izango baitiogu eman euskal gizarteari UPV/EHUri eskatzen dion zerbitzua, ezin izango baikara sinesgarritasunez lehiatu gero eta eskakizun zorrotzagoa duen unibertsitate eremuan. Nire kezka handia adierazi nahi dut, baina, esanak esan, prest naukazue datorren urtean egoera hobean egotera eramango gaituzten akordioetara iristeko. Beste hainbat tokitan esan bezala, Euskal Herriko Unibertsitatearen finantziazioa gutxienez %5a igo beharko litzateke ekitaldi honetan".