Euskal Herriko Unibertsitateak London School of Economics-eko katedradun Sonia Livingstone Honoris Causa doktore izendatu du. Ekitaldia UPV/EHUko Areto Nagusian izan da. Izendapenaren buru unibertsitateko errektore Nekane Balluerka izan da, eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek ere hartu du parte.
UPV/EHUk Sonia Livingstone katedraduna Honoris Causa doktore izendatu du
London School of Economics-eko irakaslea munduko aditu handienetariko bat da internet eta adingabeei buruzko ikerketan
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2017/06/14
Honoris Causa doktore titulu hori izendatzeko erabakia UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak hartu zuen 2017ko apirilaren 6ko bileran. Sonia Livingstoneren aitabitxia Carmelo Garitaonandia katedraduna da. Ekimena Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak bultzatu du. Unibertsitateari eta gizarteari ekarpena egiteagatik, eta adingabeek teknologia berriak nola erabiltzen dituzten ikertzeagatik eta ezagutza hori hedatzeagatik aitortuko du unibertsitateak Livingstone.
Errektoreak Honoris Causa doktore izendapenaren akta sinatu ondoren, Sonia Livingstonek, ohiturari jarraituz, zuhaitz bat landatu du, Honoris Causa doktoreen Pasealekuan, Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio Eremuan. Ondoren, ekitaldi nagusia egin da eta, bertan, UPV/EHUko errektoreak titulua eta erramu birreta eman dio; eta Carmelo Garitaonandia aitabitxiak, Zientziaren Liburua, kasu honetan, Bernard Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae' obraren faksimile-edizioa, zeina Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak ingelesez argitaratu duten.
Nekane Balluerkak adierazi du Sonia Livingstoneri emandako doktoretzak "egin duen ikerketa lanaren zientzia-kalitatea" aitortzen duela. "Baina, aldi berean, gehiago ere bada: gure Unibertsitateak erakutsi nahi dion esker onaren adierazpena da, gure ikertzaileekin hogei urtean zehar lankidetza estuan aritzeagatik, hain zuzen ere".
Carmelo Garitaonandia katedradunak, Livingstonen laudatio-aren arduradunak, hauxe nabarmendu du: "Livingstone irakasleak komunikazioren esparruan egindako ikerlan zorrotz eta zintzoa eredugarria da, eta horrek, gure gizartean jasaten ari garen oinarrizko aldaketa batzuk hobeto ulertzen laguntzen digu".
Sonia Livingstonek, UPV/EHUko Honoris Causa doktore berriak, adierazi du gaur egungo umeena izango dela internet betidanik ezagutu duen lehen belaunaldia. "Ezin da internet itzali, eta umeak ezin ditugu beirazko kutxa batean itxi mundutik salbu mantentzeko. Izan ere, internet jada ez da aparteko edota aukerako gauza bat, hots, aisialdia igarotzeko gauza bat. Lanaren, ikasketen, komunikazioaren parte da internet, baita gizartean parte hartzeko dugun eraren atal bat ere. Hala, ez gara bakarrik Internetekin elkarreraginean ari, interneten bidez mundu guztiarekin ari gara elkarreraginean".
Sonia Livingstone
Azken hamabost urteetan, besteak beste, Sonia Livingstonek EU Kids Online nazioarteko sarearen zuzendaritza eraman du. Sare hori Europako Batzordeko Safer Internet Programak finantzatzen du. Bertan hogeita hamar estatu baino gehiagok parte hartzen dute, eta Espainiako ikertaldea UPV/EHUko irakasleek osatzen dute.
Oxfordeko Unibertsitateko Psikologia doktorea eta London School of Economics-eko Departament of Media and Communications saileko Doktoregoaren programa zuzendaria da Sonia Livingstone. Bere ikerketa lerro nagusia adingabeen eta interneten arteko harremana aztertzea izan da. Katedradunak hogeiren bat liburu idatzi ditu, baita ehun zientzia-artikulu eta akademia-kapitulu baino gehiago ere. Haren libururik ezagunenak "Making Sense of Television, Young People and New Media", eta "Children and their Changing Media Environment".
Bergen, Copenhague, Harvard, Illinios, Milan, Paris II eta Estokolmoko unibertsitateetako irakasle bisitaria izan da. Nazioarteko hamar zientzia-aldizkari baino gehiagotako argitaratze-kontseiluan dago. 2007 eta 2008 urtean, munduko komunikazio elkarterik garrantzitsuenaren, ICA International Communication Associationeko, presidentea izan da. Sonia Livingstone 2014an Britainiar Inperioko Ordenaren titulu ofiziala jaso zuen, Interneten haurren segurtasunaren alde egindako ekarpenagatik.