euskaraespañol

Paisaia ahaztuak 1936-1937 proiektua

UPV/EHUko arkeologoek indusketak eginen dituzte Keturan bi gotorleku errepublikanotan

Ollerieta eta Etxaguen arabar herrien artean kokatzen dira, Zigoitian eta 1937ko graffiti jatorrizkoak agertzen dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/02

Zortzi ikertzailek osatutako diziplina arteko talde batek, Josu Santamarina zuzendari eta Xurxo Ayán Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea zuzendari dituela, bi gotorleku errepublikano ikertuko ditu Ollerietan, Ketura izenaz ezagutzen den parajean. Ikertaldeak lan integrala egingo du 2017ko maiatzaren 2 eta 14 bitartean, gerra-posizio hauen analisi eta dokumentazioa osatuz eta balioan jarriz.

Larre batean, bertatik Urrunagako urtegia eta Legutio eta Ubidea arteko N-240 errepidea kontrolatzen delarik, forma karratuko bi zementuzko gotorlekuk defentsa-sistema txiki baina interesgarria osatzen dute. 1936ko uda eta udazkena artean, inguru hauek "inoren lurra" osatzen zuten, hemendik oso hurbil, Elosun esaterako, 17 auzokideen hilketa extrajudiziala eman zelarik, inongo bandoaren kontrolik gabe. Ondoren, hemen hasi zen "Legutioko Gudua" delakoa, euskal errepublikarrek Gerra Zibila osoan abian jarritako ofentsiba bakarra. Honakoa erasoaldi okerra izan zen eta milaka hildakoen galera izugarri eman zen. Porrot handi honen ostean, bi bandoek jarrera defentsiboa hartu eta euskal frontearen inguru hau gogorki gotortzeari ekin zioten, Keturako bi egitura hauetan ikusten den bezala.

Bi gotorleku hauen porlanak garaiko grafitiak kontserbatzen ditu oraindik, hauetan eraikin hauen eraikitze-data (Marzo-10-1937), destakamentu militarra (Batallón Madrid) eta zenbait izen propio (Pablo Mendieta, Fidel Fernández, etab.) irakur daitezkeelarik. Mailua eta igitaia komunista ere ikusgai dago, nahiz eta Francoren Erregimenak isilpean mantendu hamarkada luzez. Aipatutako Madril Batailoia Euskal Gudarostearen UGT-5 delakoari dagokio, bertan, beste hainbaten artean, Ramón Rubial sozialista ospetsua borrokatu zuelarik (hau, Trantsizioaren garaian, Eusko Kontseilu Nagusiaren presidentea izen zen, baita Gernikako Estatutuaren osaketan oinarrizko pertsonaietako bat).

Maiatzaren 2tik 14ra, UPV-EHUko talde arkeologiko honek defentsa-sistema historiko hau ikertuko du, baita beharrezkoak diren sendotze- eta egokitze-lanak egin ere, publikoki bisitagarriak izan daitezen. Proiektu hau Paisaia ahaztuak 1936-1937 programaren atal bat da, Eusko Jaurlaritzak finantzatua eta urte honetan garatu beharrekoa Gerra Zibilaren arabar frontea dokumentatu eta zabaltzeko asmoarekin. Gainera, Elosuko kontzejuak, Zigoitiko Udalak eta UPV-EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeak babesten dute lana. Guzti honi ekiteko, momentuzko finantzaketa 8.000 eurokoa da.