euskaraespañol

Eguneko irudia

Autismoa ikasgeletan sartzen denean: topaketaren garrantzia

Adituek diote indartu egin beharko litzatekeela irakasleen eta autismoa duten pertsonen gurasoen arteko konfiantza

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/07

Irudia
Astrid Ulnos, Beatriz Tomey, Maria Jesus Compadre, Vilma Coccoz eta Ana Goiricelaya

Apirilaren 2an, igandea, Autismoari Buruzko Kontzientziazioaren Nazioarteko Eguna ospatu zen. Egun hori zela eta, UPV/EHUk EHUkultura-Bizkaia kultur egitasmoaren bitartez, eta TEAdir-Euskadirekin batera (autismoarekin konpromisoa duten pertsonen eta gurasoen elkartea), jardunaldi bat antolatu zuen joan den asteartean: ‘Cuando el autismo entra en las aulas: la importancia del encuentro'. Jardunaldion helburua zen, batetik, autismoen inguruan hausnartzea eta, bestetik, gurasoen topaketetan behin eta berriz agertzen den gai bat jorratzea: eskola.

Eskola garaiak urduritasuna sortu ohi du Espektro Autistaren Nahasmendua (AEN) duten haurren familiengan, baina baita irakasleengan ere; izan ere, eskolatzean hurbiltzen dira haur horiek lehen aldiz mundura, eta zailtasun ugari izaten dituzten hurbilpen horretan. Antolatzaileei iruditu zitzaien garrantzitsua zela gai hori eztabaidatzea, eta, horretarako, mahai gainera ekarri zituzten arlo horretan parte hartzen duten hainbat pertsonaren iritziak eta posizioak: haurrenak, familienak, irakasleenak eta terapeutenak.

Iaz, Aimarrek (AEN duen haurra eta UPV/EHUko AZPko lankide baten semea), Lehen Hezkuntzako eskolatze aldia amaitu zuenean, bere betiko eskola utzi zuen, eta ikastetxeak agur bideo bat egin zion, harentzako eta familiarentzako opari gisa. Bideo horretan Aimarren ikastetxeko bizitzaren hainbat zati agertzen dira. Beheko bideo honen oinarria da:

CUANDO EL AUTISMO ENTRA EN LAS AULAS from UPV/EHU on Vimeo.

Bideo horren aitzakiaz, mahai inguruan aurkeztu ziren gurasoek eskolarekin lotuta dituzten hainbat zalantza. Honako hauek parte hartu zuten hitzaldian: Vilma Coccoz, autistekiko tratuan ibilbide luzea duen psikoanalista; Beatriz Tomey, Leioako Altzaga Ikastolako orientatzailea; Astrid Ulnos, Pedagogia Terapeutikoko irakaslea, eta Ana Goiricelaya, TEAdir-Euskadiko presidentea.

Parte hartzaileek nabarmendu zuten gai honi beste modu batera begiratu behar zaiola. "Autismoaren gaia jorratzeko, beste begi batzuekin begiratu behar dugu; begiak irekiak izan behar ditugu, eta hala gure neska-mutilei nola gizarteari berari begiratu"; horrela, autistengandik ikasi ahal izango dugu, "haiek baitira gure irakasleak, haiek irakasten digute". Horrez gain, nabarmendu zuten ezinbestekoa dela irakasleen eta gurasoen artean konfiantza izatea, eta azpimarratu zuten eskola oso-osorik ulertu behar dela. "Notei eta arlo akademikoari baino ez badiegu garrantzia ematen, eta aukera galtzen dugu beste eremu batzuk kontuan hartzeko. Eskola oso-osorik kontuan hartzeak esan nahi du harremanetarako oinarrizkoak diren beste elkarbizitza eremu batzuei ere erreparatzea: jolastokia, eskolaz kanpoko ekintzak, jantokia…", azaldu zuten.

«Joko arauek ez dute balio»

Gainera, aipatu zuten "behar-beharrezkoa" dela ume horien "logika subjektiboa" barneratzea, eskolatzerakoan gertatzen zaiena ulertzeko. Ondorio horietako bat da, hain zuzen, ume horiek ikaskuntzarekin duten "harreman zaila". Horiek mundua aditzeko era "guztiz desberdina" dutelako.

Halaber, adierazi zuten gure inguruko "joko arauek" eta "gizarte kodeek" ez dutela balio. Izan ere, joko arau horietan "tematzen" bagara, ezingo diegu erreparatu "AEN duten pertsonek irekitzen dituzten ateei".

Malgutasunaren beharraz ere ohartarazi zuten: "Heldu gisa (gurasoak, irakasleak...) dugun autoritateari heltzen badiogu, zailago izango zaigu haur horiengana behar bezala iristea. Ez dezagun gure presentzia puztu; izan ere, jarrera horrek larritu, inbaditu eta estutu egiten ditu. Eta utz diezaiogun haurraren ustezko heziketa txarragatik etengabe barkamena eskatzeari", adierazi zuten.

Azaldu zuten AEN duten pertsonak ez direla diziplina behar duten "bihurriak"; kontua da ezin diotela gure eskaerari erantzun eta gure aldetik malgutasuna behar dutela. Parte hartzaileek azpimarratu zuten "ikasgelako denborak, arauak, prozedurak, ebaluazioak eta abar AEN duten pertsonen arabera egokitu behar ditugula, eta ez alderantziz". Adierazi zuten denentzako espazio kolektibo bat sortu beharko litzatekeela, berezitasunak errespetatuko dituena eta haiei diren bezala hazten lagunduko diena. "Haiek bilatzeari uzten diogunean aurkitzen ditugu", azaldu zuten. "Eta orduan ikusten dugu benetan nolakoak diren, hor ikusten dugu benetan nor diren".

Gainera, esan zuten ikasgelak "leku zoragarriak" izan daitezkeela AEN duten pertsonentzat, "ikasgelako kideek kontuan hartu, errespetatu eta lagunduko" dituztelako. Eta haiek ere ikasgelan "ekarpenak egin" ditzaketelako, bai beren interesak edo berezitasunak aintzatesten edo lehenesten dituztelako edo, besterik gabe, haiek ikasgelan egote hutsarekin beste heldu batzuei hainbat balio erakusten dizkietelako, besteak beste, pertsonekiko, gizarteko aniztasunarekiko eta subjektuaren duintasunarekiko errespetua.