euskaraespañol

Óscar Rodríguez Vaz

«Atxikimendu politiko eza borondatezko gaia besterik ez da»

Jarduera politikoaren aurrean herritarrek duten mesfidantza eta distantzia sentimendua aztertu du politologoak

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/06

Oscar Rodríguez Vazek duela gutxi defendatu du ‘Una visión de las causas de la desafección política en España y de las ideas para combatirla' tesia. Ikerketa-proiektuaren abiapuntua da gizartean politikarekiko nolabaiteko desatxikimendua eta ordezkaritza sistemaren krisia dagoela eta kultura eta/edo jardunbide politiko berriak ari direla sortzen. Gainera, politikak une honetan duen usain "zaharmindu" hori zerk eragin duen interpretatzen saiatzen da eta, ahal den neurrian, hori arintzeko errezetaren bat bilatzen laguntzen du, alderdi politikoen sistemaren erreforma moduko baten bidetik.

Oscar Rodríguez Vaz politologoa da, gaur egun TACTIO SL aholkularitza estrategikoko zuzendaritza-taldeko kide da, eta bertan egiten du lan. Hainbat gizarte-erakunde eta fundaziotako kide ere bada, eta PSE-EEn (PSOE) afiliatuta dago. Alderdi horretako euskal legebiltzarkidea izan zen 2004tik 2012ra bitartean. Bere ikerketa egiteko galdetu du PSOE eta Podemos alderdietako buruzagi eta militanteek aldez aurretik zer-nolako jarrera duten alderdietan oinarritutako sisteman erreformak egiteko, gardentasunean, eztabaidan, parte-hartzean eta kontu ematean oinarrituta. Campusak bere lanaz hitz egin du berarekin.

Zer da politikarekiko desatxikimendua?
Ikerketa honen eraginetarako, politikarekiko desatxikimendua da jarduera politiko-instituzionalaren, alderdien jardueraren eta klase politikoaren aurrean herritarrek duten mesfidantza eta distantzia sentimendua, erregimen demokratikoa babesten duten eta politikarekiko interesa duten alde batera utzita.

Ba al dago desatxikimendu horri buruzko datu objektiborik?
Bai, proposamena gure herriari buruzko datu errealetan eta teorialarien hausnarketetan oinarritzen da. CISen ikerketen arabera, azkenaldian –eta ez dago batere argi aldi hori amaitu denik– alderdi politikoek eta erakunde nagusiek inoiz baino konfiantza gutxiago ematen dute, datuak ditugunetik bederen. Konfiantzarik eza da azken urteotan Estatuan nahiz Europan eta mundu osoan sortu diren hainbat mugimenduren jatorrian dagoen osagai nagusietako bat.

Populismoez ari zara…
Ez populismoez bakarrik. Eta, gainera, berez ez dira txarrak. Sistemaren eragileek eurek jotzen dituzte populistatzat sisteman aldaketa sakonak planteatzen dituzten guztiak. Eta hor ere bereizi egin behar dugu eta zorrotzak izan behar dugu.  Baina, batez ere, haserretuen mugimenduez ari naiz.

Ba al dago ezagutzen dugun sistema hausteko arriskurik?
Peter Mairek 2013an esaten zuen alderdietan oinarritutako demokraziaren garaia iraganeko kontua zela, hain zuzen ere, gizartearekiko deskonexio handiaren eta aldaketa-gogorik gabeko alderdien arteko eztabaida antzuen ondorioz. Kontua izango litzateke dena berrulertzea, kategoria berriak lantzeko berritzea, hain zuzen ere, ordezkaritza eta bitartekotzarako erakunde tradizionalak berrinterpretatu ahal izateko eta aldaketa berrietara egokitu ahal izateko gardentasunean, eztabaidan, parte-hartzean eta kontu ematean oinarrituta. Gakoa da, nire ustez, demokrazia ordezkatzailea demokrazia zuzenean oinarritutako ekimenekin nolabait ere uztartzea.

Deskonexio horretatik al dator politikarekiko desatxikimendua? Ustelkeriak edo krisiak ere izan al dute eraginik?
Deskonexioa garrantzi handiko arrazoia da, eta ustelkeria eta krisia ere, bai, jakina. Baina badira gauza gehiago ere: klase politikoaren bertuterik eza, hauteskundeen hatzaparretan harrapatuta dagoen politika, hauteskundeetan hartutako konpromisoak argi eta garbi ez betetzea, alderdi barruko gardentasunik eta demokraziarik eza…

Zer proposamen egin litezke desatxikimenduari aurre egiteko?
Nire ikuspegitik, erreforma nagusiak alderdi politikoetan egin behar dira, alderdiak baitira Espainiako sistema politiko-instituzionalaren eragile nagusiak. Gardentasun-politika berriak, parte hartzeko mekanismo berriak edo egungoak hobetzea, kontu emateko prozedurak behar bezala arautzea eta kargu organiko edo instituzionalak kentzeko mekanismoak, hautaketa eta ordezkaritza sisteman aldaketak egitea gure herriko alderdietako endogamia eteteko…, proposamen asko daude, baina borondatea behar da.

Tesia

Óscar Rodríguez Vazek defendatu duen tesia UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko Imanol Zubero Beaskoetxea irakasleak zuzendu du, eta abiapuntua marko teorikoa eta maila instituzional ezberdinetako PSOE eta Podemos alderdietako buruzagiei eta Espainiako hainbat puntutan, konparazioak erakargarriagoa izan daitezen, bi alderdiotako baseei egindako elkarrizketak izan dira.  Pertsona horiei guztiei planteatu zitzaien eurentzat zer den politikarekiko desatxikimendua, eta zer iradokitzen zieten kontzeptu horrekin lotutako beste hainbat kontzeptuk.

Ikerketa-lan honen emaitza nagusiak dira politikarekiko desatxikimenduaren definizio-proposamen bat, desatxikimendu horren arrazoiak eta horri aurre egiteko proposamenak, eta hiru hipotesi egiaztatu/errefutatu izana PSOE eta Podemos alderdietako buruzagiei eta militanteei egindako elkarrizketen bidez jasotako datu zuzenetatik abiatuta:

- EBko hamaika herrialdetan politikarekiko desatxikimendura diziplina ezberdinetatik hurbilduta eta sei adierazleren azterketa konparatua eginda (konfiantza alderdietan, konfiantza Gobernuan, konfiantza Legebiltzarrean, herritarren inplikazio psikologikoa politikan, parte-hartzea hauteskunde orokorretan eta ustelkeriari buruzko pertzepzioa), proposatzen da politikarekiko desatxikimenduaren definizioa, eta elkarrizketa honen lehenengo galderan jasota dagoena da.
- 'Desafeccie causas stay" delakoaren arrazoi teorikoen hamaika multzo planteatzen dira, eta aurre egiten lagundu dezaketen zortzi proposamen multzo.
- Hipotesi egiaztatua: 15-Mrekin hasitako haserretuen mugimenduaren eta PSOEko buruzagi eta militanteen artean dagoen tartea handiagoa da mugimenduaren eta Podemos alderdiko buruzagi eta militanteek pentsatzen dutenaren artean dagoena baino.
- Hipotesi egiaztatua: Podemos alderdi politiko berriko militante eta buruzagiek aldez aurretik jarrera hobea dute alderdietan oinarritutako Espainiako sistema erreformatzeko eztabaidan, gardentasunean, parte-hartzean eta kontu ematean oinarrituta, PSOE alderdi politiko tradizionalekoek baino.
- Hipotesi gezurtatua: Podemos eta PSOE alderdietako militante gazteek beste adin-talde batzuetakoek baino intentsitate handiagoz partekatzen dituzte gardentasunaren, eztabaidaren, parte-hartzearen eta kontu ematearen arloko proposamenak, azterlanean planteatzen direnak.

Tesiaren defentsaren laburpen-aurkezpena honako estekan kontsulta daiteke: https://prezi.com/m/fjwrhm1xtbak/?utm_campaign=share&utm_medium=copy