Bilboko Ingeniaritza Eskolak diplomak banatu dizkie bere 1.000 titulatu baino gehiagori
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2017/02/23
Euskalduna Jauregiko Auditorioa galaz jantzi zen, orain arteko ekitaldirik jendetsuena ospatu zuen UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako azken promozioko 1.057 titulatuak hartzeko. Lehen aldiz, eskola osatzen duten lau ikastetxeak zirenetako titulatuek elkarrekin jaso zituzten euren diplomak, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea buru izan zuen ekitaldian.
Horrez gain, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua eta Asier Abaunza Bilboko Udaleko Hiri Plangintza zinegotzia ere bertan egon ziren, erakundeetako, irakaskuntza munduko eta Eskolarekin lankidetzarako hitzarmenak dituzten puntako enpresetako ordezkariekin batera.
Diplomak banatzeko ekitaldian, titulazio bakoitzeko espediente hoberenak dituzten ikasleak aintzatetsi zituen Eskolak lehenengo. "1 zenbakietako" lauk euren prestakuntza 10eko batez besteko notarekin amaitzea lortu dute: Alberto Figueroa, Industria Ingeniaritza Unibertsitate Masterrekoa (1. promozioa); Eduardo Zarate, Telekomunikazio Ingeniaritza Unibertsitate Masterrekoa (1. promozioa); Lander Rodríguez, Industria Teknologiaren Ingeniaritzako Gradukoa (3. promozioa); eta Jon Ander Fandiño, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako Gradukoa (3. promozioa).
Lau gazte horiek lortutakoez gain, "1 zenbakien" artean beste hiru bikain daude. Hauek lortu dituzte: bere ikasketak 9,34ko batez besteko notarekin amaitu dituen Juan Izquierdok, Industria Antolakuntzaren Ingeniaritzako Graduan (3. promozioa); 9,14ko notarekin Automatika eta Industria Elektronikako Ingeniaritzako espediente hoberena jaso duen Iban Becerrak (15. promozioa); eta Eskolan egindako ibilbideari 9ko batez besteko notarekin amaiera eman dion Jon Andoni Apellanizek, Ingurumen Ingeniaritzako Graduan (3. promozioa).