euskaraespañol

Emakumeen ikasketak eta jatorria, arrisku faktore Euskadiko abortuetan

Azterlan batek ikertu egin du haurdunaldiaren borondatezko etendurei desparekotasunak zein neurritan eragiten dieten

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/26

Nerea Lanborena eta Yolanda González-Rábago, OPIK taldeko ikerlariak

UPV/EHUren ikerketa batek aztertu du, 2009tik 2013ra arteko epean, nolako aldeak dauden emakume etorkinen eta autoktonoen artean haurdunaldiaren borondatezko etendura tasetan. Azterlanak emakumeen ikasketen eta haien jatorrizko herrialdearen mailari erreparatu die, borondatezko abortuen tasak baldintzatzen dituzten desparekotasunak aztertzeko.

Azterlana, UPV/EHUko Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa Taldeak egin du, eta aztertu ditu, alde batetik, haurdunaldien borondatezko etenduren tasak zein biztanleria etorkinaren eta autoktonoaren arteko aldeak (12 eta 49 urte arteko emakumeak) eta, bestetik, aldeak nolakoa diren borondatez haurdunaldia eteten duten emakumeen ikasketa mailaren arabera.  Yolanda González Rábago ikertaldeko kideak azaldu duenez, "interesa genuen jakiteko Euskal Autonomia Erkidegoan desparekotasunak zein neurritan existitzen diren, osasun zerbitzuen erabilera biztanleria guztiarentzat unibertsala eta doakoa den arren (baita borondatez haurdunaldia eteteko ere), gizarte posizioa edozein dela ere".

Datuetan ikus daitezkeen aldeak nabarmenak dira; izan ere, aztertutako aldian, emakume autoktonoen abortu tasa 3,9 izan zen mila biztanleko, baina Saharaz hegoaldeko afrikar emakumeena, berriz, 45,6 izan zen milako, hegoamerikar emakumeena 26,5 milako, eta Erdialdeko Amerikatik zein Karibetik datozenena 22,9 milako.

Abortuen errepikapenari dagokionez (1,9 milako), emakume etorkinek errepikapen tasa handiagoa izan dute ere, baina oraingoan, aldeak handiak dira emakume etorkinen jatorriaren arabera. Adibidez, Saharaz hegoaldeko afrikar emakumeek milako 21,5eko abortu errepikatuen tasa izan zuten; aldiz, Hegoamerikako emakumeek milako 9,8, eta Errumaniako zein  Europar Batasunaz kanpoko beste emakumeek milako 8,8.

Halaber, datuek adierazten dute emakume etorkinetan abortuak maizago atzeratzen direla lehen hamabi astez geroztik. Hala ere, haien bizi baldintzek asko dute esateko atzerapen horren pisuari buruz; izan ere, bizi baldintzak berdintzen direnean, bakarrik Erdialdeko Amerikatik eta Karibetik datozen emakumeetan daude estatistikoki alde nabarmenak autoktonoen eta etorkinen artean.
Ikasketa maila apala, arrisku faktore

Bestalde, OPIK taldeak haurdunaldiaren borondatezko etendurako aldeak emakumeen ikasketa mailaren arabera ere ikertu ditu. Emaitzek adierazi dutenez, ikasketa mailaren faktoreak borondatezko abortuen tasak nabarmen baldintzatzen ditu. Lehen mailako ikasketak edo gutxiago dituzten emakumeek (autoktonoak zein etorkinak) milako 17,7ko tasa dute borondatezko abortuetan. Tasa hori milako 6,2ra murrizten da bigarren mailako ikasketak dituzten emakumeetan, eta 3,9ra, berriz, unibertsitate ikasketak dituztenen artean.  Gainera, abortu bat baino gehiago pairatzeko arriskua askoz handiagoa da lehen mailako (milako 9) edo bigarren mailako (milako 2,5) ikasketak dituzten emakumeen artean, goi-mailako ikasketak dituztenen artean baino (milako 0,7), eta abortua atzeratzeko arriskua, haurdunaldiko bigarren hiruhileko arte, handiagoa da ere lehen mailako ikasketak dituzten emakumeetan (milako 0,8) unibertsitate ikasketak dituztenetan baino (milako 0,2).

Hala ere, González-Rábagoren arabera, harrigarria da ikasketa maila handieneko emakume etorkinen datuak Euskadiko emakumeen antzekoagoak ez izatea: "Pentsatzen genuen ikasketa mailak neutralizatu egingo zuela etorkin izatearen efektua, baina ez dirudi hori babes faktore bat denik, eta ez du haurdunaldiaren borondatezko etendura arriskua murrizten. Horren arrazoia izan daiteke haien egoera sozioekonomikoa ez datorrela bat heziketa mailarekin; badira emakume etorkin oso kualifikatuak, baina lan sektore prekarioagoetan lan egiten dute". Horregatik, desparekotasunak oso agerikoak dira alde horretatik; izan ere, egileen arabera, "emakume autoktonoen artean heziketa mailak gizarte hierarkiako posizioa zehazten duen faktorea bada, ez dirudi berdina denik emakume etorkinen artean".

Desparekotasuna eta kultur faktoreak

Ikerketak desparekotasunen arrazoiak lantzen ez dituen arren, "egia da lan hipotesiak planteatzen dituela", Yolanda González-Rábagok adierazi duenez. Alde horretatik, Europako beste azterlanek ere azaltzen zutenez, "haurdunaldi aurreko kultura faktoreak, sexu heziketa txikiagoak eta gizon-emakumeen arteko harreman desorekatuagoak (bikote barruko erabakimen gutxiago) eragin dezake emakume etorkinenek gogoz kontrako haurdunaldiak sarriago edukitzea". Gizarte arloko faktoreek, adibidez, Euskadiko harreman sare eta familia egitura txikiagoak, baita maila sozioekonomikoak ere, azalpena eman dezakete emakume etorkinek haurdunaldiak gogoz kontra Euskadiko emakumeek baino sarriago eteteko duten joeraz.

Yolanda González Rábagok adierazi duenez, "informazioa hobetzea ezin bestekoa da desparekotasunei aurre egiteko eta, ahal den neurrian, gogoz kontrako haurdunaldiak eragozteko, baina baita, haurdunaldia behin gertatuta, emakume babesgabeenek Euskadiko osasun sistemak goiz abortatu ahal izateko dituen bitartekoak eta estalduraren irismena ezagutzeko ere". Laburbilduz, haurdunaldiaren etendura atzeratzeak dituen arriskuak eta abortu errepikapena gutxitu nahi ditugu.

Horretarako, azterlanaren ondorioen arabera, kanpaina bereziak behar dira biztanleria talde babesgabeenentzat, bereziki etorkin taldeetako emakumeak (adibidez, Saharaz hegoaldeko afrikarrak edo Hegoamerikakoak) jomugan jarrita, horien artean gertatzen baitira tasa altuenak haurdunaldiaren borondatezko etendura, errepikapen eta etendurak egiteko atzerapenetan.

Informazio gehigarria

UPV/EHUko Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa Taldea (OPIK) diziplinarteko talde bat da, gizarte zientzien eta osasunaren arloetako ikertzaileek osatua, eta batez ere ikerkuntzan, irakaskuntzan eta ezagutzaren dibulgazioan aritzen da, ondorengoei buruz: biztanleriaren osasunean eta gaitzetan eragina duten gizarte faktoreak, gizarte desparekotasuna osasunean eta herritarren osasuna hobetzeko gizarte-baldintzatzaileak alda ditzaketen politikak.

Erreferentzia bibliografikoak

Rodriguez-Álvarez E, Borrell LN, González-Rábago Y, Martín U, Lanborena N. Induced abortion in a Southern European Region: Examining inequalities between native and immigrant women. International Journal of Public Health, 2016; DOI 10.1007/s00038-016-0799-7
http://link.springer.com/article/10.1007%2Fs00038-016-0799-7

González-Rábago Y, Rodriguez-Álvarez E, Borrell LN, Martín U. The role of birthplace and educational attainment on induced abortion inequalities BMC Public Health (2017) 17:69 DOI: 10.1186/s12889-016-3984-y
http://rdcu.be/owZi