Bilboko Ingeniaritza Eskolak Euskadiko industriaren harrobia berriztatuko du beste urte batez, bere bi Enpresa Ikasgeletako biko azken promozioetako ikasleei diplomak emanez. Aeronautika Ikasgelako eta Makina-Erreminta Ikasgelako 48 ikaslek, Euskadiko autonomia erkidegorako puntako sektore estrategikoetan lan egiteko titulua jasoko dute.
Bilboko Ingeniaritza Eskolak diplomak banatu dizkie Aeronautikako eta Makina-Erremintako Ikasgeletako ikasleei
Gazteok, Meteosat sateliteen belaunaldi berriaren garapenean aritu dira lanean
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2017/01/25
Eskolako Hitzaldi Aretoan agintari akademikoekin eta Eusko Jaurlaritzako kideekin batera, bi industria sektore horietako enpresetako ordezkariak ere egon dira. Enrique Amezua Eskolako zuzendariak ekitaldia zabaldu ondoren, hauek hartuko dute parte: Josu Riezu (AFM); José Juez Aeronautikako HEGAN Clusterreko zuzendariak; Ainara Celaya Bizkaiko Foru Aldundiko Kanpo Harreman eta Lankidetza Zerbitzuko buruak; Javier Alonso Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate zuzendariak; eta Leyre Bilbao Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategia zuzendariak. Ekitaldiaren amaiera Patxi Juaristi UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko erretoreordearen esku egongo da.
Laneratzea eta nazioarteko proiektuak
Beteranoena, Aeronautika Ikasgela, bere hogeita bosgarren ediziora heldu da, Euskadiko Aeronautika Clusterreko enpresetan, Aernnovan, ITPn eta Senerren, besteak beste, praktikak egin ondoren euren diplomak lortu dituzten 24 ikaslerekin. Enpresa horietan proiektu desberdinen garapenean aritzeko aukera izan dute, Meteosat sateliteen belaunaldi berrian, espazioko EXO-Mars ibilgailuan, Embraerren kargarako KC-390 hegazkinaren estrukturaren diseinu berrian edo Airbus 330neo hegazkina bultzatuko duen Trent-7000 motor berriaren turbinaren diseinuan, adibidez. Ikasgelatik igaro diren gazteen artean badaude urte batzuetan Erresuma Batuan, Estatu Batuetan, Frantzian edo Alemanian Rolls-Royce, Boenig edo Airbus bezalako sektoreko enpresa handien lantegietan lanean aritu ondoren Euskadira itzuli direnak, sektoreko euskal enpresa indartsuetan jarraitzeko.
Makina-Erreminta Ikasgelari dagokionez, bere zortzigarren promoziora heldu da; plaza guztiak beteta, eta diploma lortu duten 24 ikasleetatik 21 dagoeneko kontratatuta ikasturtean zehar euren proiektuak gauzatu dituzten enpresa berberetan: ITP, Etxe-Tar, Ibarmia, Aciturri, Ideko, IK-4 Azterlan edo Novalti enpresatan, hain zuzen ere. Ikasle horiek, besteak beste, Matricik garatzen duen Forden automobil modelo batzuen alborako trokelen ingeniaritza eta diseinu taldeetan aritu dira lanean. Horrez gain, gazte horietako batzuek atzerrian egin dute praktikaldia, Alemaniako Wittenstein multinazionalean edo Alemaniako bertako Aachengo edo Kaiserslauterngo unibertsitateetan, besteak beste. Hiru ikaslek euren prestakuntzarekin jarraitzea erabaki dute, lan merkatuan sartu aurretik.
Bi ekimenen artean, 500 baino gehiago dira dagoeneko Bilboko Ingeniaritza Eskolak, beraien prestakuntza horrelako ingurune lehiakorretan aritzen diren eta bertako industria sarean pisu azpimarragarria duten konpainien benetako eskarietara egokitzeko egin zuen apustuaren balioa erakusten duten ikasleak.
Horrela, Euskadiko Aeronautika Clusterreko (HEGAN) kide diren eta mundu osoan 12.440 langile dituzten enpresek 1.935 milioi euroko fakturazioa lortu zuten 2015ean, aurreko ekitaldian baino %10 gehiago. Esportazioak 1.226 milioi eurokoak izan ziren, 2014an baino %7,6 gehiago. 2015ean %3,4ko hazkundea izan zuen Makina-Erremintari dagokionez, euskal industriarako funtsezko beste sektore bat dela esan behar da, alde batetik Estatu osoko sektorearen %80 hemen dagoelako, eta, bestetik, bere ezaugarrien artean nazioartekotze maila altua eta teknologiak duen garrantzia daudelako. Urtean 1.100 milioi eurotik gorako negozio zifra sortzen du, eta funtsezko hornitzailea da Euskadin pisu handia duten industriako beste sektore batzuetarako, Automobilgintzarako, Aeronautikarako edo Prezisiozko osagaietarako, adibidez.
Bi Ikasgelak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailek eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen dituzte, sektore bietako enpresa elkarteekin eta zentro teknologikoekin batera.