euskaraespañol

Ilusioz beteriko begirada UPV/EHUri

Nekane Balluerkak UPV/EHUko errektore kargua hartu zuen asteazkenean Ajuaria Enean, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zen ekitaldian

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/13

Irudia
Errektorea, lehendakaria eta Uriarte sailburua

Joan den asteazkenean, Ajuria Enean egin zen ekitaldi xumean, Nekane Balluerka UPV/EHU errektore izendatu zuten. Bertan ziren Iñigo Urkullu lehendakaria, kargua utzitako errektore Iñaki Goirizelaia, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, José María Guibert eta Vicente Atxa Destuko eta Mondragon unibertsitateetako errektoreak eta Joseba Eizagirre UPV/EHUko Gizarte Kontseiluko presidentea. Orain arte errektore taldeko kide izandakoak ere ekitaldian izan ziren, aurrerantzean unibertsitatea zuzenduko duten talde berriko kide eta errektore berriaren etxekoekin batera.

Balluerkak bere agintaldiko irizpide orokorrak aurkeztu zituen sarrera-hitzaldian, baina baita bere jardunaren ildo nagusiak: "Ilusioz betea eta hunkituta sentitzen naiz, baina zirrararekin batera errektore karguak dakartzan erantzukizunaren eta eskakizunaren jakitun naiz. Zeregin baten emaitzak ezin dira aurretik bermatu, baina kudeatzaile arduratsu batek bai bermatu ditzake proiektu, erakunde eta herri batenganako konpromisoa eta gogoa. Hori da gure kasua".

Errektore berriak esker oneko hitzak izan zituen Euskal Herriko Unibertsitatea zortzi urtez zuzendu duen Iñaki Goirizelaia errektorearentzat, eta urteotan egindako lan eskergaren aintzatespena ere adierazi zion.

Eguraldia lagun izan zuten ekitaldiaren amaieran, kanpoaldean taldeko argazkia egin ahal izateko. Aspalditik, UPV/EHUko errektore taldeek leku berean egiten dute argazkia, Ajuria Eneako kanpoaldeko harmailadian, izendapena gauzatu eta jarraian.