'Titanic: the reconstruction' erakusketa
UPV/EHUko ikasle, irakasle eta langileek prezio berezia izango dute sarreretan
Lehenengo argitaratze data: 2016/12/26
Euskalduna Jauregian "Titanic: The Reconstruction" ---The Original Exhibition--- erakusketa ikusgarriaz gozatu ahalko da abenduaren 15etik otsailaren 19ra bitartean.
UPV/EHUko ikasle, irakasle eta langileek prezio berezia izango dute sarreretan:
Sarrerak eroisitakoan, erakusketara sartzerakoan UPV/EHUko kideak direla egiaztatu behar dute.
Erakusgaiak −Titanic Fundazioak ekoiztuta Granadako Zientzien Parkearen laguntzaz− diziplina anitzeko orientazio bat du, helburu kultural, didaktiko eta ilustraziozko bat lortze aldera, eta Titanic ontziaren eta zamatze portuaren jatorrizko elementuak, haietako batzuk historia balio handikoak, birkreazio eta irudi esklusiboak biltzen ditu. Maketa itzela dugu ikusgai, 12 metro luze, 4,5 zabal eta 3,9 garai, 1:30 eskalan egina. Egun arte ontzi maiestatetsuaz egin den maketa handiena eta ikusgarriena dugu honako hau.
Bisitariek, "Titanic: The Reconstruction" erakusketaren ibilbide orrian, hamahiru gune tematiko bisitatu ahalko dituzte. Horiek xehetasun handiz eta pieza harrigarriz azalduko dizkigute ontziaren eraikuntza, bertako bizimodua eta, 1912ko apirilaren 15ean, Ipar Atlantikoan, hondoratu aurreko gertakari dramatiko eta hunkigarriak.
Erakusketa horren barruan hainbat gauza ikusi ahalko dira, esaterako, ontzia egiteko erabilitako materialak eta planoak, nabigazioko jatorrizko tresnak, ontzia eta bertako bizimodua ezagutzea ahalbidetzen duten jatorrizko irudiak eta elementuak, ontziko sotoen erreprodukzioa, "Titanic-eko autoa", Bruhs D24 delakoa, 1909. urtean egindako bitxi historikoa, elikagaiak, baxerak, etab. Beste hauetaz ere gozatu ahalko dugu: jatorrizko festa jantzia, bidaiarien hainbat objektu, konketen eta irrati telegrafiako "Marconi kabina"ren erreplika zehatzak, eta ontzi legendarioaren gainbehera piztu zuten istorio kutunen oroigarri hunkigarriak.
Ontziko sotoetan, artelanak bertan eramaten baitziren, Enrique Gran margolariaren "El sueño del Titanic" jatorrizko koadroa ere ikusi ahalko da. Artelan horrek nazioarteko bilduma egile garrantzitsuen interesa piztu du, baita Leonardo Di Caprio aktorearena ere.
Eta, azkenean, maketa itzela dagoen eremura iristen da. Maketa 3.000 argi puntuz argiztatuta dago eta istriborretik irekita, gozatzeko xehetasun ugariz egindako "Titanic"eko gela, korridore, egongela, harmailadi, gimnasio, igerileku, bainu turkiar, soto, jantoki, makina gela eta gainerako gelez. Ontzia Southampton portua irudikatzen duen errekreazio batean kokatuta dago, bertatik atera baitzen New Yorkerantz 1912ko apirilaren 10ean.
Erakusketa bisitatzen hasi baino lehen, bisitariak ontziaren historiari buruzko 14 minutuko dokumental interesgarri bat ikusiko du. Horren ondoren, doan jasoko du erakusketaren ibilbide guztia ilustratuko dion audiogida hezigarri bat. Audiogida hizkuntza hauetako batean entzun ahalko du: gaztelaniaz, euskaraz, katalanaz, gailegoz eta ingelesez. Euskarazko audiogida UPV/EHUko Euskaraz Zerbitzuak prestatua da. Bestalde, kontuan hartzeko da unibertsitateko kideek sarrera merkeago ordainduko dutela.