euskaraespañol

Ozeano Berrikuntza Plataforma proiektuak Sokoako Gotorlekuaren berrikuntzari ekingo dio

UPV/EHU, Agglomération Sud Pays Basque eta Bordeleko Unibertsitateak Urrugnen elkartu dira 2017an abiatuko diren proiektuak zehazteko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/12/22

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Hego Lapurdiko Hiriguneak (ASPB) eta Bordeleko Unibertsitateak (UB) bigarren aldiz elkartu dira Ozeano Berrikuntza Plataforma izeneko proiektuari jarraipena emateko helburuarekin. Proiektu honen helburua da Sokoako Gotorlekuan (Ziburu) euro-eskualdean gauzatuko den goi mailako prestakuntza- eta ikerketa-jarduera bat sortzea. Bigarren bilera hau Urrugnen egin da eta programazio immobiliarioaren dimentsioa jorratuko du bereziki; zehazki, Gotorlekuko obrak egiteko faseen egutegia definitu da; halaber, definitu da nola gauzatuko dituen obra horiek orain dela gutxi eratutako ‘Océan experiénces' tokiko ekoizpen sozietateak (SPL). Horrez gain, bileraren gai-zerrendan egon dira Ozeano Berrikuntza Plataformaren eduki pedagogikoko proiektuaren  eta ikerketa-proiektuaren oraingo egoera, eta baita berrikuntza-proiektuak sortzera eraman ditzakeen operazio pilotu bat abiatzeko asmoa ere.

Hiru erakunde hauek, proiektuaren zuzendaritza-batzordeak¡ osatzen dutenak alegia, lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten iaz, euro-eskualdean gauzatuko zen goi mailako prestakuntza- eta ikerketa-jarduera bat sortzera zuzendutako azterlan bat egiteko. Jarduera hori Sokoako Gotorlekuan kokatuko zen, hori ondare-balio handiko leku enblematiko bat baita.  ‘Ozeano Berrikuntza Plataforma' izendatu den proiektu hori ASPBk eta surfaren eta urtetako ekintza-kirolen sektoreko enpresariek zuzentzen duten ‘Oceán Expériences' lurralde-espezializaziorako estrategiaren testuinguruan kokatzen da, eta bi unibertsitateek (IdEx Bordeaux – Euskampus) gidatzen dituzten programen garapen-ardatzen baitan sartzen dira.

Zuzendaritza-batzorde honek aurten, ekainean, egin zuen bere lehenengo bilera, proiektuaren egokitasunari buruz egindako azterlanean identifikatutako orientabideak onartzeko xedez. Orientabide horiek azpimarratzen dituzten ardatzak profesionalizazioa, dinamika ekintzaileak eta kulturartekotasuna dira. Ikuspegi horrekin, 2017an abiatuko den proiektu multzo bat ezarri zen (esperientzia pedagogikoak, eremu juridikoan kokatutako sorkuntza-mintegiak, udako unibertsitatea…).

Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak aintzat jotzen du Ozeano Berrikuntza Plataforma "gure historiarekin bat egiten duelako, eta, euro-eskualdearen baitan, Bordeleko Unibertsitatearekin elkarlanean aurrera eramaten ari garen erronka estrategikoak jarraitzeko aparteko aukera delako".

Argazkia: UPV/EHU