euskaraespañol

UPV/EHUko ikertzaileek NASAren Mars2020 espazio misioan dihardute

Juan Manuel Madariagak zuzentzen duen IbeA ikertaldeak Marteko gainazaleko harriak eta lurzorua aztertuko ditu zientzialarien partzuergo batekin batera

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/12/16

IbeA ikerketa taldeko kideak

CamOnMars2020 partzuergoak, Valladolideko Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Malagako Unibertsitateak eta Madrilgo Complutense Unibertsitateak osatutakoak, hitzarmen bat sinatu du gaur goizean Valladoliden, NASArekin Marte 2020 misioan lan egiteko. Partzuergoak Marteko gainazaleko harriak eta lurzorua aztertzeko Supercam-aren tresnak kalibratuko ditu.

UPV/EHUko IBeA ikerketa taldea, hain zuzen, planeta gorrira joango den eta Marteko gainazala aztertzeko erabiliko den ‘Rover' edo ibilgailuaren kamera kalibratzeko sistemaz arduratuko da. "Kalibratzeko txartela Supercam tresnaren funtsezko osagarria da. Horren bidez aztertuko dira Marteko gainazaleko harriak eta lurzorua, bost neurketa espektroskopikoren bitartez (agerikoa, infragorria, fluoreszentzia, LIBS eta Raman). Neurketa horiei esker, aztergai den laginaren oinarrizko kontzentrazioari eta haren konposizio molekular eta estrukturalari buruzko informazioa lortu ahal izango da. Horrez gain, kalibrazio gurutzatuaren bitartez, konposatu kimiko bakoitzari buruzko kontzentrazioari eta, oro har, fase mineralari buruzko informazioa ere lortuko da", azaldu du Juan Manuel Madariaga irakasleak.

Ikertzailearen iritziz, proiektu hau "ezagutza zientifiko eta teknologikoaren mugan egongo da beti". "Orain arte inoiz ez da garatu edo eraiki SuperCam tresna osatzen duten bost tresna indibidualen arteko interpretazio gurutzatua egiteko eta gainera Marteko atmosferaren baldintzetan lan egiteko gaitasuna duen kalibrazio plakarik. Marteko atmosferak 6-9 milibareko presioa du, lurrekoa baino 100 aldiz dentsitate txikiagokoa, eta -140ºC-tik 10ºC-ra bitarteko aldakuntza termikoa. Plaka horrek, gainera, talka probak gainditu ditu, 4.000 G-ko indarra aplikatu ondoren. Formula 1eko gidariek 15 G jasan ditzakete gehienez ere, autoa 300 km/h-ko abiaduran doala bihurgune itxi bat hartzen duenean. 4.000 G lortzeko, bi metroko distantziatik jaurtitako kanoi bala baten zuzeneko eragina behar da", adierazi du.

Lau unibertsitate publikoek gaur sinatutako hitzarmena "aitzindaria" da, Juan Manuel Madariaga irakaslearen iritziz: "Espainian unibertsitate taldeek orain arte ez dute inoiz beren kasa espaziorako horrelako eginkizunik gauzatu. Taldeok eremu akademikotik zuzentzen dira, baina eragin zientifikoa ez ezik eragin teknologiko handia dute".

NASA Mars 2020 izeneko misioan ibilgailu bat garraiatuko da Curiosity ‘Rover'-a ordezkatzeko (Marten dago 2012tik). Hauek dira misio berri honen helburuak: egon daitezkeen bizi aztarnak esploratzea, eremu bizigarriak aztertzea eta Marteko klimaren, atmosferaren eta geologiaren ikerketa hobetzea. Horretarako, SuperCam tresna berriak berrikuntza teknologikoa ekarriko du ChemCam aurreko kamerarekin alderatuta. Kamera hori Curiosity ibilgailuan garraiatu zen Martera.

Bizia garatzeko baldintzak

Marte aztertzea interesgarria da, planeta horrek ur likido ugari izan zuelako duela milioika urte lur eremu zabaletan. Astrobiologoek diotenez, ezinbesteko baldintza da hori bizia garatzeko, eta horregatik lortu nahi dira bizia dagoen frogatzeko probak. Hain zuzen ere, misio honetan aztarna organiko eta bio-organikoak bilatuko dira, eta hori ezinezkoa izango litzateke Supercam tresnaren kalibrazio sistemarik gabe.

"Kalibrazio sistemak bi zati ditu: kalibrazio plaka eta tresnen seinaleak interpretatzeko algoritmoak. Ezin baditugu bost tresnek bidaltzen dituzten seinaleak behar bezala interpretatu, ezingo dugu konposatu hau edo bestea existitzen den ziurtatu, edo egiaztatu ea konposatu horiek ura behar duten prozesu geokimikoen ezaugarri diren ala ez, edo ea jarduera biologiko baten bidez baino ezin diren sortu eta ez edozein prozesu bolkanikoren bidez", jakinarazi du.

CamOnMars2020 

Proiektu hau egiteko, finantzaketa publiko eta pribatua behar da. Hori dela eta, lau unibertsitate publikoen arteko hitzarmen horren helburuetako bat da bazkideekin lankidetzan aritzea, lau unibertsitate taldeek proiektuan aurreikusitako jarduketa zientifiko-teknikoak garatzeko behar dituzten baliabideak lortzeko (7 milioi euroko kostua izango dute) eta bat egiten duten enpresak (esate baterako, Elgoibarko AVS enpresa) azpikontratatzeko.

Irudia: Goian, ezkerretik eskuinera: Kepa Castro, Maite Maguregui eta Gorka Arana. Behean: Juan Manuel Madariaga, Leticia Gómez, Julene Aramendia eta Silvia Fernández