Gaur, abenduak 15, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak UPV/EHUren oinarrizko eskola egutegia onartu du, 2017-18 ikasturterako. Hala, ikasturtea irailaren 11n hasiko da. Lehen lauhilekoa abenduaren 22an amaituko da, eta bigarrengoa, berriz, urtarrilaren 29an hasi, eta maiatzaren 18an amaituko da. Ohiko azterketak data hauetan egingo dira: lehenengo lauhilekokoak, urtarrilaren 9tik 26ra; bigarrenekoak, maiatzaren 21etik ekainaren 8ra; eta, aparteko deialdia, ekainaren 18tik uztailaren 13ra egingo da. Ikastegiek oinarrizko egutegi honetan ezarritakoaren arabera onartu beharko dituzte beren egutegiak.
UPV/EHUk datorren ikasturterako egutegia onartu du
Gobernu Kontseiluak Docentiaz programaren VII. deialdia ere onartu du
Lehenengo argitaratze data: 2016/12/19
Bestalde, DOCENTIAZ, UPV/EHUko Irakasleen Irakaskuntza Jardueraren Ebaluazio Programaren VII. deialdia aurkeztu da. Programa horren helburu nagusia UPV/EHUko irakasleen irakaslanaren kalitatea aitortzea eta hobetzea da, eta jarduera horri buruzko informazio fidagarria eta kontrastatua emango duen prozedura bat ematea. Deialdi honetan, 2011-12 ikasturtetik 2015-16 ikasturtera bitarteko datuak ebaluatuko dira. Eskaerak egiteko hilabeteko epea egongo da, deialdia argitaratzen denetik (datorren urteko otsailean aurreikusten da). Programaren egitura ez da aldatu, baina parte hartzeko jarraitu beharreko prozedura hobetzeko eta sinplifikatzeko ahaleginak egin dira.
Iñaki Goirizelaia errektorea buru izan den azken Gobernu Kontseilua
Gaurko Gobernu Kontseiluaren bilera Iñaki Goirizelaia errektorea buru izan den azkena izan da, datorren urtarrilean Nekane Balluerka hurrengo errektorearen izendapena egingo baita, lehendakaria bertan dela. Aztergaien zerrenda landu ondoren, errektoreak agur esan die Gobernu Kontseiluko kideei eta bertan ziren guztiei.
Errektoreak zera adierazi du: "Zortzi urte izan dira, arin joan zaizkit eta agintaldia bukatzear dagoen honetan, agur esan baino lehen, zuen laguntzagatik, zuen lanagatik eta zuen kritikengatik eskerrak eman nahi dizkizuet, bihotzez eman ere. 80 saio baino gehiago izan dira eta, ezin dut ukatu niretzat oso aberasgarria izan dela. Plazer handia izan da zuekin lan egitea." Errektoreak eskerrak eman dizkie bere taldekideei egindako lanagatik: "Une politak eta une gogorrak izan dira, eta hori dena helburu bakar batekin, egunero UPV/EHU hobeago bat egitea".
Saioa amaitzeko, Gobernu Kontseiluko kide batek bertso bat kantatu, eta txalo zaparrada izan da ondoren.