Komunitatean hartutako pneumoniarekin osasun-zentroetara iristen diren pazienteak artatzeko praktika klinikoko beren gida 2001ean ezarri ostean, eta, hortik abiatuta, paziente horien eboluzioa iragartzeko erregela bat sortu ondoren, Galdakao-Usansolo Ospitalean eta Barrualdeko Eskualdean egindako eta UPV/EHUn defendatutako ikerketa batean, biomarkatzaile jakin batzuk ere aztertzea proposatu dute, eboluzio txarra izateko arriskua duten pazienteak doitasun handiagoz identifikatzeko.
Pneumonia duten pazienteek eboluzio txarra izateko arriskuaren identifikazioa hobetu dute
Osakidetzan burutu eta UPV/EHUn aurkeztutako ikerketa batean frogatu dute emaitza hobeak ematen dituela ohiko iragarpen-erregelei biomarkatzaileak gehitzeak
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/12/14
Komunitatean hartutako pneumonia, hau da, ospitale-eremuan hartzen ez dena, morbilitate- eta heriotza-eragile garrantzitsua da, urtero 1.000 biztanletik 2-8ri eragiten baitie, eta % 10-15eko heriotza-tasa baitu ospitaleratzen diren pazienteetan eta, are handiagoa, zainketa intentsiboko unitateetara (ZIU) eramaten dituzten kasuetan. Horrenbestez, "karga handia da gaixotasun hori osasun-sistementzat, lehen mailako arretako medikuarengana eta larrialdi-zerbitzuetara egiten diren bisitak direla, ospitaleratzeak direla, tratamendu medikoak direla eta segimenduko zainketak direla, besteak beste", azaldu du Pedro Pablo Españak, Galdakao-Usansolo Ospitaleko Pneumologiako buru klinikoak eta UPV/EHUn aurkeztutako lanaren egileak.
"Konplikazio larrienak saihesteko, diagnostikoa egiten den unean jakin behar da zenbateraino izan daitekeen larria pneumonia-kasua, oso garrantzitsua baita tratamendua goiztiarra izatea". Premisa hori oinarri hartuta, pneumonia zuten pazienteak baloratzeko eta sailkatzeko zenbait protokolo ezartzen eta garatzen joan ziren. 2001ean, praktika klinikoko gida bat ezarri zuten, osasun-pertsonalaren jokabidea estandarizatzeko asmoz, eta aurretik artatze-lanetan zegoen aldakortasuna ezabatzeko. "Emaitzak hobetu zituen horrek, eta artatutako pazienteei buruzko informazioa biltzeko aukera eman zigun".
Halaber, larritasuna iragartzeko eskala batzuk erabiltzen hasi ziren, hilkortasuna iragartzeko erabiltzen zirenak mundu osoan.Zenbait aldagai fisiologiko oinarri hartuz, hala nola tentsio arteriala, odoleko oxigeno-kantitatea, analisi klinikoak edo erradiografia-irudiak, eskala horiek aukera ematen dute monitorizatu behar diren eta tratamendu gogorragoak eman behar zaizkien pazienteak identifikatzeko.
Praktika klinikoko gida ezarri zutenetik biltzen joan ziren datuei esker, dena den, beren iragarpen-erregela sortu eta ezarri ahal izan zuten 2006an, SCAP score deritzona. "Zenbait ospitaletan baliozkotu ondoren, ikusi ahal izan genuen ordura arte erabilitako erregelak baino emaitza nabarmenki hobeak ematen zituela horrek", dio pneumologiako adituak.
Biomarkatzaileek, informazio gehigarria
Alabaina, erregela berriak ere muga batzuk zituenez, "interesgarri jo zen zenbait biomarkatzaile seriko aztertzea, arrisku gutxiko paziente gisa sailkatu baina azkenean eboluzio txarra izan zutenak identifikatzeko asmoz, bai eta arrisku handikotzat sailkatu eta azkenean eboluzio ona izan zuten pazienteak identifikatzeko asmoz ere. Pentsatzen hasi ginen paziente bakoitzaren immunitate-sistemak desberdin erantzuten duela gaixotasun beraren aurrean, eta, hortaz, pentsatu genuen ostalariek hanturaren aurrean duten erantzunaren markatzaile batzuk aztertzea. Edozein infekzioren aurrean, immunitate-sistemak hantura eraginez erantzuten du, infekzioa geldiarazten saiatzeko. Baina erantzun hori neurriz kanpokoa bada, pronostikoa larriagoa izan ohi da", dio.
España doktoreak azaldu duenez, frogatu ahal izan dute "dagoeneko ezagutzen ziren iragarpen-erregelekin batera biomarkatzaile jakin batzuen analisia eginez iragarpen hobeak egiten direla: batez ere prokaltzitonina (PCT), eta, emaitza onenak eman dituena, proadrenomedulina (Pro-ADM). Hain zuzen, informazio gehigarria ematen du horrek kasu jakinetan. Bereziki, erregelarekin arrisku gutxiko gisa sailkatu diren pazienteetan, biomarkatzailearen maila altua neurtzeak jakinarazten digu zerbaitek okerrera egin dezakeela, eta, hala, hobeto aukera ditzakegu tratamendua eta zainketarako lekua".
Informazio osagarria
Pedro Pablo España Yandiola (Bilbo, 1958) Galdakao-Usansolo Ospitaleko Pneumologiako buru klinikoa da, eta ikerketa bere doktoretza-tesiaren barruan egin du; UPV/EHUko Medikuntzako fakultatean defendatu zuen tesia. Baliozkotze-prozesuak eta garatutako erregelen konparazioak ospitale askotan egin ahal izan dituzte, Osakidetzako osasun-zentroekin elkarlan estuan aritzen direlako, eta Espainiako zentro anitzeko ikerketetan parte hartzen dutelako.
Argazkia: UPV/EHU