euskaraespañol

Eguneko irudia

Ikasleek elkarri argitzen dizkiote zalantzak

Berdinen arteko tutoretza programak bosgarren edizioa beteko du aurten

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/12/09

Goi mailetako ikasle-tutoreek ikasle berriak zuzentzen dituzte

Unibertsitateko lehenengo mailako ikasleek kezka eta zalantza asko dituzte hona ailegatzean, eta ia ikasturte osoan. Datozen ikasle berriek beste mundu batekin topo egiten dute, institutuko eta ikastolako harremanak oso bestelakoak direlako; campus oso handiak; ikasketa teknikoak... Hau ikusita, unibertsitateko sarrera erraztatzeko, Berdinen arteko tutoretza programa orain dela bost urte jarri zen martxan. Programa horretan, goi mailetako ikasle-tutoreek ikasle berriak zuzentzen dituzte; Paula Merinok eta Alain Gonçalvesek egiten duten bezala.

Unibertsitateko lehenengo mailako ikasleek kezka eta zalantza asko dituzte hona ailegatzean, eta ia ikasturte osoan. Datozen ikasle berriek beste mundu batekin topo egiten dute, institutuko eta ikastolako harremanak oso bestelakoak direlako; campus oso handiak; ikasketa teknikoak...

Hau ikusita, unibertsitateko sarrera erraztatzeko, Berdinen arteko tutoretza programa orain dela bost urte jarri zen martxan. Programa horretan, gorako mailetako ikasle-tutoreek ikasle berriak zuzentzen dituzte; Paula Merinok eta Alain Gonçalvesek egiten duten bezala.

Tutoría entre iguales from UPV/EHU on Vimeo.

Berdinen arteko tutoretza programaren barruan ikasle tutoreek prestakuntza ikastaro bat egiten dute, eta ikastegiko koordinatzaileen laguntza dute. Programa Ikasleen arloko Errektoreordetzak 2012/2013 ikasturtean jarri zuen abian modu esperimentalean. Ikasturte hartan 214 ikasle berrik eta 19 ikasle-tutorek hartu zuten parte; azken edizioan (2015/2016) 393 ikasle berrik eta 48 ikasle-tutorek. Eta oro har, ikasturte horietan, balorazioa oso ona izan da. Esan bezala, ikasturte honetan (2016/2017), bosgarren edizioa beteko da.

Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko ikasle Paula Merino eta Alain Gonçalves tutoreak dira. Bata eta bestea 4. mailan dabiltza, eta biek Berdin arteko tutoretza programan parte hartzen dute. "Ni unibertsitatera heldu nintzenean oso galduta nengoen, baina ikasle-tutoreak lagundu zidan fakultatea eta campusa ezagutzen. Esperientzia oso polita izan zenez, programan izena ematea erabaki nuen", azaldu du Paula Merinok. Beste modu batean sartu da Alain Gonçalves: "Ni fakultatean praktikak egiten ari naiz, eta zereginetako bat hauxe da: tutorea izatea; eta oso gustura nabil."

Lehenengo hiruhilekoan, bi bilera egin dituzte: bata programa aurkezteko eta bestea unibertsitateko ikasleen elkarte eta ekimenak ezagutarazteko, baina, batez ere, ikasle berrien zalantzak argitzeko. "Heldu berriak direnek ez dakite ezer. Bi hilabete pasatu arren, informazio gutxi dute. Adibidez, kreditu sistema ez dute ondo ulertzen, eta ez dira ausartzen irakasleei galdetzen, hori edota beste duda bat azaltzeko", nabarmendu du Gonçalvesek.

Azkenengo bileran bederatzi ikasle berri hurbildu ziren gelara, klaseak bukatu ondoren. "Azaldu nahi diegu unibertsitatean ikasteaz gain beste gauza batzuk egin daitezkeela, beste jarduera batzuk ere daudela, esate baterako junior enpresak edo elkarteak", dio Paula Merinok. Ikasle berri horiek jakin-min handia dute eta prest daude unibertsitateko ekimenetan parte hartzeko. Oraindik ikasturtea amaitu arte, beste lau bilera egingo dituzte, eta baliteke gaurko ikasle berriak datorren ikasturtean ikasle-tutore bihurtzea.

Webgunea: https://www.ehu.eus/eu/web/graduak/zerbitzuak/berdinen-arteko-tutoretza