-
Ereño Gorria kareharria da mundu mailako ondarea osatzen duten 50 harrietako bat
-
% 92ko okupazioa UPV/EHUko graduatuen artean
-
Aurkitu dute nola kontrolatzen eta gobernatzen dituzten zelulek beren lekualdatzeak
-
Arotza, fisikaria eta jakite hutsaren atsegina
-
103 master ofizialek eta berezko 72 tituluk osatuko dute UPV/EHUren 2024-2025eko eskaintza
Nanozientzia superheroientzat
CIC nanoGUNE eta DIPC ikerketa-zentroek ‘Dayanne eta Murillo. Nanozientziaren indarra' komikia aurkeztu dute
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/12/05
![](https://ehu.eus/documents/10136/6317486/Nanokomik+eusk+web.jpg/8f90b339-22b3-4747-86fe-dd6019bb0d5c?t=1480952875000)
CIC nanoGUNE eta Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentroek ‘Dayanne eta Murillo. Nanozientziaren indarra' komikia aurkeztu dute Donostian. Komikia 2016an nanofikziozko lehen komiki partaidetzazkoa sortzea helburu izan duen nanoKOMIK proiektuaren emaitza da eta horretarako Zientziaren eta Teknologiaren Espainiako Fundazioa (FECYT) – Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren dirulaguntza jaso du proiektuak. Ana Arrieta, UPV/EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreordea eta Txema Pitarke (CIC nanoGUNE) eta Ricardo Díez Muiño (DIPC), nanoKOMIK proiektua antolatu duten zentroetako zuzendariak hartu dute parte ekitaldian.
Azken mendeko aurrerapen zientifikoek nanozientzia errealitate bilakatu dute. Mekanika kuantikoari esker, materian nanoeskalan agertzen diren propietate eta fenomenoak ulertzen ditugu eta mikroskopio handiei esker, atomoak banan-banan manipulatzeko gai gara. Zientzia alor honek eskaintzen dituen aukerak amaigabeak dira eta eragin nabarmena izango dute medikuntzatik hasi eta eraikuntzara doazen sektoreetan, gure bizimoduan aldaketa garrantzitsuak eraginez.
Errealitate horren jakitun, CIC nanoGUNE eta DIPC ikerketa-zentroek nanoKOMIK proiektua bultzatu dute, nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean egiten diren aurrerapenek eskaintzen dituzten aukerak gizartean hedatzea eta gazteen sormena piztea helburu duen dibulgazio-proiektu kolektibo, multidisziplinar eta nazioartekoa, hain zuzen ere. Horretarako, nanoKOMIK erronkan murgildu ditu 12-18 urteko 200 gazte inguru, nanobotereak izango dituen komiki-superheroi bat sor dezaten, hau da, materiak eskala nanometrikoan dituen propietate txundigarrietaz baliatzen den heroia. Erronkara aurkeztutako ideiarik onenetan oinarrituta ‘Dayanne eta Murillo. Nanozientziaren indarra' dibulgazio-komikia sortu da.
Nanozientziaren indarra
Dibulgazio-komikiak gazteek erronkara aurkeztutako ideiarik orijinalenak biltzen ditu, Hodei Iparraguirre marrazkilariak eta Itziar Otegui (nanoGUNE) eta Amaia Arregi (DIPC) proiektuaren koordinatzaileek egindako berregite lanari esker. Lana eskuragarri dago creative commons lizentziapean euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez paperean zein formatu digitalean www.nanokomik.com webgunean. Gainera, Dayanne eta Murilloren istorioak Jotdown Kids aldizkarian berrargitaratuko dira datozen hilabeteetan.
Komikiaren aurkezpena proiektuaz gain erronkako lanik nabarmenenak biltzen dituen erakusketa ibiltariaren inaugurazioaren baitan kokatu da. Erakusketa Donostiako Carlos Santamaria zentroan egongo da ikusgai abenduaren 30 arte.