euskaraespañol

Eguneko irudia

Erraustegietarako teknologia katalitikoa, ingurumenerako aukera iraunkorragoa

UPV/EHUko ikerketa batek katalizatzaileak erabiltzearen alde egin du, hiri hondakin solidoak erraustean kutsatzaile gutxiago isur daitezen

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/10/06

Gaur hondakin asko sortzen da; horregatik, eta ingurumen arloko legegintzan dauden mugak kontuan hartuta, prebentzio, berrerabilpen eta birziklapen programak diseinatu behar dira zaborra kudeatzeko. Alabaina, programa horietan sartzen ez diren hiri hondakin solidoak (HHS) erraustu egiten dira, eta errausketa horrek ingurumenari eta pertsonen osasunari kalte egiten dieten konposatuak sortzen ditu (hala nola nitrogeno oxidoak eta dioxinak). Hori dela eta, tratatu egin behar dira atmosferara askatu aurretik.

UPV/EHUko doktore Miren Gallastegik HHSen erraustegietan teknologia katalitikoa erabiltzeko aukera aztertu du, kutsatzaile horien isurpenak modu eraginkorragoan murrizteko. Teknologia katalitikoaren bidez, arazketa tenperatura hotzagoan egin daiteke eta, ondorioz, kalte gutxiago eragin.

UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa Saileko Teknologia Kimikoak Ingurugiro Sostengarrirako (TKIS) ikerketa taldeak teknologia kimikoak ikertzen ditu, eredu tradizionalen aldean aukera iraunkorragoak eskaintzeko asmoz. Orain arte, egiaztatu zen posible zela, alde batetik, nitrogeno oxidoak deuseztatzea eta, bestetik, dioxinak suntsitzea gailu eta baldintza ezberdinetan, baina inoiz ez zen zientifikoki ikertu hori. Hortaz, ez zen inoiz ikerketa zientifiko baten bidez egiaztatu zein baldintzatan eta nola egin zitezkeen bi prozesuak aldi berean, energia aurreztu ahal izateko. Horri "prozesuak biziagotzea" esaten zaio.

Horixe da, hain zuzen ere, Miren Gallastegik aztertu duena: nola araztu aldi berean nitrogeno oxidoak (NOx) eta dioxinak. Dioxinak bereziki toxikoak dira maila baxuetan, eta konposizioan kloroa duten hondakinak –esate baterako, birziklapen eta berrerabilpen katetik kanpo gelditzen diren plastiko batzuk (polimeroak)– erretzean sortzen dira. Gallastegik, bere ikerketan, katalizatzaile ohikoak (banadio, wolframio eta titanio oxidoetan oinarritutakoak) zein formulazio alternatibo berriak (manganeso oxidoan oinarritutakoak) sintetizatu eta erabili ditu. Horrela, nitrogeno oxidoak deuseztatzen eta dioxinak suntsitzen dituzten erreakzio kimikoak azkartzea lortu du, tenperatura hotzagoan eta modu eraginkorragoan.

Katalizatzailean gertatzen diren prozesu kimikoak aztertu ondoren, Gallastegik egiaztatu du operazioaren baldintzak optimizatuz gero posible dela, alde batetik, nitrogeno oxidoak murriztu eta oxido bihurtzea eta, beste alde batetik, dioxinak suntsitu eta gas konposatu geldo bihurtzea. Hau da, bi molekulek izaera kimiko eta erreaktibotasun ezberdina izan arren, katalizatzaile bakar batek (garatuen motakoa) aldi berean egin ditzake bi prozesu ezberdin horiek. Sistema konbinatu bat da, eta dDiNOx izena eman zaio (dioxinen eta NOx-en arazketa bateratua).

Orain, estatuko hamar erraustegi ari dira teknologia katalitikoa erabiltzen nitrogeno oxidoak nitrogeno bihurtzeko. Hala eta guztiz ere, ikatz aktibozko iragazkien gainean harrapatzen dituzte dioxinak, eta horiek gero kudeatu eta tratatu egin behar dira, eta kontrol gehigarria behar dute. "Garatu ditugun katalizatzaile berriak sartuz gero eta prozesuaren aldagaiak optimizatuz gero, gaur egungo erraustegietako azpiegitura erabili ahal izango litzateke, aldaketa handirik egin gabe, kutsatzaileak aldi berean deuseztatzeko. Horrek dioxinak suntsitzeko aukera ematen du, dioxinak adsorbatu eta gero iragazkiak kudeatu behar izan gabe, deuseztatu ahalko lirateke eta. Oso aukera onuragarria da ingurumenerako; gainera, ez da inbertsio handirik egin behar instalazioan, eta energia ugari aurrezten da", azaldu du Miren Gallastegik.

Informazio osagarria

Teknologia Kimikoak Ingurugiro Sostengarrirako ikerketa taldeak kutsatzaileak arazteko eta/edo deuseztatzeko ezagutzak eta teknologiak garatzen lan egiten du. Halaber, kimikaren arloko ekoizpen prozesuak hobetzen eta optimizatzen ere aritzen da, ingurumenean kalte txikiagoa eragin dezaten. Helburua da prozesu garbiagoak erabiltzen dituzten ekoizpen kimikoetarako joera sustatzea.

Miren Gallastegi Villa (Durango, 1988) UPV/EHUko kimika ingeniaria da (2011). 2016an, UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa Saileko Juan Ramón González Velasco eta Asier Aranzabal irakasleek zuzendutako nazioarteko tesia defendatu du: VOx/WOx/TiO2 and alternative catalyst for the simultaneous abatement of NOx and PCDD/Fs from MWS treatment plant (VOx/WOx/TiO2 y catalizadores alternativos para la depuración simultánea de NOx y PCDD/Fs en plantas de tratamiento de RSU). HHSak tratatzeko instalazioetan NOx eta dioxinak aldi berean arazteko katalizatzaile alternatibo eraginkorrago eta iraunkorragoak sintetizatzean zentratu du bere ikerlana, eta, horrez gain, baldintza hobeak bilatu ditu instalazio horiek ahalik eta modu eraginkorrenean egin ahal izan ditzaten kalterik eragiten ez duten produktuetarako eraldaketak.

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU