euskaraespañol

‘Geoinformazioaren Analisia' graduondokoaren edizio berria

Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolan irakasten da, eta irailaren 30era arte dago izena ematea

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/22

Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolak abian jarri du Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko "Geoinformazioaren Analisia" graduondokoaren bigarren edizioa. Izena emateko epea irailaren 30ean bukatuko da, eta matrikula ofiziala 2017ko urtarrilean izango da.

'Geoinformazioaren Analisia' graduondoko espezialista da, 30 ECTS kreditukoa, eta beste hainbat titulaziotatik lor daiteke sarbidea, lehen promozioan gertatu zen moduan. Izan ere, graduondokoaren lehen urtean askotariko graduetako egresatuak izan ziren: Ingeniaritza Geomatiko eta Topografiakoak, Geografia eta Lurralde Antolamendukoak, Ingurumen Zientzietakoak, Geologia Zientzietakoak eta Arkitekturakoak, besteak beste.

Irakasleen artean UPV/EHUko hainbat sailetako irakasleak daude (Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia Sailekoak, Geomatika eta Topografia Atala; Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailekoak, Geografia Atala; Lengoaiak eta Sistema Informatikoak Sailekoak; eta Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Sailekoak), eta helburu dute egungo graduetan ematen den prestakuntza osatzea eta graduatuei lan mundura sartzen laguntzea. Geoinformazioaren teknologia titulazio ugaritan lantzen da zeharka, baina beharrezkoa da arlo horretako espezializazio sakona lortzea, lan merkatuak horixe eskatzen baitu. Horren harira sortu da kurtso hau, teknologia horren hiru jakintza oinarriak elkartuta: espazioko datuen bilketa; Geografia Informazioko Sistemen bidezko kudeaketa eta analisia; eta emaitzak automatizatu eta zabaltzeko aplikazioen programazioa.

Graduondoko honen alderdi erakargarrienetako bat erdipresentziala dela da: irakasgaien herenak bakarrik egin behar dira aurrez aurreko saioetan, eta, horrez gain, irakasgaiak aste osoan online landu behar dira. Metodologia horri esker, ikasleek aurrez aurre eskuratzen dituzte ezagutza teoriko eta praktikoak, eta etxetik bertatik egin dezakete teknologiari buruzko analisi xehea. Gainera, lanean diharduten irakasleek euren prestakuntza berritu dezakete, eta ikastaroaren nondik norakoak behar bezala aztertu. Lehen urtean, matrikulatuen % 96k arrakastaz gainditu zuten graduondokoa.

Bestalde, curriculumetik kanpoko 400 orduko praktikak egiteko aukera dago. 2015/2016 ikasturtean 18 hitzarmen sinatu ziren sektoreko administrazio eta enpresa pribatuekin, eta, hala, kanpo praktikak egiteko eskaera aurkeztu zuten ikasleen % 95ek egin ahal izan zituzten praktikak. Hala enpresa nahiz administrazioetako irakasleek nola ikasleek eurek oso balorazio onak egin dituzte, eta batzorde akademikoa ildo horretan lanean jarraitzera bultzatzen dute.

Lan merkatuak GIS Geografia Informazioko Sistemei eta programazioari buruz dakien jendea behar du, eta, hain zuzen ere, horixe lortu nahi izan da ikasketa hauekin. Graduondokoa hiru modulutan zatitu da: lehen modulua datuen bilketari, proiektuen kudeaketari eta geoestatistikari buruzkoa da; bigarrena, berriz, GISen arloan izugarrizko indarra duen ArcGIS softwarea erabiltzeari eta kontrolatzeari buruzkoa; eta hirugarren moduluak, azkenik, Python lengoaiaren bidezko programazioa eta web mapen argitalpena jorratzen ditu.

Graduondokoaren bigarren edizioan izena emateko epea zabalik dago eta online eman daiteke.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo https://geoinformacionehu.wordpress.com/ webgunera edo bidali mezu elektroniko bat geoinformacion@ehu.eus helbidera.