euskaraespañol

Eguneko irudia

In memoriam: Raúl Benjamín Pérez Sáez (BJ)

"Pertsona guztiak hiltzen dira"

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/19

Langile sutsua zen (bera eta ingurukoak ahitzeraino), ikertzailea, irakaslea, lankidea, laguna, maisua…

Burugogor sutsua ere bazen (bera eta ingurukoak ahitzeraino), eta bazekien, eta alderdi hori baliatzen zuen, aurrera gogoz egiteko eta bere izaera maitagarria eraikitzeko: goxo, zintzo, gaztelar, isekari, bihotz oneko… Hotzetik etorri zen (europar urtean), hegoaldetik harago, Ama utzita, El Vallera, Angelinesenera; bihotz zuri merengea zuen, eta zentzua, berriz, zirkulu moreduna... aitatxu

Laborategiak diseinatzen eta muntatzen ere trebea zen. Hutsetik hasita, hala bere burua nola bere ikasleak trebatuz. Horri esker, izen handia lortu zuen mundu osoan, eta benetako erreferente bilakatu zen nazioartean.

Fisikako Olinpiaden tokiko fasea antolatzen zuen, hasi eta buka: webgunea, ikastegiekiko harremanak, probak, proben zuzenketak, estatuko faserako sailkatutako ikasleen laguntza...
Udako campus bat antolatzen zuen, hilabete baterako, berak bezala ikasteko irrika zuten ikasle motibatuentzat.

Jardunaldi motibagarriak antolatzen zituen erdi mailako ikasleak erakartzeko, hasi eta buka: praktikak prestatuz, gidoien liburua eginez eta maketatuz, inprentara kopien bila joanez, txandak prestatuz…

Proiektu bat baino gehiago kudeatzen zituen aldi berean, bai bakarrik, bai enpresaren batekin elkarlanean, bai nazioarteko erakunde handiren batekin.

Gradu amaierako lanak zuzentzen zituen, eta enpresetako praktikak, eta master lanak eta tesiak…

Zientziaren Asteko Fisikari dagokion zatia antolatzen zuen, hasi eta buka: standa diseinatuz, esperimentuak prestatuz (batzuetan, gainera, Merlin magoarena ere joan izan zen esperimentua hobetuko zuen horixe erostera), esperimentuen azalpenak eta inbentarioa eginez, txandak antolatuz… Sekula ez zuen txandetan parte hartzen, nahiz eta beti han egoten zen. Horixe gustatzen zitzaiolako: fisikarako zeukan grina eta harridura hori bera, batez ere, haurrengan ikustea. Haren irribarre zabalak eta solas indartsuak fisikazale berrien begirada sineskor eta miresleak biltzen zituen.

Eta efektu bera lortzen zuen eskolak, saileko korridorea edota bulegoa betetzen zizkioten "biologoen" taldeetan ere. Irribarre handi batekin beti: irakasten gozatuz eta ikasten gozatuz. Fisika ikastea zaila da. Fisika irakastea, berriz, are zailagoa. Ikasi duenak irakatsi egin diotela aitortzea, temati beti, oso-oso zaila da hori. Efektu bera lortzen zuen laborategiko praktiketako taldeetan ere: fisikako ikasleengan, ingeniaritzakoengan, ingurumen zientzietakoengan, eta edozein mailatakoengan.

Ni, dena dela, haren izaerarekin gelditzen naiz: senar maitekorra, aitatxu maitekorra eta adiskide kementsua.

Asteazkenean berandu iritsi nintzen, eguerdiko ordu bata inguruan. Ilunetan joan nintzen bukaerako gelaraino, azken egunetan bezalaxe; ez zen jaikitzen jada. Jaiki zen azkeneko aldian, ahultasunak erorarazi egin zuen, eta kolpe hark jakinarazi zion gehiago ez zuela altxatu behar. Isiltasun bare eta lasai hartan, irribarre egin zidan. Haren akidurak erantzuna eman zion nire "zer moduz?" galderari. Haren nekeak gelatik irteteko eskatu zidan. Haren indarrak, baina, belarrira xuxurlatu zidan: ez, ez, geldi zaitez eta eman besarkada bat, ez dugu astirik eta. Ohearen ertzetik hurbildu nintzaion, eta hark berak laztandu zidan besaurrea, sukarrak sortzen zion berotasunaz eta aitengan ohikoa den kadentziarekin. Elkar besarkatu genuen, elkarri musu eman genion, eta ile hasiberria eta soilik bizar sarri eta mehez beteriko masaila ferekatu nizkion. Alde egin nuen, haren patuagatik atsekabeturik. Horrelaxe agurtu genuen elkar, nire ahuldadeak eta haren adoreak.

Bere beste maiteari eman zion adore horrexek berak.
"Pertsona guztiak hiltzen dira", esan zuen, bere osabek hodei grisa lurperatzen zuten bitartean.
Lehengusu-ilobak zuzendu egin zion: "Guztiak ez, gaixo daudenak bakarrik".
Haren beste maitea biratu egin zen, eta, eskuak zabal eta beherantz jarrita, arrazoi betez hauxe esan zuen, irmo: "Ez, pertsona guztiak hiltzen dira".

Haren beste maiteak badu eredutzat hartzeko norbait: zehaztasuna, arrazoimena eta setakeria.

Bizitzak ez daki justiziaz.
Guk, orain bai (injustiziei buruz batez ere).
Ez litzateke justua ahanzturaren sastrakek haren eredua estaltzea.

 


    Josu M. Igartua Aldamiz dok.
    Fisika Aplikatua II Saila
    Zientzia eta Teknologia Fakultatea