euskaraespañol

Anbulantziek infekzio arriskurik izan dezakete

UPV/EHUren azterketa baten arabera, egon badago desinfekzio protokoloak osatu beharra eta osasun pertsonala higieneaz kontzientziatu beharra

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/16

UPV/EHUko talde diziplina anitz batek hutsuneak antzeman ditu anbulantzietako kutsadura bakterianoa murriztera bideratutako prozeduretan, garraiatutako pertsonak kaltetu ahal direlarik. American Journal of Infection Control aldizkari zientifikoan argitaratutako ikerketaren arabera, anbulantzietan gertatzen diren puntu arriskutsuenak kausituta, praktika seguruez (eskuak garbitu beharraz, esaterako) kontzientziatu, hezi eta sustatu beharra dago, pertsonalaren higienea eta osasun ibilgailuaren garbitasuna eta desinfekzioa ahal denik eta zaintzeko.

Anbulantziak mikroorganismoen sorburu izan daitezke gaixo edo osasun pertsonalari transmititu ahal zaizkien eritasuna sortuz edo garatuz. Organismo patogeno hauek, sarri askotan, suntsigaitzak dira oso farmako askoren aurrean eta eskuak dira transmisiorako bide ohikoena. Erizaintza, medikuntza eta biologiaren arloetako profesionalen talde batek Guillermo Quindós mikrobiologiako katedradun eta ikertzaile nagusiak koordinatuta  zeharkako lan bat egin du anbulantzietan gertatzen diren mikrobio eta bakterioen kutsadura aztertzeko. Lehendabiziko aldia da gure herrian era honetako ikerketa lana egiten dela, oinarrizko bizi euskarriko ibilgailuen inguruan.

Laginak 2012ko uztailean jaso ziren Bilboko arlo metropolitanoan aritzen diren oinarrizko bizi euskarriko 17 anbulantzietatik 10etan.  Osasun ibilgailu hauek batez beste 225 esku hartze izan zituzten azterketa mikrobiologikoa egin aurreko 30 egunetan. Unibertsitateko taldeak maskaratze itsuko teknikak erabili zituen ibilgailuko baldintzak ez aldatzearren eta alborapenik ekiditearren laginketan, analisian eta interpretazioan.

Laginak hartzen ari ziren bitartean, ohartu ziren larrialdietarako hamar unitate haietako batean ere ez zegoela eskuak garbitu ahal izateko konketarik (nahiz  eta beharra ez izan), baina hamarretatik zortzik gel hidroalkoholikorik, uraren ordezkorik eta xaboirik, bai zeukaten. Ohartu ere ohartu ziren anbulantzia garbitu eta desinfektatzeko moduari buruzko protokolo idatzirik ez zegoela. "Komenigarria da oso protokolo bat izatea, desinfektatzeko lana asko errazten duelako, egin beharreko urratsak zehatz-mehatz jasota" adierazi du Guillermo Quindós Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrobiologiako katedradunak.

Anbulantzia bakoitzean sei puntu aztertu ziren: bi gidatzeko kabinan eta lau gaixoentzako eremuan. Jasotako 60 laginen % 73an mikrobio gehiago antzeman ziren bolantean, pasaiariaren atearen barruko eskulekuan eta ohatilaren eskutokietan. Datu hauek ikusita, gerta daiteke kutsadura gurutzatua gertatzea gaixoaren eremuaren eta gidariaren kabinaren artean, ohitura ezegokien erruz, adibidez, eskularruak jantzita gidatzea, gaixoa artatu ostean, edo eskuak ez garbitzea. Guillermo Quindós ikertzaile nagusiak nabarmentzen du "osasungintzan lan egiten duten pertsonen artean eskasegia da eskuak garbitzeko ohitua eta beharrezkoa litzateke kontzientziatzea higiene neurri honek mikrobioen bidezko kutsadura ekiditeko duen garrantziaz jabetzearren".

Lagin ezberdinak analizatu ostean, UPV/EHUko taldeak Staphylococcus aureus, estafilokoko koagulasa negatiboa eta bestelako koko Gram-positiboak, enterobakterioak eta beste bazilo Gram negatibo batzuk, zeintzuk, maila asaldagarririk ez duten arren, adierazten duten erne egon beharra dagoela kutsatze gurutzatua egon baitaiteke ospitalearen barne eta kanpoko eremuen artean, anbulantzietan egiten diren garraioen bidez. Hala ere, esan beharra dago osasun ibilgailuetan antzemandako kutsadura mailak baxuak izan zirela. Izan ere, bi anbulantziatan beste inon ez zen aurkitu Staphyloccocus aureus-en hiru kultibo, agente infekziosoak, oldarkorragoak, pertsona osasuntsuengan egon daitezkeen arren, ospitaleetan infekziorik eragin ditzaketenak, bereziki gaixoengan. Aitzitik, azterketak erakutsi du Bilboko arlo metropolitanoko anbulantzietan agertutako kutsadura mikrobianoa askoz ere txikiagoa izan dela AEB-etan egindako antzeko ikerlanetan aurkitu denarekin erkatuta.

 

Argazkiak: Sendoa Ballesteros

Erreferentzia bibliografikoa