euskaraespañol

Eguneko irudia

Lana galtzearen etsipena

Jon García Ormaza irakaslearen ikerketak egiaztatu du emakume gazteen artean gora egin duela suizidioak, krisi ekonomikoaren eraginez

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/09

Jon García Ormaza

Suizidioaren intzidentzia-tasak Barakaldon 2003 eta 2014 urteen artean izandako eboluzioa sakon aztertuta, UPV/EHUko psikiatria-irakasle Jon García Ormazak agerian utzi du zer gizataldetan egin duen gora suizidio-kopuruak lana galtzearen ondorioz. Horrelako ikerketen helburua da, batetik, suizidioak tabu izateari uztea, eta, bestetik, jendartea heztea, bere buruaz beste egitea pentsatzen ari diren pertsonek azaleratzen dituzten alarma-seinaleak hautemateko gai izan dadin.

Askotariko faktoreen arteko elkarrekintza konplexu baten azkeneko emaitza da suizidioa; bereziki azpimarratzekoak dira "faktore klinikoak, hala nola aurrekari psikiatrikoak, eta faktore psikosozialak, adibidez, gizartearen laguntza-sarea galtzea, langabezian gelditzea edo estres larria izatea", nabarmendu du Jon García Ormaza UPV/EHUko psikiatria-irakasle eta Gurutzeta Unibertsitate Ospitaleko mediku psikiatrak. Europa 2008. urtetik pairatzen ari den krisi ekonomikoak aipatutako alderdietako bitan du eragina: batetik, langabeziak gora egitea eragin du, eta, bestetik, jendeak baliabide ekonomiko gutxiago izatea. "Hain zuzen, data horretatik aurrera, halako alarma bat zabaltzen hasi zen iritzi publikoan: informazioa argitaratzen hasi zen, zeina ez baitzegoen beti behar bezala egiaztatua, esanez lotura garbi bat dagoela suizidioen eta krisi ekonomikoaren artean", azaldu du García Ormazak.

Ideia horiek zientifikoki egiaztatzeko asmoz, Ormazak Barakaldoko bizilagunen suizidio-erregistroa aztertzeari ekin zion. 12 urteko tartea aztertu zuen, 2003tik 2014ra, "ikusteko suizidioaren zer intzidentzia-tasa zegoen krisi ekonomikoaren aurretik eta ondoren". 2008. urtean dago ezarrita muga hori, eta, hain zuzen, orduan egin zuen gora nabarmen langabezia-tasak Barakaldon: 2004an, % 9koa zen langabezia-tasa, eta, 2008tik aurrera igotzen joan zen, 2012an % 20raino iritsi arte.

Bihar, irailak 10, Suizidioen Prebentziorako Mundu Eguna ospatuko da

Analisi guztiak egindakoan, "ikusi genuen 2008tik aurrerako suizidioaren igoera ez zela izan estatistikoki esanguratsua populazioa orokorrean hartuta; suizidio-tasak nahiko egonkorrak dira, 100.000 biztanleko 8 heriotza ingurukoak urtean", adierazi du García Ormazak. Alabaina, azterketa zehatzago eginda, eta gizatalde desberdinei erreparatzean, "orduan bai, desberdintasunak ikusi genituen. Zehazki, bi azpitaldetan ikusi genituen desberdintasun esanguratsuak: aurrekari psikiatrikoak zituzten pertsonen taldean, eta emakume gazteen taldean, lanerako adinean daudenena (65 urtetik beherakoak). Lehenengo taldeko kasuetan, suizidiora jo zuten pertsonen patologia nagusiak menpekotasunak ziren (alkohola eta/edo beste substantzia batzuk maila kaltegarrian kontsumitzea), eta, jarraian, antsietate- eta depresio-arazoak", gaineratu du. "Gehienetan, gainera, pertsona horiek ez dituzte izaten laguntza sozialak, zeintzuk babesgarriak izaten baitira buruko arazo larriak dituzten pertsonentzat. Emakume gazteen kasuan, nabarmentzekoa da Barakaldoko barruti sozioekonomikoki behartsuenetan gertatu zirela suizidio-kasu guztiak.

Prebentzioa, gakoa, horrelakoak saihesteko

García Ormazaren arabera, azterketa honen emaitzak baliatu beharko lirateke "suizidioak prebenitzeko dauden baliabide urriak behar handiena dagoen alderdietan inbertitzeko. Eta, ikusi dugunaren arabera, eskualde behartsuenetako emakume gazteek dute premia handiena, bai eta itxuraz larriak ez diruditen gaixotasun psikiatrikoak dituzten pertsonek ere, hala nola, alkoholismoa, antsietatea eta depresioa dutenek".

"Hala eta guztiz ere —gaineratu du—, Barakaldon bere buruaz beste egindako pertsonen heren batek ez zuen aurrekari psikiatriko ezagunik". Kasu horietan, oso zeregin garrantzitsua du pertsona horien inguruko jendeak. Honela azaldu du irakasleak: "Suizidioaren ideia buruan darabilen pertsona batek bat-batean jo dezake bere buruaz beste egitera egoera oso estresagarri batean".

Gizarte-inguruneak pertsona horien etsipen-seinaleak jasotzen jakin beharko luke, eta osasun-profesionalengana bidali

Hori dela eta, oso garrantzitsua da babes-sare bat sortzea, eta sare horretako pertsonak gai izatea arriskuan dauden pertsonei antzemateko. Familia-medikua eta psikiatra dira giltzarriak horrelako kasuetan. "OMEren arabera, suizidio asko prebeni daitezke. Horretarako neurri garrantzitsuenen artean daude heriotzbideetara heltzea mugatzea, buruko arazoak dituzten pertsonak tratatzea, aurrez bere buruaz beste egiten saiatu diren pertsonei jarraipen aktiboa egitea, komunikabideek suizidioaren gaia modu arduratsuan landu dezaten sustatzea, eta lehen mailako arretako profesionalak horri antzematen trebatzea. Pertsona batek hitzez etsipena adierazten duen guztietan, ahal bezain azkar bidali behar da osasun-profesional batengana".

Informazio osagarria

Jon Garcia Ormaza neurozientzietan doktoreak (Santurtzi, 1979) egin du ikerketa; UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak saileko irakasle elkartua da, bai eta mediku psikiatra ere Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean. Beharrezko datuak biltzeko, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren (AMEI) laguntza izan du.

Erreferentzia bibliografikoa

Oraingoz, 16th European Symposium on Suicide and Suicidal behaviour biltzarrean bi aurkezpenetarako onartu dute ikerketa hau. Oviedon izango da, 2016ko irailean. Aurkezpenetako baten izenburua da "Suicide and Unemployment: 2003-2014 Period in Barakaldo, Spain", eta, bestearena,  "The Area of Residence influences Female Suicide".