euskaraespañol

Eguneko irudia

Etxetresna elektriko adimendunek gomendio hobeak egiten dituzte sare sozialei esker

UPV/EHUko tesi batek hobekuntzak proposatzen ditu etxetresna elektriko adimendunen erabiltzaileek sare sozialen bidez izan dezaketen harremana hobetzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/07

Erabiltzaile batek bere ingurune sozialeko beste erabiltzaile batengan izango duen konfiantza aurresateko tresnak hobetu ditu David Nuñez UPV/EHUko ingeniari informatikoak, bere doktore-tesian. Halaber, algoritmo berri bat proposatu du denbora laburragoan aukeratzen duena zein den sare sozial bateko erabiltzaile-multzorik txikiena, sareko erabiltzaile posible gehienei eragiteko gai izango dena. Doktore-tesia SandS europar proiektuan sartzen da, eta proiektuaren ardatzetako bat da, besteak beste, erabiltzaileak etxetresna elektriko adimendunekiko duen interakzioa.

Computational intelligent methods for trusting in social networks izeneko tesia egin du David Núñez ingeniari informatikoak UPV/EHUko Informatika Fakultateko GIC-Adimen Konputazionaleko Taldean, Social and Smart (SandS) Europako ikerketa-proiektuaren barnean. SandS proiektuaren zati bat modulu adimendun bati konektatutako etxetresna elektrikoen erabiltzaileen interakzioan oinarritzen da.

Etxetresna elektriko (sistema) horietan, erabiltzaileak hizkuntza naturala erabiliz deskribatu behar du ebatzi nahi duen arazoa (adibidez, "ogi bat egin", "galtzetako orban bat garbitu" eta abar, etxetresna elektrikoaren arabera); hala, ebatzi beharreko arazoa aztertzen du sistemak, eta erabiltzaileak deskribatutako arazoarentzako soluziorik (errezeta) badagoen bilatzen du datu-basean. Soluzioa baldin badago, eman egingo dio; bestela, arazoaren deskribapena modulu adimendun bati bideratzen dio sistemak, soluzio berri bat bilatu dezan eta erabiltzaileari ematen diezaion. Erabiltzaileak bi aukera ditu: sistemak proposatutako soluzioa gauzatu dezake edo, bestela, soluzioaren parametroak doitu ditzake. Arazoaren exekuzioa amaitutakoan, erabiltzaileak lortu duen emaitzarekiko zer gogobetetze-maila duen adierazi behar du. Erabiltzaileak sistemaren sare sozialaren bidez erlaziona daitezke, eta beste erabiltzaile batzuek ebalua ditzaketen errezetak proposa ditzakete.

Núñezek, bere tesian, teknika adimendun berriak lortu ditu sare sozialen arloan. Zehazki, hiru ikerketa-ildo landu ditu arlo horretan: konfiantza, gomendio-sistemak eta eraginaren maximizazioa.

Hiru ikerketa-ildo

Lehenengo ikerketa-ildoan, aurreikusi nahi izan dute zer konfiantza izango duen erabiltzaile batek bere ingurune sozialeko beste erabiltzaile batengan, hari buruz beste kontaktuek eman dituzten iritzietan oinarrituta. Ildo horretan, konfiantza aurresateko tresna batzuk garatzea lortu du ikertzaileak, literaturan ageri direnak baino sinpleagoak, aljebran gehiago oinarrituta.

Bigarren ikerketa-ildoaren ardatza gomendio-sistemak dira, eta, horretarako, bi esperimentu egin dituzte. Lehenengo esperimentua lotuta dago ogia egiteko makina adimendu batean ogia egiteko errezetak sortzearekin. Erabiltzailearen gogobetetzetik abiatuta (arazoaren deskribapenetik) ogiaren errezeta (arazoaren soluzioa) aurresateko simulazioa egiten saiatu dira; bestalde, kontrako norabidean, erabiltzailearen gogobetetzea aurresaten saiatu dira (arazoaren soluzioa) errezeta jakin batetik abiatuta (arazoaren deskribapena).

Bigarren ikerketa-ildoko bigarren esperimentuan, produktuei buruzko gomendioak egiten saiatu dira. Gomendioa erabiltzaileen aurretiko ebaluazioetan oinarritzen da. Gomendioa egin nahi zaion erabiltzailearen Web of Trust edo konfiantzako web-ean oinarritutako teknikak proposatu dituzte, bai eta erabiltzaileen arteko antzekotasunetan eta haien ebaluatzeko moduan oinarritutakoak ere.

Hirugarren ikerketa-ildoa eraginaren maximizazioarekin lotuta dago. Ildo horren helburua izan da detektatzea zein den sare sozial bateko erabiltzaileen kopuru txikiena, sarearen erabiltzaile posibleen kopuru handienean eragiteko gai izango dena. Horrenbestez, "algoritmo berri bat proposatu dugu, eta, denborari dagokionez, hobetu egiten du literaturan dagoen algoritmoa: Greedyren metodo klasikoa —azaldu du David Núñezek—. Gure metodoaren bidez Greedyren metodoaren antzera hurbiltzen da zenbateko optimora, baina azkarrago".

Informazio osagarria

Social and Smart europar proiektua FP7 esparru-programaren bidez finantzatu dute, eta proiektuaren partzuergoa hiru unibertsitatek eta bost enpresa eta zentro teknologikok osatu zuten: Milango Unibertsitatea (proiektuaren koordinatzailea), UPV/EHU, Atenasko Unibertsitate Politekniko Nazionala, Cartif (Valladolid), Libelium (Zaragoza), Gorenje, Arduino eta Amis.

David Núñez (Irun, 1988) ingeniari informatikoa da. Ingeniaritza Konputazional eta Sistema Adimenduneko Unibertsitate Masterra egin du, baita Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntzako Masterra ere. Donostiako Informatika Fakultateko Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Sailean egin du doktoretza, Manuel Graña katedradunaren zuzendaritzapean.

Erreferentzia bibliografikoa