euskaraespañol

In memoriam: Clara Sánchez Fernández

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/02

2016ko abuztuaren 7an Getxon (Bizkaian) hil zen Clara Sánchez Fernández irakaslea, UPV/EHUko Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako zuzendaria izandakoa 2012tik 2016ra bitartean.

Clara Sánchez 1990ean lizentziatu zen Medikuntza eta Kirurgian UPV/EHUn, zenbait master egin zituen eta Laneko Medikuntzaren arloko espezializazioa lortu zuen 1997an. Doktorego ikasketak egin zituen UPV/EHUko Fisiologia Sailean eta 2003an defendatu zuen tesia izenburu honekin: Evaluación del patrón alimenticio en adolescentes escolarizados en Vitoria-Gasteiz durante la década de los noventa.

1992an hasi zuen bere harremana Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolarekin. Lehendabizi irakasle elkartua izan zen eskolan, aldi berean enpresako medikua zela zenbait erakundetan. Gero Medikuntza eta Kirurgia Erizaintzako irakasle titularra egin zen. Gaztelaniaz eta euskaraz irakateaz gain, lehendabiziko irakaslea izan zen bere irakasgaia ingelesez ematen eskolan.  2003an arduraldi osoko irakasle bihurtu zen. Irakaskuntzaz gain, kudeaketa lanean eta ikerketan ere sakondu zuen: kudeaketari dagokionez, rol garrantzitsua izan zuen Erizaintzako Graduaren diseinuan eta ezarpenean, eta ikerketari dagokionez, hainbat proiektutan hartu zuen parte,   kolaboratzaile gisa nahiz ikertzaile nagusi. 
2012an Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako zuzendari hautatu zuten, eta kargua bete zuen hain ezagun zituen konpromisoaz, zintzotasunaz eta arduraz. Zuzendari handia, irakasle handia eta lankide are handiagoa izan zen. Jakin zuen bere lana profesionaltasun handiz egiten, eta lankideen nahiz ikasleen errespetua bereganatu zuen.

Ezagutu genuenok gogoan izango dugu haren giza kalitate aparta: jatorra, begirunetsua, integratzailea, irekia, eskuzabala, beti irribarretsua. Esker onez eta harro gaude haren lankideak eta lagunak izan garelako.

Eskolan utzi duen hutsunea itzela da, eta mingarria. Eskerrik asko eredua emateagatik eta zure aholkuengatik, Clara. Izugarri sentitzen dugu zure falta.

Itziar Estalella Bellart, Leioako Erizaintza Ataleko koordinatzailea. Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea