Saltillo belaontziak abuztuaren 17an hasiko du ohikoa den udako itsasaldia euskal kostaldetik
UPV/EHUko eskola-ontzia Santurtzin itsasoratuko da Lekeitiorantz abiatzeko udako bigarrena den itsas bidai honetan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/08/11
Abuztuaren 17tik irailaren 2ra UPV/EHUko Saltillo eskola-ontziak ohikoa den udako itsasaldia egingo du euskal portuetan zehar. Santurtziko kirol-portuan hasiko du 17 egun iraungo duen bidaia, Lekeitio izango duelarik lehen helmuga. Ondoren, Donibane Lohitzune, Getaria, Donostia, Hondarribia, Mutriku eta Bermeo bisitatuko ditu.
Mikel Lejarza kapitain duen itsasaldi honetan, UPV/EHUko Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko ikasleek nabigazio praktikak egingo dituzte. Horrez gain, bela mundua gizarteari hurbiltzea eta antzinako belaontzi hau ezagutzera ematea ere badira itsas ibilaldi honen helburuak. Horretarako, bidaian zehar, Saltillok bere ateak irekiko ditu nahi duten guztiek ontzia bisitatu dezaten.
Saltillo 1932an eraiki zen eta, bi urte beranduago, Pedro Galindez enpresari bizkaitarrak erosi zuen. 1946tik 1963a arte Galindezek errege-familiari utzi zion belaontzia, erabil zezan. 1968an Galindezek Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoari itsasontziaren dohaintza egin zion, eta 1998az geroztik UPV/EHUko ontzi-eskola bezala erabiltzen da.
Kostaldeko itsasaldi hau aurtengo udako bigarrena da, izan ere, uztailean Bretainiako Brest eta Douarnenez-eko Itsasoko Jaialdian parte hartu zuen Saltillo belaontziak. Lau egunez, eskola-ontzia beste 1.500 belaontzi klasiko eta tradizionalekin batera nabigatzen aritu zen Brest-ako badian.
Egutegia eta ordutegia
Abuztuak 17: Santurtzi – Lekeitio
Abuztuak 18: Ate irekiak Lekeition
Abuztuak 19: Lekeitio – Donibane Lohitzune
Abuztuak 20- 21: Ate irekiak Donibane Lohitzunen
Abuztuak 22: Donibane Lohitzune - Getaria
Abuztuak 23: Ate irekiak Getarian
Abuztuak 24: Getaria – Donostia
Abuztuak 25: Ate irekiak Donostian
Abuztuak 26: Donostia - Hondarribia
Abuztuak 27 -28: Ate irekiak Hondarribian
Abuztuak 29: Hondarribia – Mutriku
Abuztuak 30: Ate irekiak Mutrikun
Abuztuak 31: Mutriku – Bermeo
Irailak 1: Ate irekiak Bermeon
Irailak 2: Bermeo – Santurtzi
Bisiten ordutegia: 10:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 19:00etara.