euskaraespañol

«Kirolean genero bereizkeria dago»

Nagore Martinen Gradu Amaierako Lanak Lehen Hezkuntzako haurrentzako genero bereizkeriarik gabeko heziketa fisikoa sustatzen du.

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/08

Nagore Martín de la Calek aurten bukatu du Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Lehen Hezkuntzako Gradua, eta Heziketa Fisikoko minorra egin du han. Gradu amaierako lanean, Lehen Hezkuntzako genero bereizkeriarik gabeko haurrentzako heziketa fisikoa bultzatu du, baterako hezkuntza oinarri hartuta. Gainera, Nagorek paleta argentinarreko Espainiako txapelketa irabazi berri du, eta, horrez gain, eskubaloian aritzen da Gasteizko Bigarren Mailako talde batean.

Nolakoa izan da heziketa fisikoa duela gutxiko historian?
Frankismoaren garaian, kasurako, pentsamolde biologista zen nagusi: emakumeari eta gizonari xede desberdinak lortzea zegokien berez, eta, horregatik, eskola bereizietan ikasten zuten eta irakasgai desberdinak egiten zituzten. Heziketa fisikoaren kasuan, gizonek gaitasun fisikoak garatu behar zituzten (indarra, potentzia, erresistentzia…), kemena, adorea eta beste. Emakumeentzat, ordea, helburu nagusia sentiberatasuna, leuntasuna, elastikotasuna, pasibotasuna eta halakoak garatzea zen. Horretarako, gimnastika, dantza eta erritmoa lantzen zituzten, eta, kirolei dagokienez, igeriketan, hockeyan, eskubaloian edo saskibaloian ibil zitezkeen. Bada, ikus daitekeenez, garai hartan neskak eta mutilak baldintzatuta zeuden generoagatik, eta helburu desberdinak lortu behar zituzten.

Aldatu al da ikuspegi sexista hori?
Bai, urteetan ezarriz joan diren berdintasun legeei esker. Esaterako, 1985eko LODE legearen bidez, eskola mistoak osatu ziren; 1990eko LOGSEk, berriz, sexu bereizkeriaren kontrako borrokaren hasiera ekarri zuen; eta 2006ko LOEri esker hezkuntza igualitarioa ezarri zen, hau da, neska-mutikoen arteko aukera eta eskubide berdintasunean oinarritutakoa.

Oraindik ere ba al da bereizkeriarik heziketa fisikoan?
Nahiz eta bereizkeriaren kontrako eta genero berdintasunaren aldeko legeak ezarri diren, heziketa fisikoaren curriculuma gehiago da ezkutukoa agerikoa baino. Curriculum agerikoak hezkuntza eskaintza prestatua biltzen du, helburuekin, kontzeptuekin, ikasketa planekin, programekin eta abarrekin; ezkutukoak, ostera, eskola barruko balioetan, jokabideetan edo arauetan du oinarria. Hori dela eta, garrantzitsua da irakasleek kontuan hartzea curriculum ezkutuan sartzen diren zenbait kontzeptu, kontzeptuok oker erabiltzeak genero bereizkeria ekar baitezake. Hor sartzen dira, besteak beste, lengoaiaren eta espazioaren erabilera, jardueren programazioa eta diseinua, erabili beharreko materiala…

Lanean zer estrategia proposatu dituzu hori saihesteko?
Nik proposatutako estrategiak Teoría de las Metas de Logro testutik ateratakoak dira. Hona hemen batzuk: jardueren diseinua aniztasunean oinarritzea; taldearen komunikazioa eta integrazioa sustatzea; subjektuek erabakiak hartzen eta lider izaten esku hartuko dutela bermatzea; ikasle guztiak alderdikeriarik gabe tratatzea, sexua alde batera utzi eta espektatiba antzekoak eraikiz ikasle guztien gainean…

«Ikasleek eurek jabetu behar dute bereizkeriaz»

Ikasgelan nola landu daiteke genero bereizkeria?
Heziketa fisikoko ikasgela batean, genero bereizkeriako kasu bat badago, irakasleak ikasleei eskatu beharko die egoera aztertzeko. Ikasleek eurek jabetu behar dute zer gertatzen ari den, eta irakasleak erantzuna aurkitu arte gidatuko ditu. Egoera zein den jabetzen direnean, horren gainean hausnartu beharko dute, eta norberak zer sentitzen edo pentsatzen duen adierazi. Arazoa argitzen denean, irakasleak eskola ematen jarraituko du, eta, berriz ere egoera bera gertatzen bada, zuzenean irakasleek hartuko dute dagokion erabakia.

Heziketa fisikoan ba al dago lehentasun desberdinik nesken eta mutilen artean?
Nik neuk ez dut uste. Gaur egun, irakasleek ikasle guztiei berdin begiratuta prestatzen dituzte eskolak, sexu bati edo besteari lehentasunik eman gabe. Orain ez da antzina bezainbeste bereizketa egiten, eta ikasgeletan inklusioa bultzatzen da. Alabaina, batzuetan, bereizkeria egoerak sor daitezke nahi gabe, baina ez dute inolako zerikusirik lehentasunekin.

Gaur egun, oraindik ba al dago estereotiporik kirolaren munduan?
Bai. Garbi dago gizonen kirola emakumeena baino gehiago balioesten dela. Horren adibide dugu duela gutxi Athletic futbol taldeko neskekin gertatutakoa: bosgarren Liga irabazi dute, eta behin ere ez dute atera gabarra, klubaren arrakastaren sinboloa. Mutilek irabazten dutenean baino ez dute ateratzen, nahiz eta erakundeek ahalegina egin duten bi taldeen arteko berdintasuna agerian jartzeko. Eta eliteko kirolarien arteko soldata desberdintasuna ere beste adibide garbi bat da: gizonek, bizitzeko, nahikoa dute kiroletik irabazten duten diruarekin, baina emakume gehienek beste lan batzuk egin behar dituzte kirolaz gain.

Paleta argentinarreko Espainiako txapelketa irabazi berri duzu…
Bai. Ekainaren 11n finala jokatu genuen nire kide Ane Ibáñezek eta nik Mendillorrin, Nafarroako herri batean. Partida gogorra egin ondoren, paleta argentinarreko Espainiako txapelketa irabaztea lortu genuen. Txapelketan izena eman genuen lehen aldia zen, eta, egia esateko, emaitza arrakastatsua izan genuen.

Gainera, ez duzu lehendabiziko lorpena kirolean…
Hainbat txapelketa jokatu ditut, eta zenbaitetan garaile izan nahiz behin baino gehiagotan; adibidez, Arabako probintzialean, hala paleta argentinarrean nola goma palan, eta Euskal Herriko goma pala txapelketan (selekzioenean eta irekian). Denboraldi honen hasieratik, Espainiako txapelketa irabaztea izan dut helburu, horixe bakarrik gelditzen zitzaidan eta. Eta, entrenatzailearen laguntzari eta entrenamenduetan nahiz kantxatik kanpo alboan izan ditudan pertsona guztien babesari esker, lortu dut. Bide latza izan da, baina, esaten den moduan, "inork ez zuen esan arrakastarako bidea erraza izango zenik".

«Nire ametsa: munduko txapelketa bat jokatzea eta irabaztea»

Eta, orain, munduko txapelketa?
Hurrengo pausoa Europako txapelketa da; irailean jokatuko da. Oraindik eta txapelketa gogorragoa izango da; izan ere, aurkari beteranoagoak eta kantxan konfiantza eta segurtasun handiagoa dutenak edukiko ditugu, nik uste. Gure helburua da gogor entrenatzea eta garaipena lortzen saiatzea, edo ondo jokatzea eta gure maila zein den erakustea. Pixkanaka-pixkanaka, errealitate bilakatuz joango naiz pilotaren munduan sartu nintzenetik dudan ametsa: munduko txapelketa bat jokatzea eta irabaztea. Oraindik urruti dago helburu hori, baina nik entrenatzen jarraituko dut hori lortu arte, ez egin zalantzarik.

Eskubaloian ere aritzen zara…
Bai. Gasteizko eskubaloi talde batean federatuta nago, Eharialdean. Hamaika urte daramatzat eskubaloian jokatzen, eta orain hiru urte gertaera historikoa izan genuen Arabako emakumeen eskubaloian: Ohorezko Zilar Mailara igo ginen, Bigarren Maila esaten zaion horretara, alegia.

Etorkizun hurbilean, non ikusten duzu zeure burua lan zein kirol aldetik?
Profesionalki, ikasi dudan horretan lan egitea gustatuko litzaidake, hau da, Lehen Hezkuntzako irakasle gisa, eta ahal dela nire espezialitatean, Heziketa Fisikoan. Ordea, gaur egungo egoera ikusita, hezkuntzarekin, kirolarekin edo haurrekin zerikusia duen zerbaitetan lan egin ahal izatea eskatzen dut, besterik ez, hiru gauza horiek motibatzen bainaute. Kirola dela eta, Zilar Mailan jarraitu nahi nuke nire eskubaloi taldearekin, eta, pilotari dagokionez, hobetzen jarraitu nahi nuke, munduko txapelketaren batean lehiatu ahal izateko. Edonola ere, epe laburrera begira ibiltzen naiz beti, eta nire hurrengo helburua Europako trinket txapelketa irabaztea da.
 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU