euskaraespañol

Eguneko irudia

Unibertsitate eta enpresen arteko lana sustatzen duen 'Zabalduz'en lehen emaitzak

Cristina Cerrilloren eta Gorka Salcesen tesiak UPV/EHUren eta IK4-Teknikerren eta Hekimen Elkartearen arteko lankidetzari esker egin dira, hurrenez hurren

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/04/29

Cristina Cerrillo eta Gorka Salces

Enpresen eta unibertsitatearen arteko elkarlana sustatzen duen Zabalduz programak lehenengo fruituak eman ditu berriki; hala, Cristina Cerrilloren eta Gorka Salcesen tesiek, "Towards the standardization of nanoecotoxicity testing: Selection of environmentally relevant methods" eta "Euskaldunak komunikabideen aurrean: iritzien, ohituren eta jarreren azterketa kualitatibo eta kuantitatiboa", hurrenez hurren, IK4-Teknikerren eta Hekimen Elkartearen arteko elkarlanak egin ditu posible.

Zabalduz egitasmoak Unibertsitatearen eta erakunde sozioekonomikoen arteko ezagutzaren transferentzia eta elkarlana sustatu nahi ditu. Hala, UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreorde Fernando Plazaolaren hitzetan Zabalduz programako doktore-gaiak "bi iturrietatik edaten duen" proiektu baten buru dira: "Alde batetik UPV/EHUko ikertaldetik ikerketa egiteko bideak eta beharrezkoa den zorroztasun zientifikoa jasotzen du eta, bestetik, erakundean lana egiteko era eta bertako arazoak. Beraz, Zabalduz motako doktoretzak balio erantsi nabarikoa du. Gainera, bi bideen uztarketak, unibertsitatearena eta erakundearena, aukera ematen du, bien arteko  elkar ezagutza areagotzeko eta ondorioz transferentzia eta elkarlana indartzeko".

Horietaz gain, bere tesi proiektua UPV/EHUn egiten ari diren 33 lagunek parte hartu dute Zabalduz egitasmoan, unibertsitatearen eta enpresa-ehunaren arteko hartu-emanak indartuz eta estutuz. Eta Cristina Cerrilloren zein Gorka Salcesen ikerlanak dira horren erakusgarri. 

Cristina Cerrilloren tesia "Towards the standardization of nanoecotoxicity testing: Selection of environmentally relevant methods" (Nanoekotoxikotasun proben estandarizazioa lortzeko ingurumena aztertzeko metodo adierazgarrien hautaketa) IK4-Tekniker eta UPV/EHUren arteko lankidetzak egin du posible. "Ikerlanak definitu nahi ditu ur-ekosistemetan aurkitzen diren nanomaterialen (material oso txikiak, eta  industrian gero eta gehiago erabiltzen direnak) balioztatze toxikologikoa aztertzeko entsegu-metodoak. Ur-ekosistemak dira nanomaterialak elikatze-kateetan sartzeko bide garrantzitsuenetarikoak, eta protokolo estandarizatuen faltak material horien toxikotasunaren inguruko emaitza kontraesankorrak eman ditu", azaldu du Cerrillok, materialen ingeniaritzan adituak.

Tesia egiten ari zela, gainera, ikerlanari lotutako hiru Q1 artikulu argitaratu ditu; hots, inpaktu handiena duten aldizkarietako batzuetan publikatu ditu bere ikerketa lanean lortutako emaitzak eta ondorioak; Science of The Total Environment eta Environmental Toxicology and Chemistry aldizkarietan, hain zuzen.

"Nire proiektuak legegileek dituzten beharrizanei erantzuna ematea du xede. Hau da, erregulatzeko beharrizanei datuen eta entsegu-metodoen bidezko balioztatze zientifikoaren bermea erantsi", argitu du.

Euskal hedabideen erronka

Gorka Salces ikerlariaren "Euskaldunak komunikabideen aurrean: iritzien, ohituren eta jarreren azterketa kualitatibo eta kuantitatiboa" tesia posible izan da Hekimen elkartearen  (euskal hedabideen lankidetza bideratzeko eratutako proiektua) eta UPV/EHUko NOR ikerketa taldearen arteko elkarlanari esker.

Euskarazko komunikabideek "erronka bikoitzari" aurre egin behar diotela azaltzen du ikerlanean Salcesek: "Alde batetik, mundu mailako krisia bizi dute komunikabideek, bat-batekotasunean oinarritutako ohitura komunikatiboak eta doako edukiak orokortzearen ondorioz. Bestetik, euskal hiztunen tipologia asko ugaritu da azken hamarkadetan, eta, hortaz, identifikatzen errazagoa zen publiko potentzialarentzako produktuak sortzetik ezaugarri jakin batzuei lotzen zailagoa den komunitate bati zuzendutako produktuak ekoiztera igaro dira euskarazko hedabideak".

Hala, euskaldunen iritziek, ohiturek eta jarrerek kontsumoan izan dezaketen eraginaz jabeturik, proiektuak "aldagai horien nolakotasuna eta jatorria identifikatzea" izan du xede. "Etorkizunera begira sektoreak bere publiko potentziala hobeto ezagutu eta estrategia berriak jorra ahal ditzan", jakinarazi du Salcesek.

Ikerlariak, gainera, komunikabideen sektorearen eta egoera soziolinguistikoaren aldaketek euskarazko komunikabideentzat suposatzen duten erronkari erantzuteko tesia idatzi bitartean, hainbat kongresu eta mahai-ingurutan hartu du parte, baita egonaldia egin ere Aberystwyth University-n (Gales). Halaber, elkarlanean egindako artikuluak argitaratu ditu BAT soziolinguistika aldizkarian eta Euskal Hedabideen Urtekarian. Azken lan horren garapenean egindako hausnarketa prozesuaren ondorioz, komunikabideen erabilera berriak, audientziak ulertzeko moduak eta hizkuntza gutxituen ekosistema mediatikoak ikertzea xede duen Errota Digitala elkartea sortu du, UPV/EHU eta University College of London-eko ikertzaile postdoktoral Koldo Diaz Bizkarguenagarekin eta Deustuko Unibertsitateko ikerlari eta irakasle Xabier Landabidearekin batera.

Enpresentzat eta erakundeentzat funtsezkoak

Zabalduz egitasmoak doktoreen balioa erakutsi nahi du, jakintza zutabe duen gizarte berritzailea eraikitzeko oinarrizko euskarri legez. Hala, doktoretza duten lagunak unibertsitatearentzat edo zentro teknologikoentzat garrantzitsuak izateaz aparte, enpresa eta erakundeentzat ere funtsezkoak direla frogatu gura du.

"Bai ala bai doktoreak dira etorkizuneko eragileak, historiaren garapenak horrela adierazten digu. Eskola sasoian denok ikasi edo entzun dugu Erdi Aroan "novelas de caballeria"-ei buruz. Bertan, goi mailako ikasketak eta gizartearen aintzatespena zutenak batxillerrak zirela erakusten da. XX. mendean berriz, denok ezagutu ditugu, bereziki latinoamerikan, lizentziatu izenarekin agertzen ziren estatu desberdinetako presidenteak. Orain, berriz, lizentziatu izendapenarekin agertzen denik ez dugu topatuko, doktore izendapenarekin ordea gero eta gehiago.", azaldu du grafikoki Fernando Plazaola UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreorde.

2013an abian jarri zen Zabalduz ekimenaren helburuak ondorengoak ziren: graduatu doktoreen kopurua areagotzea; esparru guztietako I+G+B gaitasuna areagotzea, ezagutza errazago transferitzeko Unibertsitatearen eta gizartearen artean; enpresa eta gizarte testuinguruan lanpostu gaituak sortzen laguntzea; doktore maila lortzen duten pertsonen enplegagarritasuna areagotzea enpresa testuinguruaren barnean; doktoreek, ingurune produktibo eta sozialeko berrikuntza prozesuetarako funtsezko elementu gisa, gizartean duten irudiaren balorazioa hobetzea; unibertsitatearen eta ingurune produktibo eta sozialaren arteko harremanak indartzea eta estutzea, elkarrenganako ezagutza hobetuz.