Matrikula zaitez UPV/EHUren Uda Ikastaroetan!
Irekita dago edizio berrian izena emateko epea
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2016/04/15
Ikasturtearen azken txanpa honetan, udan zer egingo dugun pentsatzen hasi beharra dago. Ziur asko, hondartzara joateko asmoa izango dugu (eguraldiak laguntzen badigu behintzat), lagunekin terrazaren batean berriketan aritzekoa edo, besterik gabe, eguna lasai-lasai igarotzekoa. Bada, Euskal Herriko Unibertsitateak beste zerbait proposatzen dizu horrez guztiaz gain: zure prestakuntzan sakontzea eta interesatzen zaizkizun Uda Ikastaroetako batean edo gehiagotan matrikulatzea. Plan ezin hobea udako egun luzeetarako: goiza gustuko duzun gaiaren inguruan ikasten igaro eta, gero, ogitarteko bat jan eta arratsaldeaz gozatu hondartzan, hirian edo mendian.
"UPV/EHUko Uda Ikastaroak askotariko gaiak jorratuko dituen diziplina anitzeko Egitaraua izango da aurtengoa, zeinarekin gizartearen zatirik handienera heldu baita, uneko gairik garrantzitsuenen inguruko eztabaida eta pentsamendu kritikorako eremua eskainiz. Hau dena inguru lasai batean, sortu nahi dugu, baita uda garaian ere", adierazi du Carmen Agoués Uda Ikastaroen zuzendariak.
Irekita dago matrikula epea, eta izena eman dezakezu egitarauko 180tik gora jardueratan: ikastaroak, tailerrak, jardunaldiak, biltzarrak, eskolak… Maiatzaren 19tik irailaren 30era bitartean izango dira, Donostiako Miramar Jauregian, Bilboko Bizkaia Aretoan, Vitoria-Gasteizen, Moreda Araban, Agurainen, Guardian, Zumaian, Irunen eta Baionan. Gainera, maiatzaren 31ra arte, matrikula % 15 gutxiago kostatuko da.
Aurten, gaur-gaurko gaien sorta zabala duzu aukeran: errefuxiatuen egoera eta Europaren erantzuna, gaixotasun arraroak, nekazaritza ekologikoa, hirien garapen iraunkorra, herritarrek sare sozialetan duten partaidetza, eta birziklapena aberastasun iturri gisa, besteak beste. Ikastaroen webgune berrian kontsulta ditzakezu gai horiek guztiak eta beste asko: www.uik.eus.
"Aurtengo egitaraua anitza da; nazioarteko garrantziaren kontuei ekiten diete, errefuxiatuen egoera, eremu lokaleko arazoak, euskal zuzenbide zibil berria edota estrategia globalak ardo mundu arloan. Hiru nobedade azpimarratu nahi ditugu: Basque Yourself First International Summer School Programa, DSS2016eu fundazioarekin elkarlanean daukagun zeharkako zikloa eta ziklo berri baten sorkuntza, elikadurari dagokiona", gehitu du zuzendariak.
Aurtengo edizioan, urtero bezala, ikastaro hauetan parte hartuko dute arlo politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaleko hainbat pertsona esanguratsuk. Hala, gurean izango ditugu, besteak beste, Bernardo Atxaga idazlea; Antonio Vitorino, Europar Batasuneko Justiziako komisario ohia eta Lisboako Tratatuaren egile intelektuala; Martin Kaplus, 2013ko Kimikako Nobel sariduna; Juan Ignacio Cirac, Ikerkuntza Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzea sariduna; María Ángeles Durán soziologoa (Soziologiako katedra lortu zuen lehen emakume espainiarra izan zen); Esteban Beltrán, Amnistia Internazionalaren Espainiako ataleko burua; Miguel Ángel Aguilar eta Pepa Bueno kazetariak; Daniel Innerarity, Filosofia Politiko eta Sozialean katedraduna eta Gobernantza Demokratikoko Institutuko zuzendaria; Juan Pablo Fussi, Historia Garaikidean katedraduna; Xavier Querol geologoa, Ingurumen Babesari buruzko Rey Jaime I sariduna; Adela Asua, Auzitegi Konstituzionaleko magistratua; eta Frieder Dünkel, Europako Kriminologia Elkarteko burua.
Argazkiak: UPV/EHU