Bilboko Ingeniaritza Eskolako Goi Mailako Errendimenduko Fabrikazio Taldeko bi ikaslek, José Javier San Martínek eta Francisco Javier Llonínek, Sociedad de Ingeniería de Fabricación (SIF) izeneko elkartearen bi sari lortu dituzte, euren ikasketa amaierako lanak direla eta.
Francisco Javier Llonín eta José Javier San Martín, Karrera Amaierako Lanengatik sarituak
Bilboko Ingeniaritza Eskolako Makina-Erreminta Ikasgelako ikasleak dira biak
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/04/06
Sariak urtero ematen zaizkie ikasleek fabrikazio ingeniaritzaren alorrean egindako ekarpen hoberenei, eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleek hainbat aldiz lortu dituzte sari horiek azken urteetan. Edizio honetan, José Javier San Martínek eta Francisco Javier Llonínek, datorren ostiralean, apirilaren 8an, Madrilen, SIFen Batzar Nagusian, ospatuko den ekitaldian jasoko dute euren saria.
Saritutako lanak, José Javier San Martín ikasleak, López de Lacalle irakaslearen zuzendaritzapean egindako "Brotxaketa birakari prozesuaren azterlana super-aleazio termo-erresistenteetan" eta Francisco Javier Llonín ikasleak, Lamikiz irakaslearen zuzendaritzapean aurkeztutako "Laminated Object Manufacturing aplikazioa erabiliz fabrikatutako elektro-erosiorako grafitozko tresna" dira. Biak ere Bilboko Ingeniaritza Eskolako Makina-Erreminta Ikasgelako ikasleak dira.
Lehenengoa, goi mailako prezisioa eta kostuen murrizketa bilatzen duen aeronautikako motorrentzako osagaien fabrikazioaren alorrean gauzatzen da. Zehatzago esanez, altzairu azkarreko tresnak dituen brotxaketa birakaria izeneko prozesua erabiltzen du presio baxuko turbinaren estrukturako elementuen alojamenduak mekanizatzeko. Prozesua erremintaren ardatzak emandako angelu desberdintasunaz eta erabilitako makinaren ardatzaz baliatzen da material hori "taillatzeko". Lanak, prozedura horrek aeronautikako super-aleazioen prozesatuan aplikatzeko duen erraztasuna erakutsi du, eta horrek aurrezpen nabarmena ekarriko du fabrikazioaren kostuan, orain arte prozesu hori ia erabili ez duen aeronautika sektorean, batez ere.
24 urte dituen José Javier San Martín sestaoarra Ingeniaritza Industrialeko Masterra ari da egiten une honetan Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Produktuaren Diseinua eta Fabrikazioa espezialitatean, Ingeniaritza Mekanikoko espezialitatean Ingeniaritza Industrialeko Gradua lortu ondoren. Bere ikasketak, Eskolako Goi Mailako Errendimenduko Fabrikazio Taldean egiten duen ikerketa lanarekin uztartzen ditu.
Saria lortu duen bigarren lanari dagokionez, Francisco Javier Llonín, elektro-erosioaren alorrean erabiltzeko elektrodoen fabrikazioan zentratu da. Ohiko fresaketaren aurreko alternatiba berritzailea den Fabrikazio aditibo teknika da. Laminated Object Manufacturing izeneko prozesuan, elektrodoa, grafitozko xafla finen laser bitartezko ebaketaren bidez azkar eta prezisioz lortzen diren sekzioetan banatzen da, eta ondoren sekzio horiek eroale elektriko batekin elkartzen dira. Horrek, fresaketa bitartez lortu ezin diren geometria konplexudun elektrodoak sortzeko aukera ematen du, prezisioari eta azaleraren akaberari dagokienez oso eskakizun zorrotzak betez.
Francisco Javier Llonín bilbotarra Ingeniaritza Industrialeko goi tituluduna da, Fabrikazio Ingeniaritzan espezializatua Bilboko Ingeniaritza Eskolan. SIF elkartearen saria jasotzeaz gain, bere lanak, Asociación de Fabricantes de Máquina-Herramienta AFM izeneko elkarteak urteko proiektu hoberenari emandako aipamena jaso du.
Ikerketa aplikatuaren adibideak
SIF elkarteak saritu dituen bi lanak, inguruko enpresen benetako arazoekin erlazionatutako ikerketaren eta Eskolako ikasle belaunaldi berriek, balio erantsi handiko eskulanetan oinarritutako produkzio eredurako bidean duten prestaketa egokiaren bi adibide bikain dira.
Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleek partaidetza azpimarragarria izan dute azken urteetan SIFek urtero ikasketa amaierako lanak direla eta ematen dituen sarien artean. Horrela, 2012, 2013 eta 2014. urteetan, Makina-Erreminta Ikasgelako zenbait ikaslek sari hori jaso dute, Euskadin tradizio handia duen eta Estatuko enpresa garrantzitsuenetako asko bertan dituen sektorearekin erlazionatutako zenbait azterlan direla eta.
Sociedad de Ingeniería de Fabricación (SIF) izeneko elkartea 2004an sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da, ingeniaritzako espezialitate hori bere alderdi zientifikoan eta teknikoan garatzeko eta sustatzeko eta industrian aplikatu ahal izateko.