euskaraespañol

Eguneko irudia

Solidarioak auzoarekin

Graduondoko 45 ikasle, gizarte-lanaren truke alokairu merkea eskaintzen duen egitasmoan parte hartzen ari dira

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/04/01

Pablo Domínguez eta Oihane Pildain etxebizitzan

2010etik, UPV/EHUko Bizkaiko Campusak eta Bilboko Udalak elkarrekin antolatzen duten Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzako egitasmoak, ikasturterako alokairu merke bat eskuratzeko aukera eskaintzen die graduondoko ikasleei. Trukean, hauek, Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzo bilbotarrak suspertzen lagundu behar dute. Oihane Pildain eta Pablo Domínguez, egitasmo honetan parte hartzen ari diren 45 gazteetako bi dira, eta poz-pozik daude ekimenarekin.

2015-2016 ikasturte honetan UPV/EHUko ikasleei eskainitako 18 etxebizitzetatik 9 Otxarkoagan daude, eta 18 gazte daude bertan partekatutako alokairuan. Gainerako 9 etxebizitzak Bilbo Zaharreko Mariaren Bihotza plazan eta Gorte kalean daude. Ikasleek, prezio sinbolikoaz gain (55 euro), argia eta uraren gastuak konpartituko dituzte. Alokairu hauetako bat eskuratu ahal izateko, 35 urte baino gazteagoa izan behar da eta graduondoko ikaslea.

Oihane Pildain Arrasatekoa (Gipuzkoa) da, gizarte-lanean titulatua eta, gaur egun, UPV/EHUko Hegoa Institutuak ematen duen Globalizazioa eta Garapena Masterreko ikaslea. Pablo Domínguez Sevillakoa (Andaluzia) da, soziologia eta politika-zientziak ikasi ditu, eta orain Ikerketa Ereduak eta Arloak Gizarte Zientzietan Unibertsitate Masterra ari da ikasten Leioan. Biek, hirugarren lagun batekin, Otxarkoagako etxebizitzetako bat konpartitzen dute Gazte Solidarioentzako Bilboko Udal Etxebizitzak programan.

"Auzokideen aldetik jaso dugun harrera itzela izan da. Bistan da, gu baino lehen beste ikasle batzuk izan direla egitasmo honetan eta arrasto positiboa utzi dutela", dio Pablok. "Izan ere –gogoratzen du Oihanek-, gure zain zeuden. Heldu ginen egunean, batzuk besteei esaten zioten: 'Heldu dira ikasleak!'. Eta gu ezagutzera hurbildu ziren".

Ekimen honen ezaugarri nagusia da, graduondoko ikasleei alokairu merke bat eskaintzeaz gain, bere helburua hiri-kultura sustatzea da integrazioaren bidez. Hala, gazte hauek auzoko bizitzan bete-betean sartuko dira, baloreak eta bizikidetasun ohiturak konpartituz auzokideekin. Horregatik, ikasleek, gutxienez, astero lau ordu eman behar dituzte gizarte lana egiteko, ordutegi akademikotik kanpo. "Guretzako ez da ordain bat; oso gustura egiten dugun lana da, auzoan barneratzen eta beraien bizimoduarekin bat egiten ahalbidetzen digulako", ziurtatzen du Oihanek.

Gizarte lana

Pablok bere esku-hartze soziala Txurdinaga-Artabe BHI ikastetxean burutzen du, eskola-porrot indize handia duen zentro batean. "Ikaskuntza-komunitate batean parte hartzen dut, 16 urte inguruko gazteekin. Talde-lana, elkarbizitza, hausnarketa eta abar sustatzen ditugu. Esate baterako, gaurkotasuneko gaiak proposatzen ditugu talde murritzetan, eztabaida literarioak egiten ditugu… Oso interesgarria da. Urte bi daramatza jada ikastetxeak ekimen honekin, eta emaitzak oso positiboak dira".

Oihane, bere aldetik, Cáritasek auzo honetan burutzen dituen egitasmo bitan ari da parte hartzen: Txikileku eta Txaloka. "Txikileku, 0-tik 3 urtera arteko haurrentzako haurtzaindegi baten antzekoa da. Goizez egiten da, amak prestakuntza ikastaroetara doazenean. Eta Txaloka, D ereduan, euskaraz, ikasten duten 10 eta 14 urte arteko gazteei zuzenduta dago, eta eskolako eta eguneroko betebeharrak burutzeko laguntza eskaintzen zaie bertan. Ez dira, beraz, bakarrik eskolako lanak egiteko klase partikularrak; alde batetik, etxeko lanak egiten ditugu, baina, bestetik, alde ludiko bat ere badauka egitasmo honek, arlo emozional eta afektiboa ere lantzen baititugu".

Emaitzak oso positiboak dira, ikasleen eginkizunak irakaskuntzaren eremua gainditzen duelako, egunerokotasunean ere txertatuz. Oihaneren esanetan, "oso pozgarri da ikustea gure lana oso onuragarria dela auzoarentzat, eta beraiek ere hori horrela dela nabaritzen dutela". "Gurasoak asko arduratzen dira beraien seme-alabek klasean duten jokabideaz, eta galdetu egiten digute kalean beraiekin topo egiten dugunean", ziurtatzen du Pablok.

Gazte solidario hauek, bi auzo hauen inguruan dauden aurreiritziez ere hitz egin digute. "Edozein tokiko errealitatea zein den jakiteko modurik onena bertara hurbiltzea eta bueltatxo bat ematea da. Eta Otxarkoaga eta Bilbo Zaharraren kasuan, bertara heldu bezain laster erortzen dira aurreiritzi eta estereotipo guztiak. Auzo behartsuak dira, baina jende oso atseginarekin", diote. "Izan ere, oso gustuko dugu auzo-bizitza egitea: hemen ondoko denda batean egiten ditugu erosketak, sarritan ateratzen gara auzoan zerbait hartzera, hemen antolatzen diren antzerki edo bestelako ikuskizunetara ere joaten gara…".

Egitasmoak jarraipena izango du

Bere arrakasta ikusita, Gazte Solidarioentzako Bilboko Udal Etxebizitzak programa jarraipena izango du 2016-17 ikasturtean. Zazpigarren edizioa izango da jada. Eskariak aurkezteko epea uztailaren erdi aldean irekiko da, eta informazio guztia Bizkaiko Campuseko web orrian (https://www.ehu.eus/bizkaia) izango da eskuragarri.