euskaraespañol

Eguneko irudia

Punta Begoñako Galerien proiektuaren aurrerapenak aurkeztu dituzte

2015ean egindako ikerketa eta berreskuratze lanen ondoren, galerien eremu berria ezagutu daiteke

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/23

Proiektuaren aurrerapenen aurkezpen ekitaldiko une bat

Getxoko Udalak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Punta Begoñako Galeriak (Getxo) ezagutzeko bisita gidatuen ibilbide berria aurkeztu dute. Galeriak martxoaren 24an irekiko dira berriro, eta urriaren amaiera arte egongo dira irekita.

Bisiten etapa berri honetan, UPV/EHUko ikertaldeek 2015ean galeriak balioan jartzeko proiektuan egindako aurrerapenak egongo dira ikusgai. Galeriak eraikitzeko erabilitako materialen identifikazioa eta eraberritze lanetarako horiek ezagutzearen garrantzia ardatzak izango dira 2016ko bisita gidatuen diskurtsoaren zati batean; diskurtsoaren beste zatia batean, berriz, eraikinaren egonkortasuna eta kalteak eta hura eraberritzeko prozesuan aurreikusitako ekintzak izango dira hizpide. Bisitetan, eremu berritik ibili ahal izango da, eta UPV/EHUko ikertzaileek eraikinean topatutako arazoak deskribatuko dituzte, eta arazo horien kausak hautemateko, kalteen irismena ebaluatzeko eta zuzentze neurriak proposatzeko erabilitako metodologiak ere azalduko dituzte.

Ibilbide berria eta aurrerapenak in situ aurkeztu dituzte gaur Imanol Landak, Getxoko alkateak, eta Juanma Madariagak, proiektuaren UPV/EHUko ikertzaile nagusiak. Getxoko alkateak, Imanol Landak, adierazi du "bisita gidatuek, hortaz, ibilbide berria izango dute, gune berri bat ezagutzeko, oro har, hiritarrekin partekatu nahi duguna, eraikin hau gure ondarearen funtsezko pieza baita, gu guztiok berezkoa duguna, gure historiako lekuko bizia".

UPV/EHUren izenean, Juanma Madariagak, proiektuaren ikertzaile nagusiak, zera adierazi du: "berehala egin behar ziren ekintzen exekuzioan oinarritutako lehen fasearen ondoren, proiektuak balio kate bat sortzeko erronkari helduko dio orain. Ikertu behar dugu, ikerketa horren inguruko prestakuntza eman behar diegu pertsonei, eta eskuratutako ezagutzak herritarrei transferitu behar dizkiegu gero, proiektu hau beraiena dela ikusi behar baitute".

Joan den urtean bezala, bisitetan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik Getxoko Udalaren web orrian (www.getxo.eus) izena ematea edo turismo bulegoaren 94 491 08 00 telefono zenbakira deitzea. Bisitak doan dira, eta 20 pertsona arteko taldetan egin daitezke, asteartetik igandera, euskaraz edo gaztelaniaz, eta hainbat ordutan. Ordutegiak, datak eta hizkuntzak ezagutzeko eta izena emateko, Getxoko Udalak aplikazio xume bat egokitu du, udalaren webgunean eskuratu daitekeena. Izena eman daiteke jada martxoaren 3az geroztik eta hilabete bakoitzerako aurreikusitako taldeak osatu ahala, taldeak gehituko dira hurrengo hilabeteetarako, urrira bitartean.

Punta Begoñako Galeriak balioan jartzeko proiektua

Punta Begoñako Galeriak (Getxo) XX. mende hasieran eraiki ziren. Haien erabileraren berezitasuna, kokaleku paregabea eta eraikuntzan erabilitako teknologia direla eta, garai hartako eraikuntza garrantzitsuenetako bat da, Bizkaian eta Euskadin.

Hori guztia kontuan hartuta eta gaur egungo degradazio egoera ikusita, Getxoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, eraikina berreskuratzeko xedea duena, jendearentzat irekia izango den eta herritarren zerbitzura jartzeko sortu den ikerketa eta exekuzio prozesu baten bidez.

Hala, UPV/EHUko bost ikertalde diziplinarteko lana egiten ari dira galeriak berreskuratzeko, Getxoko Udalaren adituen talde batekin batera, eta Bizkaiko Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren kolaborazioarekin. UPV/EHU aholkulari eta zuzentzaile organoaren eginkizuna ari da betetzen, Punta Begoñako Galeriak berreskuratzeko planteatutako ekintzen testuinguruan.