euskaraespañol

Eguneko irudia

Leihoaren diseinuak eta forma geometrikoak badute eragina energia aurrezteko

UPV/EHUko ikerketa batek aztertu du zer eragin duten leihoen hainbat egitura geometrikok eta diseinuk isolamendu termikoan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/22

New Yorkeko Eleventh Avenueko 100.ean dagoen eraikinaren fatxada, Jean Nouvel arkitektoak egina (Fernando Mora / UPV/EHU).

Leihoak eta baoak osatzen duten sistemaren hainbat aukera eta konbinazio aztertu eta baloratu ditu, energia-trukea murrizteko ikuspegitik, eta onenak zein diren kuantifikatu du UPV/EHUko arkitekto eta irakasle Fernando Mora Martínek. Aztertu du energia aurrezteko testuinguruan zer eragin duten baoaren forma geometrikoak eta baoan sartzen den leihoaren partiketa-kopuruak, bai eta sisteman erabiltzen diren materialek ere.

Eraikuntza jasangarriaren inguruko interesa gorabidean doa. Eraikuntzan energia-kontsumoak murrizten saiatzeko, bao-leiho sistema konplexu eta aurrefabrikatuaren azterketan oinarritu du bere doktore-tesia Fernando Mora Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakasleak. "Soluzio jakinen azterketa bat egiteaz harago, egiaztatu eta kuantifikatu nahi nuen nola eta zenbatean eragiten duten energia-aurreztean baoaren forma geometrikoak eta leihoaren diseinuak, leihoa baoan sartzen den elementu aurrefabrikatu gisa hartuta", azaldu du Fernando Morak.

Fernando Morak ikerketan egiaztatu du leihoaren sistema aurrefabrikatuaren propietate termikoen arabera, sistemaren zatiketa handiagoaren edo txikiagoaren arabera eta azalera berberetarako oso balio desberdinetako transmitantzia termikoak lortzen direla. Izan ere, ikerketan, trasmitantzia termikoa kalkulatu da —denbora unitatean, gainazal baten edo gehiagoren alde batetik bestera igarotzen den beroaren neurria— eraikingintzan erabili ohi diren baoen hainbat forma geometriko eta hainbat leiho-diseinu konbinatuz; diseinuan, orri-kopurua hartu zuen kontuan, bai eta orriak finkoak edo mugigarriak ziren ere. Kalkulu horiek guztiak, gainera, hiru egoeraren arabera egin zituen: markoaren eta beiraren propietate termikoak berdinak diren kasuan, beiraren propietate termikoak markoarenak baino hobeak diren kasuan eta markoaren propietateak beirarenak baino hobeak diren kasuan.

Eraikingintzaren Kode Teknikoaren arau-esparruaren aldaketa

Aipatutako aldagai horiek guztiak kontuan hartuta, bi arau-esparruren arabera egin ditu kalkulu eta kuantifikazio guztiak: 2015eko otsailaz geroztik indarrean dagoen Eraikingintzako Kode Teknikoaren azken aldaketa aplikatuz —EKT Bizigarritasun eta Energiaren Oinarrizko Dokumentua (Energia Aurrezteari buruzko Oinarrizko Dokumentua)—, eta, bestalde, data horren aurretik indarrean zegoen araudia aplikatuz. Bi arau-esparruen arteko alde nagusia hau da: "Gaur egun, kalkuluan beste aldagai bat kontuan hartzera behartzen gaitu kode teknikoak: beira-banatzailearen transmitantzia termikoaren balioa" (beira-orrien artean geratzen den marko banatzailea da beira-banatzailea). Horren ondorio nagusia da lehen lortzen ziren transmitantzia termikoko balioak baino balio aski handiagoak lortzen direla orain kalkuluak egiteko erabiltzen den metodoarekin. Alegia, "gaur egun produktu berberekin lortzen ditugun propietate termikoak baino askoz hobeak neurtu, baloratu eta eman dizkiegu orain arte gure leihoei", azaldu du Morak. Horrek esan nahi du, azken batean, ez dakigula "oso ondo nola aritu garen eraikingintzako gure energia-kontsumo globalak baloratzen (emisioak, diru-laguntzak eta abar), 2006an EKTa lehenbizikoz argitaratu zenetik, neurketa-irizpide berria dagoeneko erabiltzen zuten Europako beste herrialde batzuekin alderatuta", adierazi du Morak.

Ikerketaren amaieran, berez propietate termiko hobeak dituzten eta, ondorioz, energia gehien ekonomizatzen duten baoen forma geometrikoen eta leiho-diseinuen konbinazioak identifikatu ditu Morak. Oro har, "bao zirkularren formak eta orri bakar bateko, bai orri finko edo mugigarri bateko, leiho-diseinuak dira transmitantzia termikoko balio txikienak sortzen dituzten soluzioak". Baina ikertzaileak adierazten du "ondorioak askotarikoak direla, hautatzen dugun kasuaren araberakoak".

"Arkitektoak formaren mende gaude, askotan. Egiten ditugun eraikinetan, baztertu egiten dugu energia aurreztearen alderdia, edota planteatu ere ez dugu egiten", azaldu du. "Konbinazio eta aldagai asko aztertu ditut, eta gure eraikinen diseinuan eta energia-aurreztearen arloan kontuan hartu beharreko beste parametro bat eman dut aditzera". Morak aurreikusia du bere azterketaren katalogoa Interneten argitaratzea, eta argitu du azterketan ez direla kontuan hartu ez orientazioa, ez leihoa zer altueratan jarria dagoen, ez leihoa sartzen den inguratzaileak zer propietate termiko dituen, ez inguruneko klimatologia eta abar, beste ikerketa-mota batean ikertu beharreko aldagaitzat jotzen baititu. "Ni sisteman zentratu naiz, leihoaren produktu aurrefabrikatu eta konplexuan, era independente batean hartuta eta indarrean dagoen araudia aplikatuz", azaldu du, amaitzeko.

Informazio osagarria

Fernando Mora (Donostia, 1965) arkitektoa da (UPV/EHU) eta Eraikingintza jasangarriko masterra du. Estrategias para una ventana eficaz: forma geométrica del hueco – diseño de la ventana – UH izenburua du haren doktore-tesiak, eta Rufino Javier Hernández Minguillónen zuzendaritzapeean egin du, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan.