euskaraespañol

Jorge Guisantes, Uruguaiko Medikuntza Akademiako kide

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/21

Uruguaiko Kultura Ministerioaren menpeko Medikuntza Akademia Nazionalaren Osoko Bilkurak akademiko urgazle izendatu du Jorge Guisantes del Barco, Euskal Herriko Unibertsitateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakaslea, eta dagokion diploma jaso berri du Montevideon.

Izendapenak dioen bezala, "medikuntza jardueran irakaskuntza lanarekin eta argitaratu edo aurkeztutako lan zientifikoekin burutu duen jarduketa garrantzitsua zein bere nortasun moral eta etikoa ospetsua aintzat hartuta" izendatu dute.

Jorge Guisantes Del Barco Medikuntzako doktorea da Uruguaiko Errepublikako Unibertsitatean eta Medikuntza eta Kirurgiako doktorea Nafarroako Unibertsitatean. Era berean, espezialista titulua du Zaragozako Unibertsitateko Mikrobiologia eta Parasitologia Medikoetan. Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) zentroetan lan egin eta prestatu da, eta tartean, Latinoamerikako Perinatologia Zentroan eta Zoonosiko Zentro Panamerikarrean, biak ere Osasunaren Mundu Erakundearenak (OME). Gaur egun UPV/EHUko irakasle emeritua da.

Bere ikerketa ildoak medikuntza eta albaitaritzako parasitologian eta mikologia medikoan oinarritu dira. Bereziki, parasito eta onddoen immunologiaren arloan lan egin du, bere ikerlanaren zati handi bat parasitoek eragindako hidatidosi kistiko gaixotasunari eskainiz, horren inguruko mundu mailako aditutzat jota dagoelarik. Gaur egun, International Association of Hydatidology erakundearen Europarako idazkari ondokoa da. Halaber, hainbatetan eman dio aholku Uruguaiko Osasun Publikoaren Ministerioari gaixotasun parasitario zoonotikoen gaineko gaietan, eta urte batzuetan Lankidetza Teknikoko Alemaniar Agentziaren laguntzaz.

Irakasle moduan, ikerketan jarduteaz gain, irakasle lanetan aritu da UPV/EHUn eta beste unibertsitate batzuetan, bere espezialitateko gaiei buruzko nazio eta nazioarteko master kurtso ugaritan esku hartuz eta  hitzaldiak emanez. Argitalpen zientifiko ugari argitaratu ditu nazioarte mailako hedapeneko aldizkarietan, zein nazio eta atzerriko argitaletxeetako liburuetan, eta hainbat aldizkari zientifikoetako argitaratze batzordeko kide da.

Gure unibertsitateko irakasle emeritu gisa, irakasle lanetan eta jazoera zientifikoak antolatu eta horietan parte hartzen jarraitzen du, eta baita argitalpenak kaleratzen, zein nazio eta nazioarteko zientzia esparruari lotuta ere.

 

Argazkia: UPV/EHU.