euskaraespañol

Aeronautikako eta Makina-erremintako diplomak

14. eta 7. promozioak dira, hurrenez hurren, eta orain arte 500 ingeniari espezializatu inguru sortu ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/11

Azken promozioko ikasleak

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak, arrakasta gehien duten ekimenetako biren, Aeronautikako Ikasgelaren eta Makina-erreminta Ikasgelaren, azken promozioko ikasleei diplomak banatzeko ekitaldia ospatu zuen atzo arratsaldean.

Ekitaldian, Javier Alonso Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate zuzendariak, Leyre Bilbao Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategia zuzendariak, José Luis Martín UPV/EHU-ko Idazkari nagusiak, Xabier Ortueta AFM-ko (Makina-erremintaren Fabrikatzaileen Elkartea) zuzendariak, José Juez HEGAN Clusterreko zuzendariak eta Enrique Amezua Eskolako zuzendariak hartu dute parte.

Aeronautika Ikasgelako 24 ikaslek eta Makina-erreminta Ikasgelako 23k, Bilboko Ingeniaritza Eskolako bi ekimen horien hamalaugarren eta zazpigarren promozioak izan direnei dagozkien diplomak jaso dituzte. Bi ekimenen artean, espezializazio maila altua duten ingeniaritzako 500 profesional inguru prestatu dituzte.

Ikasgela horietatik irtendako ikasle gehienak, bertako industriarako funtsezkoak diren bi sektore horietako euskal enpresetan ari dira lanean. Baina ikasgela horietatik igarotako ikasleak Europako beste herrialde batzuetan, Estatu Batuetan, Txinan edo Korean ere ari dira, besteak beste, mundu mailan lehen tokian dauden enpresetan eta ikerkuntza zentroetan lan eginez. Enpresa horien artean Rolls-Royce, Airbus, Boeing, Espazioko Agentzia Europarra, Genevako CERN edo Lund-eko (Suedia) Europako espalazio iturria daude, besteak beste, eta baita Makina-erremintaren alorrean mundu mailan lider diren Kessler edo EMAG bezalako enpresak ere.

Dena den, Bilboko Ingeniaritza Eskolako bi Prestakuntza Ikasgela horiek martxan jartzeak, bi sektore horiek bertako industria sarean duten pisu espezifikoari erantzun zion. Horrela, Euskadiko Aeronautikaren eta Espazioaren Clusterreko (HEGAN) kide diren enpresek 1.755 milioi euroko salmenta zifra lortu zuten 2014an, munduan banatutako lantegi guztietan. 12.546 langilek osatutako lantaldea dute, eta horietatik 4.278 Euskadin daude. Esportazio osoek 1.139 milioi euroko zifrara heldu ziren, fakturazio osoaren %65, eta I+G inbertsioak 165 milioi eurokoak izan ziren.

Makina-erremintari dagokionez, euskal industriaren funtsezko beste sektore bat da. Alde batetik, sektore horrek Estatu osoan duen %80 hemen dagoelako, eta bestetik, nazioartekotze eta osagai teknologiko maila altua duelako. Urtean 1.100 milioi eurotik gorako negozio zifra sortzen du, eta funtsezko hornitzailea da Euskadin pisu handia duten industriako beste sektore batzuetarako, Automobilgintzarako, Aeronautikarako edo Prezisiozko osagaietarako, adibidez.

Bi Ikasgelak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailek eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen dituzte, sektore bietako enpresa elkarteekin eta zentro teknologikoekin batera.

Lan munduan ia berehala sartzea

Bi ikasgela horietako ikasle gehienak lanean edo karrera amaierako proiektuen azken fasea amaitzen ari dira. Makina-erremintari dagokionez, euren praktikak lehen mailako enpresetan egin dituzte, Gestamp, Matrici, Fagor Arrasate, Danobat, Ideko, Tecnalia, Tekniker, Wittenstain, Nereus, Etxe-tar, Maier, ITP, Metal Estalki, Ekin, Novalti edo Ibarmian, besteak beste, eta Europako enpresa eta ikerketa zentroek Ikasgela horretako ikasleen eskaria ere egin dute.

Ikasgelaren eremuan beste zenbait ekimen ere gauzatu dira, azaroan Zamudioko Teknologia Elkartegian ateak zabalduko dituen eta fabrikazio aeronautikoan arituko den CFAA zentroa, besteak beste, eta doktoretza tesiak egin dira, enpresekin lankidetzan, horietako batzuk osagarri berritzaile garrantzitsuarekin.

Aeronautika Ikasgelako ikasle gehienek sektoreko hiru enpresa handietan egin dituzte euren praktikak, Senerren, ITPn eta Aernnovan. Aurreko urteetako esperientzia kontuan izanda, ia berehala lortzen dute lan munduan sartzea, eta batzuetan baita ikasketa garaia amaitu aurretik ere. Ikasgelak bermatua du datozen urteetarako finantzaketa, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatuta zegoen hitzarmena iazko abenduan berriztatu baitzen.