Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak María Jesús Esteban eta Carlos E. Kenig matematikariak Honoris Causa doktore izendatzeko ekitaldia egin du gaur, martxoak 4 (ostirala), Bizkaia Aretoan. UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia izan da ekitaldiko burua, eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde Adolfo Morais ere bertan izan da.
UPV/EHUk Honoris Causa doktore izendatu ditu Mª Jesús Esteban eta Carlos Kenig
Bizkaia Aretoan jaso dute titulua eta erramu birreta Goirizelaia errektorearen eskutik
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/03/04
Irakasle bien izendapena Matematika eta Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa sailek sustatu dute. María Jesús Estebanen izendapena, Javier Duoandikoetxea EPV/EHUko katedraduna aitabitxi izan duena, aparteko ikerketa lana kudeaketa zientifikoko lan berdingabearekin uztartzeko erakutsi duen gaitasunagatik proposatua izan da. Eta Carlos Kenig-en izendapena, Luis Vega UPV/EHUko katedraduna aitabitxi izan duena, egin duen ibilbide akademiko eta ikerketa ibilbide bikainagatik proposatu dute.
Errektoreak Honoris Causa doktore izendatzeko akta sinatu ondoren, María Jesús Esteban eta Carlos Kenig irakasleek, ohiturari jarraituz, zuhaitz bana landatu dute Arboretumeko Honoris Causa doktoreen pasealekuan. Oraingoan, Estebanek haritz gorri bat aukeratu du eta Kenig-ek, pago bat. Gero, errektoreak titulua eta erramu birreta eman dizkie Bizkaia Aretoan ospatutako ekitaldi nagusian.
Goirizelaiak adierazi duenez, "garrantzitsua da nabarmentzea Honoris Causa doktore izendapena jasoko dutela, ez bakarrik bi ikertzaile ospetsuk, baita diziplina bera, matematika, landu duten bi ikertzailek ere".
María Jesús Esteban
Javier Duoandikoetxea katedraduna izan da Maria Jesús Estebanen laudatioa egin duena, eta nabarmendu duenez "honakoa kasu berezia da, Euskal Herriko Unibertsitatean bertan hasi baitzuen nazioarteko matematikaren maila gorenera eraman duen ibilbidea".
Bere hitzaldian, María Jesús Esteban Honoris Causa doktore berriak bere diziplinak duen garrantzia azpimarratu du. "Matematika zientzia garrantzitsu bat da, handietako bat. Ez da inondik ere besteen zerbitzura dagoen zientzia bat, batzuek nahi duten bezala. Bere logika eta egitura dauzka. Hedapen unean dagoen zientzia da", adierazi du.
Estebanen esanetan, "matematikari guztiek ez dute lan egiten -ezta gutxiago ere- ‘bizitza errealeko' arazo zehatzetan. Ikerketa egiten duten ikerlari gehienek matematiken barne arazo teorikoetan egiten dute lan. Gai berrien eta interesgarrien eztanda bat dago, metodo eta emaitza zoragarriena. Sakoneko lan horrek, oinarrizko ikerketa horrek, etorkizunean aplikazioa izan dezake ala ez, baina egin behar da eta babestu behar da. Baina beste alde batetik, matematikarien kopuru handi batek lan egiten du beste zientzia batzuetako arazoen soluzioan zuzenean edo zeharka eragin zuzena duten eremuetan (industria, osasuna, garraioak, energia, logistika, etab.). Ikerketa eta lan mota horien adibideak aurkitu ditzakegu, eta zoriontzekoa da, Euskal Herriko Unibertsitatean eta BCAM euskal ikerketa zentroa bezalako tokietan".
Carlos Kenig
Carlos Kenig irakaslearen laudatioa Luis Vega katedradunak egin du eta, honen esanetan, "zure onena ateratzea lortzen duen horietako pertsona bat da Kenig, beti ulertzen duzun hizkuntza hitz eginez". "Hori ez da gauza erraza", jarraitzen du Vegak, "ez, behintzat, matematiken eremuan, non, arazo nagusietako bat, buruan ditugun ideia lauso eta zehaztugabeak paperera eramatea den. Gero, gainera, matematikek eskatzen dituzten arau zorrotz eta zehatzen menpean jarri behar dira. Eta Carlosekin, lan hau askoz ere errazagoa eta entretenigarriagoa da".
Carlos Kenig Honoris Causa doktore berriak bere hitzaldian adierazi duenez, "askok, matematiketako ikerketa, jarduera bakarti bat dela uste dute. Baina lankidetzaren bitartez, jarduera kolektibo batean bihurtzen da, interakzio sozialak garatzen dituena. Urte guzti hauetan, zortea izan dut nire ondoan kolaboratzaile bikainak izan ditudalako, eta kolaborazio arrakastatsu ugari gauzatu ditut. Eta ikerketarako gaiak aukeratzeko daukadan modua, Princetonen nengoenean Elias Stein-ek eman zidan aholku batean dago oinarrituta. Hain zuzen ere, inspirazioa nire inguruko jendearen lanean bilatzera animatu ninduen Stein-ek".
Ibilbide profesionalak
María Jesús Esteban Frantziako CNRSko Directrice de Recherche classe exceptionnelle da Paris-Dauphine Unibertsitatean. Gainera, ICIAM erakundeko lehendakaria ere bada (The International Council for Industrial and Applied Mathematics), matematika aplikatuan eta industrialean diharduten mundu osoko elkarteak biltzen dituena, eta BCAMko (Basque Center for Applied Mathematics) Batzorde Zientifikoko burua ere bada. Matematikako lizentzia atera zuen Bilboko Unibertsitatean, 1978an, eta doktoregoa egin zuen ondoren Parisko Pierre et Marie Curie Unibertsitatean, non 1991 arte egon baitzen CNRSko ikertzaile modura. Urte horretan, Directrice de Recherche izendatu zuten, eta Paris-Dauphine Unibertsitatean aritu da lanean orduz geroztik gaurdaino. Ikertzaile gisa, aztergai izan ditu deribatu partzialetako ekuazio ez-linealak eta fisika matematikoa, eta nazioartearen aitorpena jaso du alor horietan. Gainera, lan handia egin du fisikako, mekanika kuantikoko eta kimikako problemen eredu matematikoetan. 2012an, Frantziako Errepublikako Presidenteak Chevalière de l´Ordre National du Mérite izendatu zuen.
Carlos Kenig Louis Block Distinguished Service Professor da Chicagoko Unibertsitatean. Matematikako lizentziaduna Buenos Aireseko Unibertsitatean, Chicagoko Unibertsitatean lortu zuen doktoregoa, 1978an. Princenton eta Minnesotako Unibertsitateetan lanean aritu ondoren, Chicagora itzuli zen, 1985ean, bere gain hartuta tesi zuzendari izan zuen Alberto Calderónek hutsik utzitako katedra. 250 lan matematiko baino gehiago argitaratu ditu, analisi harmonikoaren eta deribatu partzialetako ekuazioen alorretan, eta bi diziplina horietako espezialista aitortuenetako bat da. Besteak beste, Bocher, Salem eta Sloan Fellowship sariak jaso ditu. Eginiko lanaren aitorpen gisa, hiru aldiz gonbidatu du ICMek (International Congress of Mathematicians) bere bilkuretan hitzaldiak ematera, diziplina horretako munduko batzar garrantzitsuena eta lau urtetik behin biltzen dena. American Academy of Arts and Sciences-eko kide hautatu zuten, 2002an, eta National Academy of Sciences-eko kide, 2014an.
Argazkiak: Mitxi. UPV/EHU