euskaraespañol

Formula Student Bizkaia, Silverstonerako eta Montmelórako aukeratua

Antolatzaileek taldearen ibilbide luze eta etengabea eta urte hauetan lortu dituzten emaitza onak baloratu dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/02

Ingeniaritzako 55 ikaslek osatzen dute taldea

Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Bizkaia taldea ingeniaritzako nazioarteko bi unibertsitate lehiaketa nagusietarako aukeratua izan da, Silverstoneko eta Montmelóko zirkuituetan egiten direnetarako, hain zuzen ere. FS Bizkaia ohiko lehiakide gisa finkatu da bi lehiaketetan, zortzi urtez etengabe parte hartuz eta edizioz-edizio emaitza hobeak lortuz.

Kontuan izan behar da lehiaketa horietako lehena Ingalaterran sortu zela 1998an, zazpi talderekin, baina lortu duen ospea dela eta, parte hartzeko interesa erakusten duen unibertsitate kopuruak gora egin du etengabe. Hori dela eta, lasterketan parte hartzeko aukera izatea bera ere nahiko erronka garrantzitsua bilakatu da. 2016ko ediziorako 34 herrialdetatik jasotako 200 eskari baino gehiago aurkeztu dira, eta orain arte 156 izan dira aurre-aukeratuak.

Horrela, euskal taldeak bere partaidetza bermatuta du jada, Formula Student UK eta Formula Student Spain izenekoetan. Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) ordezkatzen duen FS Bizkaia taldea orain hamar urte sortu zen Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekaniko Sailean, eta Silverstonen parte hartzeko lehenengo prototipoa 2008an eraiki zuen.

Orain arte, FS Bizkaia taldeak bederatzi ibilgailu eraiki ditu, barne errekuntzako bost eta lau auto elektriko (2013tik horrelako motorrek bultzatutako automobilak baino ez ditu eraikitzen, urtez-urte teknologia berriztatuz). Guztira zortzi aldiz hartu dute parte modu jarraituan Ingalaterrako proban, eta bost Kataluniakoan, 2011tik aurrera. 2012an hirugarren postua lortu zuen Cost proban, 2013an lehenengo tokia lortu zuen Silverstonen Business proban –prototipoaren fabrikazioari lagundu behar dion negozio plana–, eta 2014an eta 2015ean ibilgailu elektrikoa duen talderik hoberena izan da Estatuko unibertsitateen artean, ibilgailu eraginkorrena izateaz gain.

2016ko taldea

Aurtengo edizioari begira, Bilboko Ingeniaritza Eskolako taldea ingeniaritzako 55 ikaslek osatuko dute, eta horietatik 11 emakumeak izango dira. Ingeniaritza Mekaniko eta Sistema Ingeniaritza eta Automatika Sailetako Charles Pinto, Javier Corral, Mikel Diez eta Asier Zubizarreta irakasleak dira proiektuaren tutoreak eta bultzatzaile aktiboak. Taldea enpresa gisa antolatzen da Unibertsitate barruan, lan mundutik gertu dagoen esperientzia eskaintzeko, ingeniaritzaren alderdi praktikoetan sakontzeko eta talde lana, sakrifizio izpiritua eta gero eta hobea izateko nahia bezalako balioak lantzeko aukera emanez.

Formula Studentek funtsezko tresna dela erakutsi du ikasleak prestatzeko eta ondoren enpresetan sartzeko prozesuan, enpresek balorazio altua ematen baitiote lehiaketari euren etorkizuneko langileen curriculumetan. Horrek azaltzen du, neurri batean, azken bost urteetan talde kopuruak nabarmen gora egin izana eta gero eta zailagoa izatea bi lehiaketa horietan parte hartzea, plaza erabilgarri kopuruaren muga dela eta.

Silverstoneko proba uztailaren 14tik 17ra egingo da aurten, eta bost kontinenteetako 2.000 ikasle baino gehiagok hartuko dutela parte aurreikusten da. Lehiaketak bi modalitate ditu: 1. klasea (benetako ibilgailuak) eta 2. klasea (diseinu birtualak). Lehiaketa oso gogorra da. 1. klasean bakarrik 30 talde baino gehiago daude ordezkoen zerrendan, eta beste horrenbeste ez dira onartuak izan. Estatu espainiarrak lau ordezkari baino ez ditu, eta horien artean dago Formula Student Bizkaia. Gure taldeak 1. klasean hartzen du parte, une honetan eraikitzen ari den FSB2016 monoplaza berriarekin.

Montmelóko probari dagokionez, abuztuaren 24tik 28ra egingo da Kataluniako zirkuitu horretan, Ingalaterrako probak dituen modalitate berberetan. 70 talde inguruk parte hartzea aurreikusten da, horrela jauzi koantitatiboa eta koalitatiboa emanez lehiaketan. 50 talde baino gehiago daude itxaron zerrendan, lehenengo aukeraketa prozesuan kanpoan geratu ondoren.