euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko Nazioarteko Bikaintasun Campusa, estatuko hiru onenen artean

Nazioarteko Batzorde batek nota onena eman Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusaren proiektuari

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/26

Pedro Miguel Etxenike, Iñaki Goirizelaia eta Joseba Jauregizar.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak aukeratutako Nazioarteko Batzorde batek nota gorena eman dio UPV/EHUk, Tecnaliak eta DIPCk osatutako agregazioak Euskampus proiektua garatzeko egindako aurrerapenari. Modu horretan, Nazioarteko Bikaintasun Campuseko (NBC) kalifikazioa berretsita geratu da.

Aitortza horrekin amaitutzat eman dute UPV/EHUk, DIPCk eta Tecnaliak Euskampus proiektua, 2010ean martxan jarritako ekimena. Hasiera batean Nazioarteko Bikaintasun Campus gisa onartutako proiektuen artetik, herenek bakarrik lortu dute "A" kalifikazioa, proiektuei egin zaizkien ebaluazio guztietan. Hortaz, eta Ministerioaren azken erabakiaren arabera, Euskampus hirugarren proiektu onena izan da, Nazioarteko Batzordeak estatu osoan ebaluatutako hogeita hamar proiekturen artean.

UPV/EHUk, Tecnaliak eta DIPCk agregazio eta lankidetza lanerako esperientzia modura garatu dute proiektua, eta horren xede nagusia izan da ezagutzan aurrera egitea, ongizate maila handiagoa lortu ahal izateko. Espezializazio adimentsuko programa handinahi bat izan da, Europa 2020 estrategiarekin bat datozen erronka sozialei eta globalei aurre egitera bideratu dena, agregazioa osatzen duten erakundeen bikaintasun maila igo duena, eta haien nazioarteko proiekzioa eta Euskal Herriko egitura sozioekonomikoarekiko lotura areagotu duena. Proiektua, bestalde, baliagarria izan da Europako lehen mugaz gaindiko campusa bultzatzeko. Campus hori elkarlanean bultzatu dute Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitateak, dagozkien bikaintasun proiektuetako bazkide estrategikoekin batera.

Nazioarteko Batzordearen ebaluazioa

Nazioarteko Batzorde Independenteak bere ebaluazio txostenean alderdi hauek nabarmendu ditu, besteak beste:

"Euskampusak zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sisteman eragin handia izateko gaitasuna du; publiko-pribatuaren eta industria-ikasketen arteko lankidetza garrantzitsua ekarriko du hainbat arlotan; eta, presentzia nabarmena izango du nazioartean ".

"Bordeleko Unibertsitatearekin eta haren bazkideekin izandako interakzioek eragin handia izatea ziurtatzen diote, Euskal Herriko mugez harago."

Euskampus proiektuaren oinarrizko emaitzak

Proiektu honen adierazle guztiak hiru gai arlotan bilduta, honako emaitza hauek eskuratzen ditugu:

Irakaskuntza hobetzearen arloan, Master eta Doktoregoko Eskolaren sorrera nabarmentzen da. Eskolak UPV/EHUko graduondokoen bikaintasuna eta nazioartekotzea areagotzea ahalbidetu du:

  • 104 master eskaintzen dira; horien artetik, 19 ingelesez ematen dira osorik edo partzialki, eta bi Erasmus Mundus dira.
  • 65 doktorego programa eskaintzen dira; horien artetik, 32k jaso dute "Bikaintasuneranzko Aipamena", eta horri esker UPV/EHU kalitate eta bikaintasunaren liderra da, estatuko rankingean.
  • Graduondoko 6 titulu bikoitz eskaintzen dira, Bordeleko Unibertsitatearekin batera.

Hobekuntza zientifikoaren arloan, indartu egin dira espezializazio arloak, bai lehen mailako azpiegitura eta ekipamenduak egiteko ekimenen bidez (UPV/EHUko Zientzia Parkearen eraikuntza) bai erronkei bideratutako lankidetzaren bidez (Jakintza Guneak). Hala, 2012. urteaz geroztik, UPV/EHU Shanghaiko rankingean dago, eta sendotu egin da bere lekua estatuko 8 unibertsitate onenen artean. Atal horri erreparatuta:

  • Euskampus agregazioan, ekoizpen zientifikoa % 60 handitu da, 2009-2014 aldian, eta, aldi berea, % 100 igo dira lehen kuartileko aldizkarietan argitaratutako dokumentuak. Horrez gain, gutxienez nazioarteko zentro batekin sinatu ditu Euskampus agregazioak argitalpenen % 42.
  • Euskampus estatuko Nazioarteko Bikaintasun Campusen lehen lekuan dago, Europako proiektuen parte hartzeari eta lidergoari dagokienez.
  • Talentua erakartzeko hazten ari den joera ere sendotu da, agregazioko erakundeen berezko programen bidez, Zientziarako Euskal Fundazioaren –Ikerbasque– bidez, eta Europako Ikerketa Kontseiluaren europar programen eta Marie Curie programen bidez.

Ezagutzaren transferentzia eta enpresa eta gizarte ingurunearekiko elkarrekintzaren arloan, UPV/EHUk bere lidergoa sendotu du, honako ekintza hauek nabarmenduta:

  • Zabalduz programa. Horren bidez, enpresa arloari estuki lotutako doktoregoak egiten dira, eta doktoregoen etorkizuneko enplegagarritasuna hobetzen da. Berrogeita bost lan kontratu formalizatu dira, beste hainbeste doktorego tesi egiteko, eta Euskal Herriko egitura sozioekonomikoaren erakundeek parte hartu dute.
  • 2010-2015 aldian, Euskampus NBCk, oro har, 500 patente eskatu ditu, eta 212rako lizentzia eskuratu du.
  • 2010-2015 aldian, Euskampus agregazioan 80 spin-off sortu dira. UPV/EHU bosgarren lekuan dago estatuko unibertsitateen artean, spin-offen sorreran.
  • "Passion for knowledge-Quantum 13" difusio ekimena antolatu zuen, eta ia 8.000 pertsona elkartu ziren astebetean.
  • Euskampusek parte hartze aktiboa izan du honako hauetan: Euskal Herrirako Espezializazio Adimentsuaren -RIS3- Estrategia; Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (ZTBP); eta, Euskadi-Akitania 2014-2020 Plan Estrategikoa.

Euskampus, Jakintza Guneen komunitatea

Lortutako kalifikazioa emaitza bikaina bada ere, are garrantzitsuagoa da erlazio eredu sortu berriari egindako aitortza. Erlazio eredu horren baitan, "lankidetza arduratsua" deritzon hori eratu behar da, kultura eta izaera desberdineko erakundeen artean, eta, horren bidez, epe ertain eta luzerako lankidetza jarduera iraunkorrak eta egonkorrak lehenesten dira, epe laburreko ikuspegi oportunisten aurrean.

Ebaluazioan aipatutako indarguneetako bat Jakintza Guneen ekimena izan da. Horren bitartez, proiektuko hiru bazkideen eta, oro har, Euskal Herriaren gaitasun zientifiko-teknologiko ugari mobilizatu dira, berez globalak diren erronkei inpaktu sozioekonomiko handiko erantzun lokalak emateko. Jakintza Guneetan ez dira egitura berriak sortu (taldeak, unitateak, sailak, zentroak, atalak, institutuak, etab.) erakunde bakoitzaren barruan, ezta erakundeen arteko superegiturak ere (unitate mistoak, esate baterako); haatik, lankidetza dinamika gisa ezarri dira, erakunde bakoitzak dagoeneko martxan dituen egituren artean. Jakintza Guneak diziplinaz gaindiko eta erakundeen arteko lankidetzarako espazioak izan dira, eta horien egiteko nagusia ezagutza erronka globalei aurre egitea izan da, gizarte eta ekonomia intereseko arlo handien barruan, hala nola ozeanoen balioespena, fabrikazio aurreratua, gaixotasun neurologikoak, elikadura eta bizitza ohitura osasungarriak, materialak eta komunikazio globala. Jakintza Guneen dinamikan erakunde bakoitzaren baliabideak, proiektuak eta pertsonak mobilizatu dira; 77 prestakuntza, ikerketa eta transferentzia jarduera antolatu dira; eta, milioi bat euro inbertitu dira.

Euskal Herriko Unibertsitatea – Bordeleko Unibertsitatea Euroeskualdeko Campusa

Etorkizunari begira, UPV/EHUren Nazioarteko Bikaintasun Campuseko bazkideak beren ekimen nagusietako bat indartzea planteatzen ari dira: Euroeskualdeko Campusa, Bordeleko Unibertsitatearen lankidetzaz antolatu dena. Prestakuntza, ikerketa eta transferentziaren arloan lankidetzan aritzeko esparru komun bat bezala sortu zen Euroeskualdeko Campusa, Akitania-Euskadi jakintzan oinarritutako euroeskualde gisa sendotzen laguntzeko eta haren nazioarteko hedapena bultzatzeko.

Euskampus proiektuaren finantzaketa

Euskampusak, hasiera batean, 16,9 milioi euroko finantzaketa jaso zuen, Hezkuntza Ministeriotik eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministeriotik. Kopuru horretatik, 12,5 milioi bideratu dira Zientzia Parkearen azpiegitura eta ekipamenduetara, eta gainerakoa erabili da proiektuan aurreikusitako programak egiteko, hainbat arlotan, hala nola: lankidetzako ikerketa, ekintzailetzaren sustapena, graduondoko prestakuntza, txandako prestakuntzarekiko lotura, euroeskualdeko campusaren garapena, nazioarteko sustapena, zientziaren difusioa, sormen proiektuak, etab. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euroko finantzaketa eman zuen, 2012ko Berrikuntza Funtsaren bidez. Kopuru horrek aurreko programen finantzaketa osatu du, eta, besteak beste, aurre-doktoregoko kontratuen lehen deialdia egiteko aukera eman du, enpresa eta gizarte erakundeekin batera (Zabalduz programa).

Erakundeen balorazioa

UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak positiboki baloratu du sei urte hauetan egindako lana: "Nazioarteko Bikaintasun Campusa gure unibertsitatearen funtsezko motorra da, gaur egun. Agregazioaren eta lankidetza lanaren alde egin dugu, eta horretarako gure erakunde kultura aldatu behar izan dugu, eta beste ekonomia eta gizarte eragile batzuetara ireki. DIPCren eta Tecnaliaren lankidetza erabakigarria izan da proiektua garatzeko, eta Euroeskualdeko Campusa ere badugu, Bordeleko Unibertsitatearekin batera sortutakoa. Euroeskualdeko Campusa da, hain zuzen, ekimen honen emaitza sendoenetako bat, eta datozen urteetan martxan jarraituko du".

Bestetik, Donostia International Physics Center-eko presidente Pedro Miguel Etxenikek honako hau adierazi du: "Euskampus UPV/EHUren proiektu estrategiko bat da, DIPCren Komunikazio Programa aberasten, eta Euskal Herri osoan zabaltzen eta nazioartekotzen lagundu duena. Horrez gain, ikerlana aberasten ere lagundu du, elkartu egin baititu gure ikertaldeak eta UPV/EHUren eta Tecnaliaren beste ikertalde bikain batzuk. Amaitzeko, horregatik garrantzi gutxiago izan gabe, Euskampusak DIPCren ikerketa nazioartera zabaltzen lagundu du, Bordeleko Unibertsitatearekin tradizioz izan ditugun harremanak indartu eta zabaldu direlako, batez ere".

Amaitzeko, Tecnalia Korporazio Teknologikoko zuzendari nagusi Joseba Jauregizarrek honako hau esan du: "Ohorea da UPV/EHUri Euskampus proiektuan laguntzea, Tecnaliaren eta UPV/EHUren arteko lankidetza aberasten lagundu baitu, efektu katalizatzailea eginez osasun, material eta itsas energien arloetan, bereziki. Euskampus ezinbestekoa izan da, Tecnalia beraren I+G jarduera osatzeari begira. Ekimen honi esker, proiektu berriak (estrategikoak, traktoreak eta herrialde bokaziokoak) ezarri ahal izan ditugu batera, hala tokiko testuinguruan nola Europan. Euskampus baliagarria izaten ari da, gainera, Tecnaliako giza kapitala aberasteko eta indartzeko".

 

ARGAZKIA: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU