Behera egin dute kexek UPV/EHUn, aldezlearen txostenaren arabera
Itziar Etxebarriak unibertsitate defendatzailearen 2015eko txostena aurkeztu du Klaustroan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/02/25
Klaustro berria eratu ostean, Itziar Etxebarria UPV/EHUko aldezleak urteko jardueren txostena aurkeztu du Klaustroak gaur (otsailaren 25a) egin duen bileran. Txostenean irakur daitekeenez, "…behera egin du kexa kopuruak, eta, oro har, azken urtean izan ditugun arazoak ez dira hain larriak eta korapilatsuak izan".
Guztira, 131 pertsonak jo dute aldezlearengana (153, 2014an, eta 144, 2013an), eta 139 aztergai landu dira (164, 2014an eta 137, 2013an). Pertsonen eta aztergaien arteko aldea azaltzeko, kontuan izan behar da pertsona batzuek aztergai bat baino gehiago plantea ditzaketela, edo pertsona talde batek aztergai bat aurkez dezakeela.
Aldezlearengana jo duten 131 pertsonen artetik, 67 emakumeak ziren; 64, gizonak. "Azken urteetan, sexuen arteko proportzioa gero eta hurbilago dago UPV/EHUn sexuen banaketak duen egiazko proportziotik", adierazi du aldezleak. 139 aztergaietatik, 27 euskaraz planteatu dira; 111, gaztelaniaz; eta 1, ingelesez.
Kolektiboen arabera, ikasleek 67 aztergai planteatu dituzte; irakasle-ikertzaileek, 42; eta AZPko langileek 16. "Urte hauetako ehunekoak aurreko urteetakoak baino logikoagoak dira, azken horietan irakasleek zegokiena baino pisu handiagoa zutelako", adierazi du Itziar Etxebarriak. Gainera, UPV/EHUtik kanpoko 14 pertsonak beste horrenbeste aztergai planteatu dituzte, unibertsitateko arazoei buruzkoak (ikasketetarako sarbidea, plazak, etab.).
Aztergaiak era batekoak edo bestekoak izan dira kolektiboen arabera. Horrela, ikasleen kasuan, gai nagusiak hauexek izan dira: ikasleen ebaluazioa, irakaskuntza kudeaketa, ebaluazio berezia, bekak eta doktorego tesiak. Azken gai horri dagokionez, txostenean irakur daitekeenez: "bereziki nabarmendu den gai bat da, arlo horretan egin diren azken aldaketen eraginez, beharbada". Irakasle-ikertzaileen kasuan, gai nagusiak izan dira: ordezkapen plazak/poltsak, irakaslan banaketa eta osagarri gehigarriak; aldiz, behera egin du nabarmen "gatazkak lankideekin" kategoriaren maiztasunak. AZPko langileei dagokienez, lan baldintzekin zerikusia duten gaiak izan dira nagusi.
Campusen arabera, bulegora iritsi diren aztergaietatik, 63 Bizkaiko Campusetik heldu dira; 40, Gipuzkoatik; eta 22, Arabatik. "Campusen arteko proportzioa egiazko balioetara hurbilduz doa, 2015ean Gipuzkoako Campusak espero zitekeena baino presentzia handiagoa izan badu ere", irakur daiteke txostenean.
Aztergai motei erreparatuz gero, 84 kontsulta, 50 kexa eta 5 bitartekaritza eskaera jaso dira. "2015eko kontsulta kopurua 2014koaren parekoa izan da (83, 2014). Aldiz, kexa kopuruak behera egin du nabarmen, nahiz eta azkenean baietsi den kexa kopurua aurreko urtekoaren oso antzekoa izan den", adierazi du aldezleak. Izan ere, 2014n 21 kexa baietsi baziren (izapidera onartutakoen % 56,8), 2015ean 20 kexa baietsi dira (% 62,5). Baietsi diren 20 kexak bideratze lanetan pertsonek eta organoek emandako erantzunari dagokionez, "positiboa" izan da 18 kexatan, eta "partzialki positiboa", beste bietan.
Amaierako aholkuetan, aldezleak nabarmendu du badagoela bere horretan dirauen arazo bat: agintarien eta zerbitzuen erantzunik eza unibertsitateko kideek aurkeztutako errekurtso eta idatziei. Txostenean irakur daitekeenez: "Agintari eta zerbitzu askok bizkor eta behar bezala erantzuten badiete ere unibertsitateko kideek aurkezten dituzten errekurtso eta eskabideei, bada gure artean oraindik beste modu batean jokatzen duenik: hau da, era egokian, arrazoituan eta arrazoizko epean erantzutea aukera bat dela pentsatzen duenik, kasu batzuetan zertan egin ez dagoena. Beraz, komeni da argi esatea: erantzutea –eta zorroztasunez erantzutea– ez da aukera bat, betebeharra baizik". Bestetik, aldezleak gobernu taldeari eskatu dio "neurriak har ditzala, izapideak bizkortu eta erantzun epeak laburtzeko".
Azken gogoeta gisa, honako hau dio aldezleak: "Ez gaude –ezta hurrik eman ere– bulegoa martxan jarri zenean genuen egoera berean, nahiz eta ezin esan daitekeen gure unibertsitatea oasi bat denik, non arazoak garrantzi gabekoak diren. Aitzitik, inguruko beste unibertsitate batzuetan bezala, gure unibertsitatea ataka estuan dago, eta desmoralizazio zantzuak suma daitezke haren kideen artean". Gobernu zentralaren eta Eusko Jaurlaritzaren neurri batzuk aipatu ondoren, honako hau eransten du: "Unibertsitateko kide guztiok geure onena ematen jarraitu behar dugu, UPV/EHU unibertsitate publiko bikaina izan dadin. Dena dela, ahalegin horrek ezin izango du mugagabeki iraun, baldin eta ez badu botere publikoen babes eta laguntza handiagorik".