euskaraespañol

Zelula ametan oinarrituriko sendagaien garapena

NanoBioCel taldearen lanarekin, sendagaion funtzionalitatea hobetu eta substantzia terapeutikoak askatzeko gaitasuna areagotu daiteke

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/19

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko NanoBioCel ikertaldeak zelula amei egokitutako sendagaiak diseinatzeko eta garatzeko sistema biomimetiko bat garatu du; horri esker, sendagaion funtzionalitatea eta gaitasun terapeutikoa hobetu ahal izango da. Alternatiba terapeutiko horrek aukera asko ekar ditzake gaur egun tratamendu eraginkorrik ez duten gaixotasun kronikoetarako.

Zelulen terapia gero eta maizago erabiltzen da gaixotasunei aurre egiteko. Sendagai klasikoek ez bezala (konprimituak eta kapsulak, adibidez), botika berriok biomaterial eta zelula onenak konbinatzen dituzte, substantzia terapeutikoak askatzeko sistemak sortzeko. Zelula amak (edozein zelula motatan bereiz daitezkeenak) erabiltzeak izugarrizko aurrerabidea ekarri du, eta hainbat eta hainbat ikertaldek gero eta sarriago erabiltzen dituzte. Alabaina, zelula amen ahalmen guztia baliatu ahal izateko, haiek behar bezala garraiatu eta txertatuko dituzten sistemak diseinatu eta garatu behar dira.

Mikrokapsulazio zelularra, hain zuzen ere, substantzia terapeutikoak aska ditzaketen zelulak denbora luzez immobilizatzean datza. Zelula kapsulatuek jariatzen dituzten substantzien arabera, modu batera edo bestera aplikatuko da, eta patologia ugariri heldu ahal izango zaie.

Zelula amek beste zelula mota batzuek baino abantaila gehiago ematen dituzte, eta, horrenbestez, gero eta sarriago erabiltzen dira terapia zelularraren zenbait arlotan. Substantzia immunomodulatzaileak jaria ditzakete, sistema immunea eraldatzeko gai direnak. Gainera, substantzia horiek jasotzen dituen organismoak ez ditu arrotzat hartzen, eta, hala, beste espezie batzuetan txerta daitezke, sistema immuneak baztertu gabe. Bestalde, zenbait zelula motatan bereizten dira; hori dela eta, aukera gehiago ekar ditzakete leheneratzeko medikuntza bezalako beste terapia batzuk lantzeko.

UPV/EHUko NanoBioCel ikertaldeak, bere lanean, sistema biomimetiko bat garatu du genetikoki aldatutako D1 zelula ama mesenkimalak erabiliz, eritropoietina (EPO) jariatzeko. Zelulak immobilizatzeko erabilitako mikrokapsulak aldatu egin zituzten, atxikitze peptidoen kontzentrazio desberdinak erabiliz, zelulek gehiago iraun ahal izateko.

Lortutako emaitzek erakutsi zutenez, atxikitze peptidoa zuten mikrokapsulek hobetu egin zuten zelula ama kapsulatuen jarduna, EPO gehiago jariatu zuten eta. Horrez gain, egiaztatu zen diseinaturiko sistemek ez zietela kalterik egin zelula immobilizatuei, ezaugarri propioei eutsi baitzieten. Gero, bigarren fasean, mikrokapsulak animalietan txertatu eta esperimentuak egin ziren, ikusteko in vivo inguruneak nolako eragina sor zezakeen zelula ama kapsulatuen jokabidean. Azterlana saguetan egitean, ez zen alde handirik nabaritu atxikitze peptidoa zuten mikrokapsuletan immobilizaturiko zelula amen eta atxikitze peptidorik gabeko mikrokapsuletako zelula amen artean; dena dela, zelula gehienek bizirik iraun zuten saio guztian. Era berean, ikusi zen substantzia terapeutiko gero eta gehiago jariatu zela denborak aurrera egin ahala.

Gaur egun, hainbat taldek dihardute mikrokapsulazio zelularrarekin loturiko ikerketak egiten, saio klinikoak barne. Izan ere, alternatiba terapeutiko horrek aukera asko ekar ditzake gaur tratamendu eraginkorrik ez duten gaixotasun kronikoei aurre egiteko. Bestalde, aukera berriak zabaltzen dira zelula amak teknologia horretan txertatuta, sendagaiak jariatzeko sistemak eta leheneratzeko medikuntza errazago konbinatzen baitira.

Mikro eta Nanoteknologien, Biomaterialen eta Zelulen Taldea

NanoBioCel UPV/EHUko Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoko Laborategiko ikertaldea da. 2001. urtetik talde finkoa da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta José Luis Pedraz Muñoz katedradunak zuzentzen du. Teknologia farmazeutikoaren, terapia zelularraren eta biomaterialen arloan dihardu ikerketa proiektu garrantzitsuak egiten; bereziki, sendagaiak, peptidoak, proteinak, DNA eta zelulak modu kontrolatuan eta etengabean askatzeko sendagai berriak garatzen. Gainera, Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoko Laborategia 1997an sortutako Garapen Farmazeutikoko Unitatearen parte da; unitatea TECNALIAren atal bat da, eta Arabako Teknologia Parkean dago.

Erreferentzia bibliografikoa

Garate, A., Ciriza, J., Casado, J.G., Blázquez, R., Pedraz, J.L., Orive, G., Hernández, R.M. Assessment of the Behavior of Mesenchymal Stem Cells Immobilized in Biomimetic Alginate Microcapsules. Molecular Pharmaceutics. 2015eko aza. 2a; 12(11): 3953-62.

 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU